www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZORTZIGARREN BURUA

 

 

EMATEN DIOTE PORZIUNKULA

 

        «Berri onak, berri onak, nere semiak —esan zien Franziskok—. Mariak nai digu eman bere etxia eta bere anparo-pian bizi biar degu. Porziukula eliza maitagarria eman digute San Benitoren semiak, duda gabe Mariak ala nairik, eta geranok biar gera arara aldatu. Banua ni aurreneko nere lagunarekin eta itzegingo diot an daguan apaiz errespetagarriari».

        Au esan eta juan zan Santa Maria Aingeruen edo Porziunkulara, eta an eman zion aditzera orduan elizaren kontua zeukan apaiz Jaun Pedro Mazankoli, Jaungoikuaren serbitzari txit onari, nola leku ura utzi zioten San Benitoren semiak, izan zedin bere Ordena berriaren iturburu bezela. Poz aundi batekin idiki zion atia Franziskori Pedrok; laztan gozo bat emanaz, esan zion: «Nere desio guzia izandu da Maria ikustia gizonaz onratua ta alabatua leku santu onetan, nun ere aditzen dira aingeruen kantu zoragarriak». Au obeto adiazi nairik, deitu zion apaizak an inguruan bizi zan aiton bati, zeñak garbi aitortu zuan egia zala; nola gabaz aditu izandu zituan aingeruen kantu ederrak, an igaruan zijuala, beñ baño geiagotan. Aditu zuanian egi au, San Franziskoren biotza bete zan eta Mariaren alderako amoriua lenaz gañera sutu zan bere biotz onian.

 

 

JESUS TA MARIA
AGERTZEN ZAIZKA

 

        Gau batez, oraziuaren berotasunik aundienian, agertu zitzaizkan Jesus eta maria aingeruz inguraturik. Umill adoratu zituan aozpezturik esanaz: «O Jaun guziz santua, zeruko errege eta munduaren eroslia, nere amorio gozua! Eta Zu, o Aingeruen erregiña! Zer dala jeitxi zerate elizatxo onetara?» Aditu zuan itz bat: «Ni etorri naiz nere Amarekin, zu eta zure semiak emen jar-eraztera; zeren txit maite degun leku au». Au aditziarekin desagertu zan guziya. Santuak zion orduan: «Egiaz, egiaz leku santua da au; ez gizonak, baizik Aingeruak bizi biar luteke emen. Nik al detanaz, ez det emendik landara oñik mugituko. Au izango da, neretzat bezela, nere semientzat Jaungoikuaren ontasunaren seña».

 

 

RIVO-TORTOTIK ALDATZEN DIRA
PORZIUNKULARA

 

        Egun-sentian Santuak bialdu zuan bere laguna, an, Rivo-torton zeuden semien billa. Denak, Aita-lenaren esanaz, juan ziran Santa Maria Aingeruenera. Itzaldi onekin agurtu zituan Franziskok beriak: «Esker aundiyak, nere seme maitiak, esker aundiyak San Benitoren semiai, zeren eliza au guri ematian, nola dan au gero gure Ordenak izango dituan eliza guztien buru ta zimentarri, guztion esker onak merezi dituzten».

        Emen eskatu zioten jantzi santua aurreneko, Leon, Rufino, Maseo ta Juniperok. Ok denak txit aurreratu ziran santutasunian kontairak adiazten digunaz. Leon izan zan Santuaren Aita Espiritukua eta denbora berian sekretariua. Santu paregabe onen arretarik aundiena izan oi zan beren semien biotzian pobretasun dama maitiarenganako amoriua irazekitzia. Onetarako egiten zizten erakutsaldi txit egokiak. Esan oi zien: «Nere seme maitiak, ez gaitezen ezerengatik ere eskian ibilltziaz lotsa, zergatikan zeruko Errege azaldu zan lurrian (pobre) biartsu, eta au gure amorioz, bada gu ere beraren amorioz ala ager gaitezen. Zuazte, beraren bendiziuarekin, ta eska zazute Jaungoikuaren amoriuakgatik. Jaungoikuaren amoriua guk eskaintzen diegu! Zer gauza obiagorik eskain gentzaieguke? Au da egiaz zeruan ta lurrian dan aberastasunik baliotsuena. Atez-ate bildutzen dezuten ogia, da Aingeruen ogia, zeren kristau fede-dunen biotzak Aingeru onak mugi oi dituzte ematera». Onelako itz gozuekin alaiturik, pozik juaten ziran eskera eta itzultzen ziran are poz aundiaguarekin.

        Bein batian esketik etxeruntz ikusi zuan Franziskok bere seme bat alporjak beterik kantuz Jaungoikua alabatzen. Gustaturik aren etorrera alaiaz, kendu zion bizkarretik eskale kantariari alporja betia, eta, arturik bere gañ, juan zan bere semiak bildurik arkitzen ziran tokira, esanaz alaitasun ta aire aundi batekin: «Onalaxen nai det nik, nere semiak eskera jun ta etortzia, kontentuz beterik Jauna alabatuaz egiten dizkigun ontasunakgatik».

 

 

FRANZISKOREN SEMIAK
ZABALTZEN DIRA MUNDURA

 

        Eldu zan Franziskoren seme, Apostolu berri aiek, mundura zabaltzeko denbora. Jaungoikozko lan aundi oni ekin baño len, bildu zituan denak eta ikartu, examinatu zituban dotrinan. Txit egoki ta zuzen egin zituan bakoitzak bere itzaldiyak, maisu santuaren aurrian. Lan au bukatu onduan, Jesus, gazte eder baten antzian, agertu zitzaien guztien erdian, eta Franziskoren seme bakoitzari ontasun miragarriarekin eman zion bere bendiziua, eta, baimen ots-aundiko onekin alaiturik, abiatu ziran erriz-erri Italian kristau epel ta pekatari gogortuai Jaungoikuaren lege santua adiarazten. Utzirik batzuek Porziunkulan, aurkeztu ziran gaztiak artzeko, Silbestro Ordenako lenengo Apaiza bere lagun zuala, irten zan San Franzisko Toscanaruntz; Perusan jarraitu zion gazte batek bere bandera-pian bizi naiaz; izendatu zuan gazte ura Santuak «Anai Umilla». Ala izango zan ere.

        Beste gazte bat Gido zeritzana Santuaren itza adituta konbertitu zan Cortonan. Au bizitu zan txit santuki; egin zituan asko mirari, eta orain doatsuen artian Elizak kontatzen du. Cortona inguruan, Cela deitzen dioten tokian, jarri zuan etxe bat gaztiak artzeko.

 

 

IGAROTZEN DU GARIZUMA
OGI-ERDI BATEKIN

 

        Bi illabete igaro zituan inguru aietan. Alderatu zan garizuma. Gogoratu zitzaion Santuari, Silbestroren kontura utzirik etxia, bakardadian igarotzia denbora santu ura guziya. Joan zan bada Perusako umanzi, antziraren erdiyan arkitzen zan ugarte, islara. Bi ogi, beste janaririk etzuan eraman. Auster-eguna zan. Esan zion batelero bere adiskidiari etzeiola esan iñori nun zanik eta biurtu zedilla asteazken santuz. Nork adiazi lezake Franziskok orduan egin zuan penitentzia zenbaterañokua izango zan? Berrogeita bi egunian bi ogi eraman zituan aietatik baten erdiya baizik etzuan jan! Asteazken santuz, Celako praile-etxera zijuala, batetan altxatu zan ekaitz izugarri bat, zeña palakatu zuan gurutziaren señaliarekin. Laster zabaldu zuan batela zaliak Santuaren miragarrizko baraubaren otsa. Eta andik gerora jendia juaten zan bata bestiaren leian ugarte artara. Txit asko mirari egin zituan Jaungoikuak an, Santuaren merezimentuakgatik kristauen onerako, eta denborarekin Franzisko egondu zan txaolan egin zuten Ordenako eliz-etxe bat.

        Pazko onduan Celako praile-eliz-etxian izendaturik bat beste guztien buru, juan zan Arezzoronz. Igarotzen zan toki guzietan Santu birtutetsuak pakiak egiten zituan. Arezzon gurutziaren señaliarekin sendatu zuan aur bat oso makurtua. Emen gaizkitu zan, eta zerbait ongi jarri zanian Florenziara juan zan. Emen Cortonan ta Arezzon bezela zimentatu zituan Ordenako etxiak. Franziskoren semiak jendiak ezagutzen zituan bezela nai zituzten beren aldian ikusi.

 

 

JUAN PARENTEREN KONBERSIUA

 

        Florenziako errian konbertitu zuan gizon aberats ta jakintsu aundi bat. Au zan Juan Parente arau-jakina, juriskonsulto ospatua eta denbora berian Civita Castellanaka majistradu lena. Juan Parente irten zan erri ingurura arrats-alde batez, aize garbitara. Etxe baten ataritik igarotzian ikusi zuan zerri-zai bat, iñolako moduz bere zerri taldia ezin eiaraturik. Bat eira sartzen bazan, bestiak iges egiten zioten, eta onen ondoren zebillen artian, lenago sartu ziranak irtenik, okerreko aldera iges zijuazkion. Zerri-zaia zebillen jo batara ta jo bestera burua galtzeko eran. Alakorik batian aserre gorrian sarturik, ikaragarrizko oju bat egin zion zerri-taldeari: «Zerriak, ia eira; juezak infernura bezela». Itz au aditzian, abere umillak, ixil ta umill sartu ziran eian.

        Zerri-talde-zaiaren itza aditu zuan Juan parentek bere zorionerako. Abiatu zan geroz buruan erabilten Juez ta onen gisako lana dutenak zer ikuskizun ta kontu estua Jaungoikuaren tribunalian eman biarra izango duten, eta nolako arriskuan arkitzen dan anima, lan-modu orietan bizi dana, betiko galtzeko. Gogorazio gisa onetakuakin juan zan Florenziarunz Franziskorengana. Jaungoikuak argiturik ezagutu zuan zerk mugitu zuan Juan Parenteren biotza arengana juateko; ona zergatik aurreratu zitzaion esateko: «Aren Ordenan nai bazuan bizi, zituan ondasunak zabaldu zitzala pobrien artian». Seme bat zuan Juan Parentek eta artu zuten Franziskoren Ordenako jantzi santua Aita-semiak.

        Au izandu zan Ordenarentzat txit probetxu aundikua, zeren 1230'garren urtian Ordena guziko buru izendatu zuten eta txit guzien gustoz bete zituan praile guztien burutzak jartzen ziozkan egin-bidiak.

        Florentzian zeguala, iru mutil txiki, gurasuak lagun, juan ziran San Franzisko albistatzera. Aurrai pozgarri bat ematiagatik, artu zituan Santuak baratzako piko ondotik bost piko. Piko bat eman zion lenbizi zeguanari; beste bat bigarrenari; eta irugarrenari eman ziozkan iru, esanaz; «Tori, maite; zu egunen batian izango zera nere seme biotzekua». Adiazi bezela aurrez, denboraz gertatu zan.

 

 

QUINTABALKO ANAI BERNARDO

 

        Anai Bernardo lenbiziko aldiz Boloniara juan zanian, nola ango jendiak ez baitzuen iñoiz ere jazkera alakorik ikusi, zer zanik iñork etzion antzik eman. Ona zek mugitu zituan mutikuen mañak jostatzera anai Bernardorekin; zeñak beti prest daude lan ontarako. Batzuek tiratzen zioten buru-zorrotik; bestiak erotzat jorik egiten ziozkaten milla itxuskeri. Dena Jaungoikuagatik eramaten zuan anai Bernardok. Onen ainbesterañoko eramankizunak arritu zuan letradu bat. Aienaturik onek mutil taldia, alderatu zitzaion Bernardori, ta esan zion: «Nor zera zu?» «Ni naiz Asistik etorri naizen gizon penitente bat». Au esanta erakutsi zion Ordenako erregla. Irakurri zuan letraduak erregla, eta arriturik lenaz gañera, esan zuan ingurukuak aditzeko moduan: «Egiaz Nere bizitzan ez det bizi-modu egokiago ta santuagorik ikusi, gizon onen bizi modua baño».

        Letraduaren itzak jendiak aditu zituan bezela, jarri zan anai Bernardoren alde. Lenago kontra zituanak, oraiñ zituan bere alde; len menospreziatu zutenak, oraiñ zituan maitatzalle. Ainbesteraño onratu nai izan zuan erri ark anai Bernardo azkenik eze, bere umiltasunian, buruaz gainezko onra aiek ezin eramanik, bere Aita-lenari eskatu zion, gizonen itz leunak adituko etzituan tokira, leku alda zezala. Onelako bidiak, umillen bidiak; munduaz txit gutxi ezagutuak.

        Sartianoko praile-etxian, dio San Buenabenturak, gure Santuak gau batez oraziuan zeguala, aditu zuala ots bat, eta galdeturik zer nai zuan, entzun zituala itz oek: «Ezta munduan Jaungoikuaren errukia iritxi ez dezakian pekataririk; bakarrik dire penitentzi gogorregiekin beren buruak iltzen dituztenak». Ezagutu zuan Franziskok, zeruko argiarekin, diabruarena zala izkuntza ura. Beragatik tentazio ura aienatzeko, erantzi zuan soña, ta soka bat arturik zatitu zuan bere gorputza, esanaz: «Ea, anai astua, onelaxen i biar aiz tratatu ta ezi. Zer? Ezin dek eraman santutasunaren señale dan jantzi bat?» Au esanta laster, zeguan bezela gorri ta odoldua, bota zuan bere burua elurretara; ta gero, diabruari iseka ta parra geiago egitiagatik, egin zituan elurrarekin tontor batzuek, bere pamilia bazen bezela, adiazi nairik diabruari, etzeguala ura aren zirikai begiratzeko. Lotsaturik, lotsa aundirik ezpadu ere, aldegin zuan orduan diabruak.

        Milla berreun ta amaikagarren urtiaren ur-illetik milla berreun ta amabigarrenaren asierara asko lekutan predika zuan Santuak, bere itza sendotutzen zutela mirariak. Orobat egiten zuten bere semiak. Gazte taldeak zijuazkion Aita-lenari jantzi santuaren eske, ona zergatik ugaldu ziran denbora gutxian Ordenako etxe asko. Garizuma aurrian jo zuan Porziunkula Santuak bere espiritua berritzera.

 

aurrekoa hurrengoa