www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA AMAIKARREN BURUA

 

 

SAN FRANZISKO
DIABRUAZ AZOTATUA

 

        Erromako eginkizunak bukatu zituanian, erabaki zuan zelebratzia Jesusen jaiotza Grekioko basoko bakardadian; beragatik bere adiskide Juan Velitari eman zion aditzera bere asmua, ark egin zitzan biar ziran prestamenak, nai zan ordurako.

        Agur egin baño len Erromari, juan zan Santua bere adiskide ta ongille aundi Branca-leon Kardinalaren jauregira, Elizako prinzipe ari agur egitera. Anaia Anjel Tancredo arkitzen zan San Franziskoren baimenarekin Kardinalaren laguntzan, zeñak nai zuan beti iduki aldamenian San Franziskoren seme bat. Guztizko agur gozuarekin artu zuan Franzisko Kardinal jaunak, eta erregutu zion, arren, gelditu zedilla aren etxian egun batzuetako bederik. Ainbesteraño leiatu zan ezgeroz, iduri zitzaion zilegi zala gelditzia, jauregian bizi-biarra gauza pisua izanagatik San Franzisko pobriarentzat. Jauregian zan tokirik garaiena eman zioten, dorre batian, Franziskori ta bere lagunari, ezagutzen zualako Kardinalak bakardaderako Santuak zuan jaiera. Lenbiziko gaba igaro zuan diabruz txit tentatua.

        Ainbesterañoko gerra egin zion diabruak ezik, esateraño Santuak illko zutela inpernuko zitalak, bada gau artan txit gogor azotatu zuten, eta azkenik bota zuten lurrera zati-zati egiñik. Esan zien lagunai goizian, zer gerta zitzaion gabian, eta erabaki zuan jauregitik irtetzia; zeren esaten zuan; «Ni jauregian nagualako, duda gabe eman dio Jaungoikuak diabruari eskua, onenbesteraño ni zatitzeko. Nere semiak obi gisako gela txikietan, eta ni emen etxe eder onetan! Desegokeri aundia litzake ni emen egotia, eman biarrik nik nere semiai ejenplo ona». Beriala eskatu zion Kardinal jaunari andikan irtetzeko baimena, eta, bere osasun eroriagatik, astotxo baten gañian jarri zan Grekioko bidian. Orazioko orduak deitu zion Jaungoikuarekin itzegitera, ta, jeitxirik asto gañetik, asi zan bera oraziuan zutik, eta, ebi-jasa ari bazan ere, etzan toki-aldatu, ain gutxi oraziuaz aspertu. Errezatzen ari zala, gogoratu zitzaion, berak noiz-ere-bait egin zuan zurezko ontzi bat; etxeratu zanian, ontzi tira izan zalako orazio artako eragozpena, surtara bota zuan. Adiarazten zaigu emen, nola Santuak ere izan oi dituzten oraziuan gogoratze arrotzak, eta denbora berian nola dakizkiten orien gaiak desegiten, eta eragotzi al dezakiana orazio ondo egitia urrinatzen.

 

 

JUAN VELITA ETA
SAN FRANZISKO GREKION

 

        Bidiak eta denborale txarrak ondo nekatua, eldu zan Grekioko bakardadian arkitzen ziran bere seme penitentietara. Eguarri-bezpera zan, eta San Franziskoren adiskide Juan Velitak prestamen aundiak egiñik zeuzkan, Jesusen jaiotza zelebratzeko baso itzaltsuaren erdian. Aita Santuak, berriz, kristau guziak gonbidatzen zituan barkamen askorekin pesta artera. Olensaro gabian, jarri zuten poliki Jesus bat lastuaren gañian; eraman zituzten onen aldamenera asto bat eta idi bat, bizi-biziak. Alde guzietatik bidiak betian zetorren jendia, eta gau erdian asi zan meza kantatua, zeñian Franziskok kantatu zuan Ebanjelio Santua. Ebanjeliua bukatzian predikatu zuan «Errege pobriaren» sermoia. Sernioi guzian beste izenik etzion eman Jesusi, «Belengo aurrarena» baizik. Nork esan zenbateraño Santuaren biotza arkitzen zan orduan irazekia amoriuaren indarraz? Begiak josirik zeuzkan, lastuaren gañian zeguan Jesus aurraren gañ. Zeruko Erregeren pobretasun ta umilltasunak eragiten zion Santuaren biotzari gañez, eta begitik malko lodiak zerizkan, arpegi penitentziak desegiña bustitzeraño.

        Grekioko bakardadiak zeru berri bat zirudin, ango kantu zoragarriak, ango jendiaren arpegi alaiak azaltzen zutela beren barrengo poza. Franzisko, berriz, Jesusi kontutxuak egiten. Mirari aundi au ikusi zan meza bukatzian. Jarri zan Santua Jesusen jaiotzaren aurrian, gau artako misterio paregabia gogoratzen. Alatan zeguala, ona nun agertzen zaion aurtxo bat bizirik, lastuaren gañian, bere eskutxuakin ta parra txikiekin gonbidatzen zuala Franzisko ari begiratzera. Santua lenbiziko pozez beterik, aurrari begira zeguan, ta gero Jesus aurra artu zuan bere besuetan; adoratu onduan egin ziozkan kontutxuak. Mirari au askok ikusi zuten, ta ikusi zuten arteko bat izandu zan Juan Velita. Onela, Jesusek bere deboto Franziskori sariztatu zion orduan bertan, agertu zion amoriua. Mirari onen egia sendotutzen da eta duda guztiak kentzen dira gertaldi onen gañ, irakurten danian Jesus egondu zan lastuak, asko abere eri sendatu zituala. Jesus agertu zan toki artan, egin zan gero elizatxo bat.

        Denbora antan asko erlijioso bildu ziran Grekion, eta aien artian baziran Probintzien buru egiten zutenak ere, bakoitzak bere Aita-lenari zerbait kontsellu on eskatzeko asmoz gauza batian edo bestian. Egun aundia izanik Eguarri eguna, beste egunetan baño zerbait jan geixago ta arreta piskatxo batekin maniatua jarri zan otordurako. Franziskoren semiak egunari zegokion bezela, arkitzen ziran pozkidazko egun artan zerbait alaituago beste egunetan baño. Aita-lenak, aien espirituko onari begiraturik, adiazi nai izan zien egun santuak santuki nola biar ziran igaro, espirituari geiago begiraturik gorputzari baño. Maian zeudela, arturik Aita-len Santuak peregrino baten makill-txapelak, jantokiko atonduan eskatu zien umill ogi pixka bat gosia illtzeko. Aitaren itza ezaguturik guzien buru an egiten zuanek, agindu zuan anai peregrinua sartu zedilla barruna. Sartu zan umill Franzisko bere semien artera, eta eseri zan lurrian. Lurrian eserita jan zuan eman ziotena, gero, umiltasunezko ato eder au egin onduan, jeiki zan, eta egin zien itz-aldi bat guztiz ederra Jesukristoren pobretasunaren gañian. Orduan esan zien: egun santuak obeto zelebratzen zirala eguneko misteriuak buruan erabillirik, eta moduren batian idurikaturik misterio bakoitzian Jaungoikuak adiazi nai diguna. Beragatik Jesus aurraren jaiotza pobriaren egun santuan, erlijiosuaren katillurik aberatsena zala aren pobretasunian zerbait parte izatia. Era onetan gozo ta ezti adiarazi zien, berrogei ta amar eguneko baraubaren ondorian, etziotela begiramen geiegi gorputzari izan biar, eta egun bateko jan geiegiarekin, garizuma luzeko merituak etzirala galdu biar.

        San Franziskoren adiskide on Juan Velitak eman zion legorra Santuari gaua igarotzeko. Nola Santua aspaldian arkitzen zan gaitzaren mendian, on biarrez, lumaz betetako eun-zorro bat eman zion buruperako. Gau guzia igaro zuan beillari Santuak, luak begirik itxi gabe eta buruko miñez. Egun-sentian esan zion bere lagunari: «Lumazko burupe au ez dakit zer dan. Nik uste det diabrua daukala barrunian. Eramaizu emendik, bada eztigu paltarik egiten. Artu zuan anaiak lumazko eun-zorrua, eta, gelatik irten bazain laster gelditu zan ez atzera ta ez aurrera. Orduan Aita-lenak agindu zion obedientziaz itzuli zedilla atzera, ta instan bertan diabruak aldegin zuan. Ala zion Franziskok: «Atzo ezgeroz ortxen ibilli da nundik aterako ninduan pazientziatik diabru artetsu gaizto ori. Juan dedilla lotsaturik bere bidian. Eztu gurekin zer egin inbidiosu txarrak».

 

 

SAN FRANZISKOREN BIZITZAKO
PITXI BATZUEK

 

        Pazkua Espiritu Santuko denboran, oi bezela, zelebratu zuan beste Probintzialekin batera, Ordenako billera. Billera artan, anai Spirako Zesario Alemaniako Probintzialaren lekuan, izendatu zuten Pisako anai Alberto, len Inglatierran izandua. Billera artatik biali zituzten ere Urbinoko errira erlijioso batzuek, praile-eliz-etxia egitera, ango jendiak lagundurik.

        Urte artan predikatu zuan ere Bolonian, eta adiarazo zion erriari, Aita Santo Domingoren erreguakgatik, nola Jaungoikuak libratu zituan asko gaitzetik. «Asko aldiz —esan zien—, amenazatu zaituzte Jaungoikuak lur-ikarakin. Aurten bertan lur-ikarak bota dizkitzute etxe asko: lur-ikara oriekin eskatzen dizute Jaungoikuak biotza. Utzirik beraz pekatua, itzul zaitezte Jaungoikuarengana». Artan ari zala Santua, berriztatu zan lur-ikara, ta, alere, oñik mugitu gabe segitu zuan itzegiten. Boloniako jendiaren artian asko on egin zuan Franziskok, beste toki askotan bezela.

        San Franziskoren laguna beñ batez arkitzen zan biotz illun ta naigabe pisuarekin. Azaldu zion bere Aitari biotzeko pena ura. Pena ura zetorkion orazioko denboran, etsaiak asko tentatu ta zirikatzen zualako. Aita-lenak au jakitian, eginik lendabizi gurutze bat anai aren gañ, esan zion: «Alaitu zaite, nere anaia; ez izan beñere etsaiaren bildur; armatu zaite gurutziaz, eta gurutziaren señaliarekin desafia zazu etsaia, bada seguru dizut esaten: Garaimena zuria izango da».

        Aiñ zan aundia San Franziskoren Jesusenganako ta bere izenaren alderako jaiera ze, izen santu au aitatutzian, askotan gelditu oi zan Jaungoikuagan sortua, korda gabe, airian, eta izen onen gozotasunak ematen zion poza, irakurtzen zan, asko aldiz, aren arpegiko alaitasunian. Aitarengandik ikasi zuten San Franziskoren semiak Jesusen izenari jaiera au izaten. Gure Odenako asaben antzera izan deiogun guk ere.

        Egun aietan gertatu zan Cataneoko anai Pedro, Ordenako lenbiziko Vicario Generalaren eriotza, Santa Maria Aingeruenian, Martxuaren bigarrenian, milla berreun ta ogei ta lauan. Bizitzan txit gizon santua izan zan bezela, ill ta gero ere ala azaldu zan. Gorputz santuari eman zioten obi egokia, eta une artatik bere biziko mirariak adiarazi zuten aren santutasuna, len esan degun bezela.

 

 

SANTA KLARAREN ERREGLA

 

        Asisko Klara bere alabakin bizi zan San Damianen, ikusi degun bezela. Eskatu zion Franziskori Klarak, bere semiai eman zien moduko erregla bat beretzat ta bere alabentzat. Gai onen gañ itzegin zan Ugolino Kardinalarekin, eta bien artian izkiribitu zuten amabi burutan erregla bat, guztian San Franziskoren semiak dutenaren antzekua. Kontairak dionez, erregla ura izkiribitzen ari ziran denboran, Ugolino Kardinal jaunak egin zuan negar gogotik, ikusirik emakume pobretxo aiek, zein bizi-modu latza ta gogorra nai zuten eraman.

        Erregla onetan itz banaka batzuek baizik etziran jarri Kardinal jaunaren aginduz; ala aditzera eman zuan Inozentzio laugarrenak, erregla sendotutzian. Badire oraindik Klararen alabak, erregla au gordetzen dutenak. Geroz zerbait, urtien buruan, izandu zan arindua Aita Santu Gregorio bederatzigarrenaz, Inozentzio laugarrenaz ta Urbano laugarrenaz. Txit dago erregla au jakinduri aundiarekin izkiribitua. Asko da gogoratzia San Franziskori Jesukristok nola eman baizion erregla bere semientzat, ta, onen antzera egiña izanik Santa Klararen alabak gorde biar zutena, beraren zerutikako jatorria ezagutzeko. Anai Elias Bikariuari utzirik Santuak Klara ta bere alaben kontu arretatsua, artu zuan Cortonaruntzko bidia. Denboratsu artan Ugolino Kardinalaren erreguz, biali zion Santuak Santa Isabel Hungriako erregiñari, soñian berak erabiltzen zuan kapa.

 

 

SAN FRANZISKOREN ESPIRITUA

 

        Utzirik piska bateko pekatariai predikatzia, juan zan Santua Cellako praile-etxera, zeña arkitzen zan Cortona inguruan, bakardadian bakarrik Jaungoikuarekin itzegiñaz, berritutzera bere espiritua, lenaz gañera Jaungoikuaren amoriuan sututzera, bere amorio guztia Jesusi berriro eskaintzera. Aiñ da gauza biarra animen salbazioko lan eder ontan eguneko orduak neketan igarotzen dituztenentzat, noizik beiñ bañu berri but espirituari bakardadian ematia. Gure Aitak, berak lenik eginarekin, nai digu erakutsi beste ainbeste egiten. An zeguala, etorri zitzaion gogoa bakardade aundiago baterako, eta erabaki zuan Albernako mendira juatia. Bañan, nola juan zitekian? Indarra biar zan bidegiteko, eta Santua guzia argaldua egonik, agindu zuan billa zekiotela astotxo bat. Astorik etzuten arkitu, nunbait etzan asto-lekua. Ekarri zioten zaldi bat, eta, konbertitu ezgeroz, lenbiziko aldian ta azkena, eta orduan ere ezinbestian, zaldiz jarri zan Albernako bidian.

        San Franzisko eraman zuan zaldiaren prenuak, mirari aundi bat egin zuten. Andre bat arkitzen zan txit gaizki bere sabeleko aurra ezin argitara emanik. Santua eraman zuan zaldiaren kabristuak, jarri ziozkaten oian bere onduan, eta beriela jaio zan aurra erraztasun aundiarekin.

        Albernako mendiaren egi bat ikuste utsak Franziskoren biotzian piztu oi zuan amoriozko su bizia. Eldu zan mendi santuaren oñera, Golgota berriaren gañera igotzeko. Arkaitz bakoitzak gogaitzen dio Jesus maitiaren pasio santua. Ez da an arririk, ez aitz idikirik, ez eta ere arkaitz zartaturik, gizonaren biotzeko gogortasuna zenbaterañokua dan azaldutzen ez dionik. Ozta Santua urbildu zan, alderatu mendi artara, arrazoiak gidatutzen bazituen bezela, irten zioten bid-erdira txoritxuak, beren modu inozentera ongi etorri kantuzkua egiñaz. Beñ jartzen zitzaizkan sorburuan, bein juaten zitzaizkan eskura, lenago beste batian aitatu nuen bezela. Ezagutu zuan Santuak Jaungoikuak bere mandatari bialtzen ziozkala anai txoriak, adiarazotzeko ontzat artutzen zituala mendi artarunz eman zituan pausuak, anai Leoni esan zion bezela. Igo ziran Jaungoikozko gogorazio santuetan, biotzeko poz aundi batekin, mendiaren tokirik garaienera. Lenago bizitu zan gelatxuan egin zuan oraiñ ere bere egoitza. Paguaren adar osto xabalen erdian mirotza oraindik bizi zan, ta bere kantu neurtuarekin adia ematen zion Jaunaren serbitzariari goizian goizetik, Jaungoikua alaba zezan. Nork lezakian orain adiazi, gure santuaren biotzeko amorio ederra zenbat irazeki zan egun aietan? Lenago biotzak gañez egiten bazion, orañ biotz ura, nolakua egon biarko zuan? Laster zerbait ezagutuko da, Jesukristok Franziskoren gorputza bost arrosa usai gozokoen antzeko zauriakin apaindutzen duanian.

        Noiz nai ikusten zuan bere lagunak airian, lurra oñakin jotzen etzuala. Asko aldiz, bere biotzeko amorio santuaren indarraz, txit goraturik egoten zan. Ikusi izandu zan, zuaitzik garaienaren azkeneko adarraren puntaren puntako ostua ez jo, bai jo oñarekin, airian guziaren gañian. Ori baño geiago: Ikusi izandu zan, egaztirik aundiena bezela, airian egatzen, eta anai Leon gizon santuak bere begiakin ezin ikusteraño airian galtzen. San Franziskoren seme au gelditzen zan orduan, Jesukristo zerura igo zanian apostoluak zeruronz begira gelditu ziran eran, noiz agertuko ote zan bere Aita-len santua.

        Arri zabal bat zeukaten mai orde. Aren gañian ertzen zuten, bizitzeko doi-doi biar zan jana. Bein batez arriaren gañian agertu zitzaion eserita Jesus, eta itzegin zuan San Franziskorekin. Orduan esan zion Jesukristok, Ordena santuak iraungo zuala munduak dirauben arte. Ordutik gerora, etzuan San Franziskok nai izan arri aren gañian, errespetuaren aundiz, Jesus aren gañian egon zalako, iñoiz ere jatia. Agindu zion anai Leoni: garbitu zezala arri zabala urarekin, arduarekin, esniarekin, oliuarekin eta balsamu usai gozokuarekin. Baño nola anai Leonek etzeukan ainbeste gauza, bakarrik untatu zuan oliuarekin esanaz: «Jaungoikraren aldaria da au».

 

 

SAN FRANZISKOREN
BEDERATZI GARIZUMAK

 

        Ondo deritzot izango dala emen jartzia gure Santuak egiten zituan barur luziak, bere semiak iduki dezaten Aita maite au ispillu gisa begien aurrian egite guzietan. Bederatzi garizuma urtian egiten zituan San Franziskok. Lenbizikua zan Elizarena, kristau fededunak egin biar dutena. Bigarrena Espiritu Santuarena, Pazko-asteazkenetik Espiritu Santuaren etorrera arteraño. Bigarrena Apostoluena, Espiritu Santuaren etorreraren zortzigarrenetik San Pedro bezpera arteraño. Laugarrena Asuntziokua, San Pedro bigaramunetik Ama Birjiña zerura igo zan pesta arteraño. Bostgarrena San Migelena, Ama Birjiña zerura igo zan pestatik San Migel arteraño. Seigarrena Santu guztiena, San Migel egunetik Santu guztien bezpera arteraño. Zazpigarrena Jesusen jaiotzarena, Santu guztien biaramunetik Eguarriak arteraño. Zortzigarrena Errege santuena, San Esteban egunetik Erregien eguna arteraño. Bederatzigarrena Jesukristoren barauaren izenian, Erregen biaramunetik berrogei egun segituan. Onela, urte osuan, esan genezake gure Aita-lenagatik, egiten zuala barur.

 

 

SAN FRANZISKOREN
BENDIZIUA

 

        San Franziskoren lagun anai Leon arkitzen zan egun aietan txit tentatua diabruaz eta espirituko illuntasun aundi batian. Bere Aita-lenaren itz gozo batek uste zuan desegin zezakiala tentazio ura. Ekararazi ziozkan tinta-lumak Santuak, eta eman zion izkiribuz bendizio eder au, letra misteriotsu Tau, T, zeña dan gurutze bat, lenbizi egiñik: «T: launak bedeinka ta gorde zaitzala, agertu deizula bere arpegia eta urrikaldu dedilla zuzaz; zuganunz izan dedilla bere begiramena, eta pakia deizula eman; Jaun Jaungoiko guzia al duanak bedeinka dezala anaia Leon. Ar ezazu, nere semia, paper au eta indartu zaite etsaiari arpegi emateko... Ozta artu zuan bendizio au berekin, aldegin zion tentaziuak eta gelditu zan espirituko sosegu aundian. Geroztikan Santuaren deboto askok eraman oi dute bendizio au berekin, eta libratu izandu dira animako eta gorputzeko gaitz aundietatik.

 

 

URRE GORRIZKO IRU DIRUAK

 

        Maria zeruko Erregiñaren zeruetara igo zan egunaren egun batzubez aurretik, utzirik bere gelatxua, irten zan bakardade aundiago baten billa mendi artan, eta arkitu zuan aitz-tarte bat guztiz toki bakarrian. Antxen, San Migelen onran urtero egiten zuan garizuma erabaki zuan aurten an igarotzia. Artarako bere ikasle leial anai Leoni agindu zion, egunian beiñ, eta orduan illunabarrian, eraman zeiola ogi-pixka bat eta ura; eta ar-zuluan sartu baño lenago, eman zeiola adia esanaz: Domine, labia mea aperies; eta erantzuten bazion: et os meum annuntiabit laudem tuam, sartu zedilla; baña erantzuten ez bazion, etzedilla sartu. Egin zuan agindua anai Leonek. Asko aldiz ordia etziokan erantzuten Santuak, eta arriturik itzultzen zan atzera, eta etzion erantzuten zeren Jaungoikuarekin egoten zan, espiritua gorputzetik bereziturik bazeukan bezela.

        Bein batez anai Leonek aitz-bitarte batetik kirik eginik, ikusi zuan San Franziskoren buru inguruan guztizko argi ederra, eta Santua bera norbaitekin itzegiten bazeguan bezela, lurrian aozpezturik, aditu ziozkan itz oek: «O Jauna! Zein zera zu eta zein naiz ni? Zu guztien ontasuna, Zu kriatura guztien Jabia. Ni berriz pekatari errukarri bat eta lurraren gañian dan arrik itxusiena». Ikusi zuan gero, nola, aozpezturik zeguan tokitik, jeiki zan, eta, iru aldiz eskua sarturik bere bularrian, luzatu zuan aterarik gero argitasun artara. Argi ura zerbait asi zanian ezkutatzen, nai zuan anai Leonek kiriketa utzita aldegin ixilik, baño oartu zuan Santuak, ta, deiturik beregana, errieta gozo bat egin zion, an ikusmiran egon zalako. Umill artu zituan anai Leonek Aita onaren esanak, eta gero galdetu zion: «Nere Aita, ikusi detan ezgeroz zer igaro dan, biar dit guzia azaldu gertatu dan bezela; biar dit esan Jaungoikuaren amorioagatik». Jaungoikuaren amoriua izanik giltzarik egokiena San Franziskoren biotzeko atia idikitzeko, itz onezaz baliatzen da anai Leon, jakiteko bere Aita-lenarengandik igaro zan guztia.

        «Nere semia —erantzun zion—, zu begira zeunden denboran, Jesukristok eman dit Jaungoikuaren izatiaren misterio aundi onen ezaguera; ona zergatik, guztia arriturik diadar egin detan: Zein zera zu, latina, eta zein naiz ni? Gero esan ziran Jaunak, bere eskutik ainbeste mesede artu nituan ezkeroz, zer emango nion orien paguan? Eta erantzun nion: Ni guzia zuria naiz, eta zer neioket eman nik, ezpadet mundu ontako gauzarik? Orduan agindu ziran sar nezala eskua kolkuan. Sartu nuan, ta arkitu nuan urre gorrizko diru bat, eta beriala eskañi nion. Au egin nuan iru aldiz. Eman ziran aditzera Jaungoikuak, iru diru aietan aditu biar zirala aren laguntzarekin jarri nituan iru Ordenak; bai eta ere Ordena santu orietan egiten diran iru itz-ematiak, botuak».

 

 

DIABRUAREN ERRABIA

 

        Oraiñ esatera nuanetik ateratzen da, zeiñ aundia zan diabruak San Franziskorentzat zeukan gorrotua. Arkaitz-zulotik zeru ederra ikustera irten zan batian, bide-txior estu-estuan zijualarik kontuz, zeren alde batera mendiaren ondotik ebakia zeguan arkaitz gogorra, begiratze utsak begiak ezkeltzen zituana, une artaz baliatu nai izan zuan inpernuak Franziskori bizia kentzeko. Agertu zitzaion bada diabrua Etiopiako beltz baten itxuran, eta, andikan beera amildutziagatik, indar egin zion Santuari arturik gurrunztik. Bañan «Jesus!» esanikan, eldu zion Franziskok arkaitzari, eta une berian arri gogorra bigundu zan argizagia bezela, biatzen seña arrian utzitzeraño. Laster aldegin zuan diabru zitalak.

 

aurrekoa hurrengoa