www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA AMAIRUGARREN BURUA

 

SAN FRANZISKO ERIA

 

        Eskuz-esku, oñez-oñ, biotzez-biotz Jesusek zauriturik Franzisko, bere antzeko egokia egin ezgeroztik, oñaze askoren erdian ta ongi penaturik neketan bizi zan. Jaungoikozko erida oezaz gañera, biali ziozkan Jesusek beste asko eritasun, zeñak jarri zuten Job Santu bat eginik; bada etzuan alderdi sanorik, ta beragatik besteren eskuaz baliatu biarrian. Keja ordez esan oi zuan itz au: «Jesukristo, nere amoriua, gurutzian josia izandu zan». Duda gabe, gogorazio onekin gozatutzen zituan bere miñak. Egun batetik bestera bere espintua berritutzen ari zan eran, gorputza ari zitzaion erorten. Batetik etzion lanari barkatzen, eta bestetik gorputz guziko oñaziak osoro kimatu zituzten aren indarrak. Eritasun guzien artian mingarriena begitako miña zuan. Ainbesterañoko negarrak erre ziozkan begiak eze, andik sortu zitzaion berebiziko gaitza begietan. Ez egunaz eta ez gabaz, etzion oñaziak utzitzen begirik ixten. Penatzen zion biotza, ezin juan zalako, lenago bezela, predikatzera. Pena guztien erdian arkitzen zuan poz aundia bere begi erietan, negar egiteko aña gauza zirelakoz. Ona zergatik etzuan nai izan egin erremediorik, sendaturik ikustiagatik, bere semiak egin nai izan arren.

        Ugolino Kardinal eta anai Eliasek nai zuten egin alegin guzia sendatziagatik. Esaten zioten Santuari artu zitzala erremedio sendagarriak. Anai Eliasek, berriz, esaten zion ez zezala ainbeste negar egin. «Ai, anai Elias nere semia, ez dezazula ori esan! Nola ninteke egon, Jesusen Pasiuaz oroituta, negarrik egin gabe? Ezta begizko argia galtzen badet ere. Guztia izango da eltxuakin bat degun gauza galtzia». «Bai. Aita; utzi biar digu miñ ori zerbait arintzeko moduak egiten». Alde batera ikusten zuan zer gora-bera aundia zijuakion Ordenan Aita-lena galtziarekin; beste aldera, ura miñez ikustiak ematen zion pena. Au zala bide, ezin zutenian alkantzatu Santuaren baimena, beste arrazoi guztiekin, baliatu zan anai Elias, Ordenako buru izatiak ematen zion eskuaz, agindutzeko bere Aita-lenari, utzi zedilla sendatzen.

        Etzuan bigarren aldian agindu biarrik izan. Bertatik umill jarri zan San Franzisko anai Eliasen agindura, eta eraman zuten San Damiana. An ipiñi zuten, Santa Klarak eta aren alabak sendatu zezaten eran, gelatxo batian. Izendatu zituan anai Eliasek lau lagun, egon zitezen San Franziskoren aldamenian. Oek ziran: anai Maseo, anai Rufino, anai Leon eta Rietiko anai Angelo. Asi ziran erremediuakin, bañan alperrik, etzioten miña kentzen. Berrogei egunian egondu zan berebiziko oñaziak supritzen. Zerbait desneke artu zuanian berriz, arratoi taldiak etziokaten sosegurik ematen. Oe gañera ta noranai igotzen zitzaizkan. Ezagutu zuten, Santua pazientziatik atera nairik, diabrua zebillela.

 

 

JAKITEN DU SANTUAK
SALBATUKO DALA

 

        Ainbeste miñez inguratua zeguan eze, Jaungoikuari egin zion umill orazio au: «Nere Jaun Jaungoikua, bota ezazu begiratu bat niganunz ta lagundu zadazu. Indazu laguntza, nere eritasunak eraman ditzadan pazienkiro». Beriala aditu zuan itz au: «Franzisko, zeren truke diteke eman, zeruko erreinua irebazten duan gauza? Jakin ezazu, bada, oñaze oriek dirala lurrak bere erraieten dauzkan aberastasun guziak baño balio aundiagokuak. Mendiak urre gorrizkuak balirazke ere, eta itsasoko urak balsamu usai gozokuak; oriek emango balitzaizkitzu ere, etzinuzke zure oñaziak oriekgatik eman biar». «O Jauna! Neroni ere uste orretantxen nago. Badakit bialtzen diaztatzula oñaze oek, nere pekatuen arrastuak desegiteko osoro, gero beti izan nadin Zurekin zeruan». Alaiturik biotza zeruko itzekida eder onekin, saltatu zan oietik eta deitu zion Klarari: zeña, nola egoten baizan ere miñez, nai zuan zerbait itz gozorekin alaitu, Jaungoikuaren gogua zan bezela, guzia eramatera Jaunaren amorioz.

        Artan zeudela eldu zitzaien otorduko denbora ta eseri ziran maian. Bat-batean, altxaturik begiez zerurontz, egin zuan oiu: «Bedeinkatua, gloriatua ta goititua izan zaitia, Jauna». Au esanik, bota zuan aozpez bere burua lurrera. Ordu bat osua igaro zuan alaxen mugitu gabe. Kordaratu zanian gero, anai Leonek onginaiaz zerbait adiazi zion, etzela txit egoki maitik ala jeikitzia. Erantzun zion Santuak: «Nola ez nintzan jeikiko? Ni bizi naizan arte, eztiozu iñori esango, Jaungoikuak agertu dit une artan, salbatuko naizela. Leon, nola egon nintekian pozaren aundiz Jaungoikua alabatu gabe? Nik nai det beti Jaungoikuaren izen santua alabatu». Orduan egin zuan «Eguzkiaren kantua», nun ere gonbidatzen ditu kriaturak, eta Jaungoikua alabatzen du oekgatik. Eguzkiaren kantu au liburu onen azkeneko orrietan arkitzen da.

        Denbora artaen, Asisko aundizkiak arkitzen ziran bata bestiaren gorrotuan, eta paketu zituan Santuak, bitarteko jarririk bere burua. Orduan egotzi zion bere eguzkiaren kantuari zortzigarren kopla, zeña dan batek bestiari barkatutzen dionarena.

 

 

SAN FRANZISKO
ETA SENDATZALLIA

 

        Ikusten zuten etzala batere sendatutzen Franzisko. Au zala bide, agindu zuan anai Eliasek eraman zezatela Foliñoko errira toki-aldatziak on egingo ziolakuan. Foliñon piskatxo bat arindu zitzaizkon oñaziak. Agertu zitzaion anai Eliasi, lo artian, aitona beneragarri bat, Obispuen eliz-modura ta zuriz jantzita. Onek esan ziokan oraindik bi urtian Aita-lenak sufritu biar zuala, eta gero igaroko zala bizitza obera, nun ere bukatuko ziran oñaziak betiko. Au esan zion San Franziskori, eta berak ere beste ainbeste jakin zuala erantzun zion. Berri au artu zuanian, Eguzkiaren kantuari egotzi zion eriotzaren kopla, zeña da bederatzigarrena.

        Ez eriotzak, aiñ gutxi oñaziak etzuten izpi batez atzeratzen San Frantziskoren espiritua. «Betoz —esan oi zuan— oñaziak; betoz; nik eramango ditut guztiak, Jaungoikuak lagundurik eta Bere graziak indarturik». Foliñoko sendatzallia, medikua, agertu zan Santuarekin txit ongille ta prestu: pagatu zituan erremediotarañokuak bere dirutik. Gure Aita-lenaren biotza, beti esker-on-emalle izanik, beste ainbesterekin al bazuan pagatu zion. Esan zien bere semiai gonbida zezatela bazkaltzera. Erantzun zioten: «Nola genezake gonbidatu? Gure miserian, zer emango diogu? Gure sendatzallia da gizon aberatsa, ta arentzat diño ez daukagu ezer». «Gonbida zazute —esan zien berriz—. Gure berri ongi daki, eta zer emana ere izango da». Gonbidaturik gelditu zan aien artian sendatzallia, eta jarri zioten maia, al zuten garbien eta modurik onenera. Bazkaltzen asi ta laster deitu zuten atonduan. Deitu zuana zan. Santuaren andre ongille bat. Legua ta erdi urruti bizi zan batek bialtzen zuan mandatari, xexto bat gauza onekin. Ala zion Santuak: «Esaten nintzuten nik, Jaungoikuaren probidentzian txit fede txikia daukazutela».

        Itzak itz-bidia emanik, otorduko denboran ari ziran Franziskoren santutasuna neurtutzen. «Zuek berarekin bizi zeratenak ere —zion sendatzalliak—, ez dezute oraindik ezagutzen zenbateraño aundia dan orren santutasuna. Etxe berri bat egin det orain, eta orma, pareta bat idiki zat, uste det baldin baneuke edozer Santuaren gauza, daukat fedia, nere etxiaren txirritua itxiko lukiala». Au aditzian, ekarri ziozkaten Santuaren ille batzuek. Jarri zituan zirrikartian illiak gaur bezela, eta urrengo goizerako arkitu zan etxia nun idiki zen ezagun etzala. Onela pagatu zuan San Franziskok bere ongillia.

 

 

SAN FRANZISKOREN
ADITU EZ BEZELAKO
UMILLTASUNEZKO
EGITE MIRAGARRI BAT

 

        Zerbait arindu zitzaizkanian oñaziak, eraman zuten Santa Maria Aingeruenera. An zegualarik, nai zituan itz gozo batzuek trokatu bere seme zarren anai Bernardo Quintabalkuarekin, zeña bizi zen basamortuan, beti Jaungoikuaren gauzetan. Eraman zuan beraz eskutik bere lagun batek Quintabalko anai Bernardo zeguan bakardade artako etxolaren atondora, zeren bakarrik ibilteko txit gutxi ikusten zuan. Deitu zion atonduan Santuak Santuari: «Nere anai Bernardo, atoz itxu pobretxo au konsolatzera». Bernardo arkitzen zan orduan korda galtzen dan oraziuan, eta etzion Aita-lenaren deiari idiki belarririk. Iru aldiz deitu ta erantzun etzionian, illundu zitzaion biotza zerbait. Uste zuan anai Bernardok desobeditu ziola, eta andik irteten zanian, zerbait esan nairik ark egin zuan utsegitiagatik, agindu zion bere lagunari eraman zezela elizatxora, jakin zezan zergatik etzion erantzun anai Bernardok. Agindu zion gero bere lagunari aldegin zezala pixka bat andik: au agindu zion, zeren iñoren aurrian etzion iñori bere utsegitia adiarazten, nun da etzan agiriko obenen bat. Bakarrik gelditu zanian aditu zuan itz bat zerutik: «Gizontxua! Zergatik illuntzen zera eta nastutzen? Gizonak biar du edo ez, Kriatzallia kriaturagatik utzi? Anai Bernardo, zuk deitu diozunian, nerekin zeguan itzegiten». Lotsatu zen Santua itz au adituta. «Nik zer egin det? Deitu diot Jaungoikuarekin itzegiten zeguanari!» Beriala, deiturik bere lagunari, abiatu zan basuan Bernardoren billa. Arkitu zuten beziñ aguro, belaunikatu zen, ta aozpezturik gero, eskatu zion barkaziua. Baña etzan artan gelditu Franzisko. Ordenako buru izatiak ematen zion eskuarekin, ortzaz gora etzinik lurrien, agindu zion oñazpiratu zezala eta pasa zeiola oña auan. Bere Aita-lena alatan ikusita, anai Bernardok eman zion negarrari. Baña agindu zion, eta, nai ta ez, egin biar zuan agindua. Alere egin baño len, somatu zuan egiaz modu miragarri au beste baterako ere, eta esan zion onela bere Aita-lenari: «Aita maitia, obedituko diot gustora, baña nik esana biar du egin ere emendik aurrera». Baietzko itza aurrena atera zion Franziskori, eta gero esan zion: «Bada emendik aurrena topatzen nazun tokian, itzegingo didazu gogor nere utsegitiak arpegira botiaz». Au esanta, penaz ta negarrez jarri zion oña San Franziskori auaren gañian, eta igaruan pasa zan. Beinguarekin ordia libro gelditu zan, Santuak alako gauzak agintzetik.

        Nola itz eman zion anai Bernardori topatzen zuan lekuan bere utsegitiak arpegira botatzeko, ordu artatik igesi ibilli oi zan San Franzisko anai Bernardoren, au ez egitiagatik.

        Birtutia da artetsua. Ibilli oi ziran Santuak, ta ala dabiltz, nun-nai ta nundik umillatzeko gaia arkitu. Galdetu lezake emen batek, nola etzion utzi Jaungoikuak anai Bernardori, Aita-lenak deitu zionian, izanik au aren buru, eta ura egonik oni obeditzera biartua. Oar bedi ordia irakurlia, etziola Bernardori Santuak deitu buru zen eskuarekin, bañan bestelaz ta adiskidetasunaz; zeren biartu balu obedientziaz, une berian Jaungoikuak utziko zion, asko aldiz askorekin ikusi dan dan bezela.

 

 

PITXI BATZUEK

 

        Ugaldu zitzaizkan gorputzeko gaitzak, eta, egunetik egunera, zijuazkion aituaz indarrak. Umoriak nastuta gorputz eroria batetik, bestetik berriz etsaiaren ziriak, illundu zuten egun batian. Ona zerengatik bere seme, soñu neurtua ongi jotzen zekian bati, esan zion billa zezala gitar bat, eta arentxen soñuarekin alai zezala. «Aita —erantzun zion onek— ez ote da gero norbait eskandulatuko?» Au aditzian esan zuan: «Utzi zazu, utzi; naiago det iñori gaizki pentsatzeko bidia ematia baño, illuntasun au sufritu». Gau artan, lo artian, orra nun Aingeru batek desiatzen zuan soñua jotzen dion. Denak aditzen zuten soñu bat gozua ta biotz alaigarria, eta soñularirik etzan agiri. Illuntasun lenagokuak, egin zioten leku, Santuaren biotzian, espirituko atsegin gozo ta eztiari.

        Denbora aietan gertatu zan beste gauza bat guziz miragarria. San Antonio Paduakua ari zan Arezion, probintziko billerari itz-aldi bat egiten. Ura arkitzen zen orduan, San Franzisko zeguan tokitik txit legua askoz aparte. Eman zion San Antoniok asipena itz-aldiari itz oekin: Jesus Nazarenus Rex Judaeorum. Esan zitekian itz oekin deitu ziola bere Aita-lenaren espirituari; zergatikan, San Antonio ari zan denboran itzegiten, ikusi zuten, bai San Antoniok, eta bai anai Monaldok, San Franzisko airian, besuak gurutzian zituala beren aurrian. Egi au San Antonioz ta anai Monaldoz gañera, Franziskok berak aitortu zion anai Leoni, nola egun artan bertan Jaungoikuak jarri zuan Arezion ikusi zitzan bere semiak. Ez gaitu ezertxok ere au sinistatzetik atzeratu biar, zeren gure Santua ez dan bakarrik Jaungoikuak onela jarri izandu duena bi toki, bata bestiagandik txit apartekuetan, une berian. Aita San Antoniorekin berarekin berretan gertatu zan beste ainbeste.

        Ezin itz gutxian azaldu diteke, biar aiña, Franziskoren biotzeko gozotasuna bere semiakiko. Aitarik onenak bezela zekian begiratzen bere semien espirituko eritasunai. Iñor illun bazan, Aita-lenak kentzen zion illuntasun au itz gozuakin. Tentazioz inguratua arkitzen bazan iñor, azalduarekin Franziskori, egiten zan erremediuaren jabe. Denbora artan bada, beste askoren artian, ongi probatu zuten Santuaren birtute aundi au anai Rufinok eta anai Riteriok, zeñek arkitzen ziran etsaiaz txit persegituak ta tentatuak; Santuak jarri zituan, bakoitzari zegokion sendagaiarekin.

        Anai Eliasen alegiñak, Santuaren eritasunak sendatzen, etziran txikiak. Jakiñik Rietiko errian sendatzalle txit adituak ta artetsuak zeudela, nun ere orduan Aita Santua bere Kardinalakin ta kortiakin zeguan, eraman zuten Santua aruntza ere. Ozta zabaldu zan errian San Franziskoren etorrera, erri guzia asaldatzia izandu zan, zeren nai izan zuten denak irten bid-erdira. Au Santuak jakitian, ezin bere umiltasunak toki emanik onra ura, guztia aienatziagatik jo zuan San Fabiengo erri txikira, Rietitik txit aldera. Ostatuz jarri zan apaiz-etxian. Laster Rietiko aundizkiak, Kardinalak ere bai, utzi zuten zeuden erria, San Fabiana juateko, Santua ikustiagatik. Gertatu zan, ok guziak Santuarekin itzegiten zeuden bitartian, aien morroi ta bide-lagunak apaizaren maastiari txit albiste alai ta gozua egitia. Maatsak pagatu zuan ederki. Kimatu zuten ta soildu maastia arron ta garbi.

        Jende talde ark guztiak aldegin zuanian andik, apaiz jaunak agertu zion bere pena Franziskori esanaz: «Zu nere etxera etorri zeralako, orra zer kaltiak dituztan. On-aurki guztia jan dirate, eta aurten ez nezaket ardorik egin». Galdetu zion Santuak: «Eta zenbat ardo izaten dezu urtian?» «Ondotxo». «Egizu nik esana: Txar guztia ongi bill-ezazu ta jarri zazu tolarian». Agindu bezela Santuak, egin zuan apaizak, ta sekulan baño ardo geiago ta ederragua izandu zuan urte artan.

 

 

SUAK ERRESPETATZEN DU SANTUA

 

        Milla berreun ta ogei ta bostgarrenian, udazken aldera, sartu zan Rietin. Begitako oñaziak beti irauten zion, eta, artekuen iritzian, sendatuko bazan, biar zitzaion egin, belarriaren goenetik begirunz, burni gorituaz. Lan penagarria au izango zala gizonarentzat, ez genezake dudan jarri. Goritu zituzten burniak. Franziskori ikusi utsak ikara eragiten ziokaten. Itxoiten zion oñaze aundia eramateko, alaitu nai zuan bere burua. Ona zergatik itzegin zion suari onela: «Nere anaia, Jaun txit goikuak eman dizu guzizko edertasuna, eta egin zaitu biarra guretzat. Ergai ontan, bada, mesedez on biar diazu egin. Erregutzen diot, zu egin zaituan Jaungoikuari, zure berotasuna palaka dezala nik eramateko moduan... Au esan eta egin zuan gurutze bat suaren gañ. Jarri zan animoz ta egin zioten egin biar ziotena. Sartu zioten burni goritua belarri gañetik betintxetaraño, eta etzuan senti izan oñazerik ta miñik.

        Bukatu zutenian, lan ura ez ikustiagatik aldegin zuten erlijiosuak, itzuli ziran. Esan zien Aitak: «Nere anaiak, alaba zazute Jaungoikua, zergatik egiaz esaten dizutet eta aitortutzen det, ez detela sentitu ez suaren berotasunik, ez eta ere miñik. Eta zuek, zertako aldegin dezute emendik? Ustelak ta fede gutxikuak zerate». Sendatzalle artetsuak berriz, arriturik ikusi zutenarekin, zioten: «Egiaz gaur bai ikusi degula geok mirari aundia».

 

 

SANTUAREN NEGARRAK

 

        Eritasunian bezela, ondo zeguanian, berdin egiten zuan San Franziskok negar. Egiten zuan ordia ugari bere pekatuakgatik, berak zionez; bañan, egiaz, ondo garbiturik zeukan biotza. Gorputzian bizi geranok, nola gentzakegu izan osoro Jesus bildots garbiaren antza, asko aldiz egunoro paltatzen degunok? Gogorazio era onetakuetan arkitzen zuten aren negarrezko malkuak beren itur-burua. Ederki erakusten digu onekin nola gure obenen kutsuak biar ditugun garbitu, nola guztiak desegin.

        Pobriaz urrikaldurik egin oi zuan ere negar. Jakin zuan beiñ andretxo bat zeguala gosiak eta erdi larru-gorrian atonduan. Aditu zituanian aren negarrak, berak ere egin zuan negar arekin batera. Agindu zuan beriala, azturik bere buruaz, eman zeiotela andretxo ari berak soñian erabiltzen zuan kapa, ta gañera ogia naikua gosia kentzeko. «Esaiozu —agindu zion mandatariari—, bere pobretasuna neria baño aundiagua dalako, beriak dituala ogia eta kapa; beragatik ez deitala eskerrik eman, zorra pagatzia ezta limosna egitia; bai ordia pobreguari al duanetik al duanak al duana ematia». Zer erakutsaldi ederra itz gutxian badere!

 

aurrekoa hurrengoa