www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA ZAZPIGARREN BURUA

 

 

EMATEN DU ITZA
BERE BIZI GUZTIKO GOGORATZE,
ITZ TA EGITIAK EGITEKO
BETI JAUNGOIKUA SERBITZEKO ETA
BERE GLORIARIK AUNDIENERAKO

 

        Milla berreun ta ogei ta batian, Porziunkulako barkamena alkantzatu zuanian Aita Santuagandik Perusan, itzuli zan Santa Maria Aingeruenera. Bakardadian nola naiago zuan bizi beste edozein tokitan baño, aukeratu zuan, mendian zeukaten etxian, gelatxo bat, lekurik bakarrenian zeguana. An egunak, an gauak dituan orduak igarotzen zituan oraziuan. Bere biotzeko amorio sutuba beti zeguan antsiaz, Jesus maitiarenganako amoriua are geiago gartu nairik. Jesusen pasio ta eriotza zeuzkan galdu gabe begien aurrian, eta Maisu Dibinuaren atsekabe ta min guzizkuak; aren neke ta izerdiaz gogoraturik, Franziskoren begiak galtzen zuten beren edertasun berezkua, negarrak errerik. Ainbesteraño eragiten zion negar Jesusen biotzeko amorio aundiak! Kejatzen zan bere buruaz, ain gutxi Jesus maitatzen zuelako, eta asko aldiz, irtenik mendiko bakardade artan gelatik kanpora, ematen zion agitz negarrari, eta aren biotzeko zotin eta antsiak mendiko arkaitzak erantzuten zien batak bestiari.

        Gau batez bazebillen amorioz eroturik bezela, ta bere buruaz lotsaturik, Jesus gutxi maitatzen zualako. Buruan zebilkian, Jesusek, bere odolaz gizona erostiarekin, zein mesede aundia egin zion. Onenbesterañoko amorrua Jaungoikuak dio gizonari agertu! Alere, gizonak ain gaizki Jaungoikuaren amoriuari erantzutiak, penaren aundiz biotza lertutzen zion, eta egiten zuan negar ta negar gogotik. «O Jesus! —esaten zuan—; Zer nezaket egin, zure gogokua dan gauzarik? Baña nik, lurreko ar bat izanik, zer nezaket egin? Eskaiñi nintzaitzun naizan guztia, baña onetan ere zuria eztanik ez dizut eman. O Jesus! Zer nezaket egin, nire gogokua dan gauzarik? Zor aundia dizut Zuri, eta ez dakit zor au nola pagatu! Esan zadazu, Jauna, nola agertu nitzaiokian esker onekua». Jaungoiko urrikaltsua oroitu zan bere serbitzariaren nekiaz. Agertu zitzaion Jesus eta esan zion: «Franzisko, nere gogua egiteko ara zer egin biar dezun: bizi zeran denbora guztian zure gogoraziuak, zure itzak eta zure egite guziak nere serbiziorako eta nere onra ta gloriarako izan ditezela». Franziskoren biotz penatua poztu zan guziz mesede onekin. Egun-sentian juan zan anai Angelo Guardianarengana eta esan zion umill: «Anai Anjel, bart agertu zait Jauna, eta mesede txit aundi bat egin dit. Bizi naizan arte guztian, nere gogoratze, itz eta obrak egin ditzatala Bera serbitu, onratu eta gloriaz betetzeko. Orain, ba da, Jaungoikuak egin ditan mesede aundiari obeto erantzuteko, eta bere gogo santua obeto betetzeko, nai nuke zure eskuetan itz-emate, boto bat egin. Au da: nai diot nere Jesus maitiari agindu, itz-emanik, nere gogoratze, itz eta egitiak izango dirala, bizi naizan artian, Bera serbitu eta onratzeko». Izanik txit aditua anai Anjel animeko gauzetan, etzan atrebitu esaten baietz, eta deitu zituan beste sei erlijioso birtute aundikuak, eta, guztien iritzia ikusi-eta, seiren aurrian eta bere Guardianaren eskuetan, egin zuan itz-emate au: «Nik ematen diot itza Jaungoiko guzi-al-duanari, bere graziaren laguntzarekin, bizi nazan artian, nere gogoratze, nere itz eta nere egite guztiak izan ditezela Jaungoikuaren serbiziorako, eta egingo dituztala bere gloriarik aundienerako». Guztientzat izan zan miresteko gaia San Franziskoren eskaintza au. Ordu ura ezgeroz, lenaz gañera, ikusten zan Santua beti Jaungoikuagan sortua. Etzirudian mundu ontakua, baizik Aingeru bat gizonaren antzarekin. Bere begiak negarraz bustirik, biotza amorioz beterik, eta negar eginagatik, bere arpegian, begian ezpada, etzan ezagutzen negar egiten zuanik. Bere seme-anaiei egiten zizten guziz itz-aldi biotz-mugigarriak Jesukristoren pasio ta eriotzaren gañ.

 

 

GARAITZEN DU ETSAIA

 

        Inpernuko etsaiak egiten zion gerra ikaragarria. San Franzisko zeguan mendiko bakardade artan, oiu izugarri eta diadar ta irrintzi illunak egiten zituan gabaz diabruak. Ala, ezin bestian, etsai gaiztuak irrintzika adiarazten zuan Santuari zion gorrotua. Santuaren biotz amorosua geiena somintzen zuana zan, ikusi biarrak diabruak artzen zituan itxura txar asko. Bein batian anai Gilek arkitu zuan santua txit antsiatuba, eta esan zion anai Gili: «A anai Gil, nere semia! Zein zitala dan diabrua! Uzten dio Jaungoikuak ni atsekabetzen, agerturik itxura gaiztuan. Egiaz esaten dizut, aiñ itxura bildurgarriak artzen dituala, eta aiñ dala ikaragarri ta itxusia bera ikustia eze, ezta gizonik Pater noster bat esateko denboran begira egon leiokionik, ikaraz ta bildurraz gelditu gabe ill-otzik: nun-da eztion Jaungoikuak laguntzen, niri laguntzen diran bezela».

        Etsai inpernuko au garaitzeko, Santuaren arma indartsuak ziran gurutziaren señalia, Jesusen izena esan eta Aita Guria, orazioetan onena dan bezela. Arma oekin desegiten zituan diabruaren artemañak.

 

 

SAN FRANZISKOREN
URRIKALMENTUA

 

        Gero ta maitiago egiten zitzaion bakardadia gure Aita-len maitagarriari. Iru aldiz utzi zuan denbora puska batian bakardade ura, jeisteko praile-etxiaren atondora. Bein amona bat, bi erlijiosoren ama, bere biartasun aundi edo bizi-biarrak eraman zuan atondo artara. Bakardadian bazeguan ere, guztiaren berri bazekian. Amona artaz urrikaldurik jeitxi zan, eta esan zion Guardianari lagun zeiola, arren, amona arri, bere ezin eginian. Erantzun zion ark: etzeukala ezertxo ere emateko. O zein pobre bizi ziran! Oroitu zan norbait koruan arkitzen zala Eskritura Sagraduko liburu bat. Santuaren naia izan zan uraxen ematia, arren baliuarekin amonatxo ura balia zedin. Konturatu biar da irakurlia, denbora artan gisa artako liburuak asko balio zutela.

        Beste bein pobre bat arkitzen zalako atonduan zerbait estalgarriren eske, bere buru erdi larru utsa estaltzeko, jeitxi zan ere Franzisko menditik. Abiatu zan Santua zerbait arropa billatzen ote zuan ari emateko, eta etzuan arkitu. Orduan erantzi zuan berak soñian zeukana, eta asi zan alde erantzian zituan arabakiak askatzen. Ikusi zuanian Guardianuak, zer lanetan ari zan, eragotzi zion biar-gai ura. Altxatu zan Franzisko obedituaz, eta besarkatu zuan pobre ura, esanaz; «Ariketa zerbait onentzat ekarri arte, eztiot utziko». Orduan nundik edo andik sortu zuten zerbait estalgarri. Zenbat maitatzen zituan pobriak!

        Irugarren aldiz utzirik bakardadia, jeitxi zan beste pobre bati laguntzeko, zeña bazter guziak madarikatzen ari zala ikusi zuan, kapa ostu ziotelako. Au ere aguro ixildu zuan Santuak, bera kapa gabe gelditu bazan ere.

 

 

SAN FRANZISKOREN UMILLTASUN
ADITU EZ BEZALAKUA

 

        Ongi deritzat izango dala emen jartzia gure Santuak anai Leonekin izan zituan bi itz-erantzute miragarri, Fiorettik dakartzianak. Dakar onek, zortzigarren buruan, nola bein batez Perusatik Santa Maria Aingeruenera anai Leonekin zijuala negu gogorrian, otzak zerbait erasanak, San Franziskok deitu ziola anai Leoni, zeña zijuan aurreraxiago, era onetan: «Nere anai Leon, naiz leku guzietan eman dezatela praile txikienak beren santutasunaren marka eta egin usai gozozko egitiak; izkiribitu ezazu arretaz, egiazko poza eztaguala orretan». Andik bide-puska batera deitu zion berriz: «O, Anaia Leon! Naiz praile txikien batek argia eman itxuari, eta gorrai adia; naiz elbarriai mugitza eman, ta mutubai itza; naiz errenai ibiltzia eman, eta demoniua daukanari pake egiazkua; itz batez, naiz lau eguneko illak piztu, izkiribitu ezazu, ez daguala orretan egiazko poza». Andik laster egin zuan diadar aundi bat: «O, anai Leon! Baldin praile txikienak balekizki izkuntza guztiyak: jakinduri ta eskriturak balekizki; aurrez asmatu ta adiarazo balitzazke etorkizuneko gauzarik ezkutuenak, baita ere espirituko eta kontzientzietako gauzak, izkiribitu ezazu, ez daguala orretan poz egiazkua». Andik aurrerago berriro deitu zion agitz: «O anaia Leon, Jaungoikuaren arkumetxua! Praile txikienak Aingeruen izkuntza ere baleki, gañera balekizki izarren bidiak, lurreko belarren berri ta aberastasunen; ezagutuko balitu txori, arrai, abere, gizon, zuaitz, sustrai, arri, ur eta iturri guztien indar eta bakoitzaren oitura ta bidiak, izkiribitu ezazu, ez daguala jakinduri onetan egiazko poz egokia». Andik laster berriz: «O anai Leon! Jakingo balu ere praile txikienak ain egoki predikatzen, ainbesteraño eze mundu guzia fede santura erakartzeraño... izkiribitu ezazu, ortan ere ez daguala poz egokia».

        Onela legua erdi bat bide egin zuten, ta azkenik galdetu zion anai Leonek, arriturik, bere Aitari: «Aita, Jaungoikuaren partetik esaten dizut, erakutsi dazula niri zertan daguan poz egokia». Erantzun zion Aita-lenak: «Gu Santa Maria Aingeruenera eldutzen geranian, gauden bezela bustita, lokatzatuak, otzak ta gosiak, eta atonduan deituta, atezaia datorkigunian guzia aserreturik galdetzera: zein zerate or?, eta erantzunik guk: zuetako bi gera; orduan esaten digunian: gezurra; bi gaizto zerate eta zuek; mundua engañatzen zabiltzatenak eta pobriai beren jana ostutzen. ebatsen, juan ortik, esan-ta utzitzen gaituanian atiaz kanpotik ebitan ta elurretan, otzak eta gosiak gau guztian; baldin orduan txarkeri au eramaten badegu marmariza gabe Jaungoikuagatik, ate-zaiagatik esanaz umill eta ongi ezagutzen gaituala bai, baña Jaungoikuak alaxen naiko duala, o anai Leon!, izkiribitu ezazu, onetan daguala poz egiazkua ta egokia. Eta baldin eta guk berriro deituko bagendu atian, eta, ate-zaia irtenik erio suarrian, joka eta dollorkeri aundiarekin gaizkille batzuek bezela botako baginuz kanporu andik, esanaz: Juan ortik gaizto zikinak, eztago emen zuentzat ez janik eta ez aterperik; zuazte eritegira eta emazute pakia; au guzia guk atseginaz eta amorioz eramango bagendu, o anai Leon!, izkiribitu zazu, emen daguala poz egiazko ta egokia. Eta baldin gosiak ill biarrian eta gabeko otzak, asiko baginake, arren bada arren, negarrez ta erreguz ateleka-atelekaren gañ, esaten, idikitzeko Jaungoikuaren amoriuagatik, eta guzaz urrikaldurik sartu gaitzala barruna; atezaia orduan berriz len da gero baño aserretuago etorriko balitzaigu, esanaz: Arranuen kastak! Nik emango dizuet merezi dezuena!, eta irtenik bordoi aundi bat eskuan, ta arturik gu kaputxatik, bota lurrera, eta, elurretan amilkaturik, autsiko balizkigu makilaz ezurrak, eta guk au guzia eramango bagendu Jesukristo gure Jaunaz oroiturik ta aren penaz eta gurutziaz pazientziarekin, gogoratuaz guztia biar degula supritu bere amoriuagatik; o anai Leon!, izkiribitu zazu, ementxen daguala egiazko atsegin ta poz egokia. Beragatik aditu zazu orain emendik atera biar degun azkena: Jesukristo gure Jaunak bere adiskidiai ematen dizten Epiritu Santuaren doai ta grazi guziaz gañ du, nork bere burua garaitzia ta gogoz supritzia edozein pena, txarkeri ta atsekabe Jesukristoren amorioz, zeren beste Jaungoikuaren doai guztietan ezin ginezke poztu, Jaungoikuarenak diralako eta ez diralako guriak, esaten degula apostoluarekin: Zer daukazu Jaungoikuak eman ez dizunik?, eta Berak emana izanik, zu zertako poztutzen zera zerorrena balitz bezela daukazun ona? Baña gurutzeko atsekabe ta estu-larrietan, bai, poztu ginake, esaten degula Apostoluarekin berarekin: Nik eztet poztu nai beste gauzetan Jesukristo gure Jaunaren gurutziaz ostian».

 

 

BESTE GERTALDI BAT

 

        Esan detan liburuan, bederatzigarren buruan, beste gertaldi au dago jarria. Franzisko arkitzen zan beñ batian anai Leonekin errezatzeko liburu gabe; eldu zan maitinak errezatzeko ordua, ta esan zion anai Leoni: «Nere anai maitia, ez daukagu maitinak errezatzeko libururik; begira zer egin biar degun denbora au Jaungoikua laudatzen igarotzeko: nik galdatuko det eta zuk erantzungo dezu, oraiñ erakutsiko dizutan bezela; arretaz ikasi itzatzu nere itzak. Onela esango det nik: «O anai Franzisko! Zuk ainbeste gaiztakeri eta pekatu egin zinuzan munduan, zu zera inpernuaren diño». Erantzun zion anai Leonek. «Eta Jaungoikuak ainbeste on egingo du zugatik eze, zerura juango zera». Esan zion Franziskok: «Ez orrela esan, anai Leon, ez orrela; baizik nik diotanian: anai Franzisko, zuk ainbeste gaiztakeri egin dituzu Jaungoikuaren kontra eze, Jaungoikuaren madarikaziuaren diño zera; zuk orduan erantzun biar dezu: egiaz madarikatuen artian jartzia merezi dezu; egiaz madarikatuen artien jartzia merezi dezu». Anai Leonek esan zion berriz: «Txit ondo da, Aita». Orduan San Franziskok, golpe aundia bularrian emanaz ta negarrez, esaten du: O zeru-lurren Jauna! Nik zure kontra ainbeste gaiztakeri ta pekatu egin izan ditut eze, betiko zuk madarikatziaren diño naiz». Anai Leonek erantzun zion: «O anai Franzisko! Jaungoikuak bere bedeinkatuen artian modu berezian egingo zaitu bedeinkatua». San Franzisko arriturik guztiz bere seme anai Leonek aginduaz kontra erantzuten ziolako, seriotasunarekin esan zion: «Zergatik ez diazu erantzuten, nik erakutsi bezela? Biartzen zaitut bada, obedienziaren azpian, erantzun dezazula nik erakusten dizutan bezela. Nik esango det: «O anai Franzisko gaiztua! Uste dek Jaungoikua itaz urrikalduko dala, ainbeste pekatu ire Aita urrikitsu ta ire Jaungoiko atsegin egiazkuaren kontra egin onduan, zeñak ez aute egiten bere urrikiaren diño? Zuk berriz, nere anai Leon arkumetxua, erantzungo dezu: iñolako moduz ere ez aiz Jaungoikuaren urrikiaren diño». Baña San Franziskok esan zuanian: «O anai Franzisko gaiztua!...» erantzun zion: «Aita Jaungoikuak, zeñaren urrikia da azkengabia, zure pekatua ez bezela, izango du zurekin urriki aundia, eta gañera izango ditu zuretzat beste mesede asko». Au aditzian gure Aita aserre, gozo badere, larri eramanaz, esan zion anai Leoni: «Zergatik trebetu zera aginduaren kontra erantzuten, ainbeste aldiz aginduta?» Umill ta errespeto guziarekin erantzun zion anai Leonek: «Zergatik? Nik eztakit, Jaungoikuak daki; nere Aita, nik erantzun nai izan detan guzian, zuk agindu bezela nai nuan erantzun; baña Jaungoikuak berak nai bezela esanarazten dit, eta ez nik nai bezela». Mirestu zan San Franzisko eta esan zion anai Leoni: «Arren bada, nere anaia Leon maitia, nai det orañguan nik nai bezela erantzutia». Erantzun zion nai Leonek: «Agindu, Aita, Jaungoikuaren izenian, egiaz orainguan erantzungo dizutala nai dezun bezela». Orduan San Franziskok dio negarrez: «O anai Franzisko gaiztua, uste dek Jaungoikuak ire urrikia izango duala?» Anai Leonek erantzun zion: «Ez bakarrik ori, baño oraindik grazia aundiyaguak artuko dituzu Jaungoikuagandik: gooratu eta gloriatuko zaitu betikotasun guziyan; zergatikan beeratzen dana, izango da gooratua; eta nik ezin esan det besterik, zeren Jaungoikua itzegiten dan nere aotik». Espirituko errieta gisa onetan, negarrez igaro zuten gaua, eguna zabaldu zan arte.

        Nork leiokian eman aditzera mundu arruari, zenbateraño zan aundia gure Aita-len Franzisko Santuaren umiltasuna. Arkitzen zan lekuan ta edozeinekin birtute au zeukan beti begien aurrian. Pobre gogozkuak, egiyaz ala izatera, beste gauzarik ez lezake antsiatu. Atsegin da alabaña gogozko pobriarentzat umill agertutzia. Au ez egitera, bere pobretasuna izan diteke ez oso gogozkua izatia, edo len gogozkua zana, orain ukatzia. Gogozkua ez dan pobretasunak, ez du meriturik beste mundurako izango. Gutxi dira pobre gogozkuak, asko izanik munduan pobriak. Nai ta ez nai pobre diranak, egin beze alegina gogoz pobre izateko, Jaun Zerukuak bere pobretzat nai baditu ezagutzia. Aberastasunak Zeruko bidia ertsitzen duten bezela, pobre izatiak lasatzen du. Obe da milla bider pobre bidegin lasa, aberats ta estu eta neketan bidegitia baño. Nai badezu jakin bide onetan nola ibilli, ispillu ederra daukazu San Franzisko baitan. Pobre izatia nai duanak, zeru aberatsa saritzat izango du.

 

 

SAN FRANZISKO TA BILDOTSA;
TXIRRISKA ETA TXORI KANTARIYA

 

        Uniilla ta pobria zan Franzisko, eta ona zergatik Jaungoikuaren kriatura guziak beren nagusitzat ezagutzen zuten. Abere, txori, egazti, arrai ta txingurrietarañokuak berak, San Franziskoren agindua egiten zuten. Esan zitekian Adanek paradisuan oetan izan zuan eskua bera pekatuan erori baño len, igaro zala, senipartetza bezela, Franziskorengana.

        Ekarri zuten egun batez Franziskori bildots bat. Aski zan au ikustia Jesukristoren mansotasunaz oroitzeko. Guziya zekian Santuak santutasunera eramaten. Bildots ura denbora askuan iduki zuan beraren onduan. Berari jarraitzen zion zijuan tokira; baita elizara ere. Bañan elizan, orañgo asko kristau baño, arrazoi-duna ezpazan ere, kriatura guztien egillearen eta guzien Jabiaren aurrian egon oi zan. Meza santuko denboran batez ere, umill ta ixil, aurreko bi belauntxuak egotzirik lurrari, burua makur ta belaun koxkotxuen gañian, adoratzen zuan Jauna. Berdin egiten zuan Mariaren iduri bat ikustian. Beragatik maite zuan San Franziskok bildots ura eta ark Franziskori egiten ziozkan bere kontutxuak. Alabatu beze kriatura guziak beren Egillia!

        Txirriska bat Santuaren gela inguruko zuaitz batian zeguan kantari. Onen kantuak askoren belarriak kilikatzen baditu ere, Franziskorentzat izandu zan Jaungoikua alabatzeko gaia. Deitu zion txirriskari beregana, juan zitzaion eskura, eta, agindurik kanta zezala, kantatzen zuan bere burua desegiteko zorian. Zortzi egunian juan izan zitzaion eskuetara, eta azkenik, Santuaren baimenarekin, egatu zan mundu zabalera, bere urte laburretan Jaungoikua alabatzera.

        Anai Leonekin San Franzisko jaten ari zan batian, txori kantariya ari zan kantari zuaitz baten adarraren puntan. Santua txoriaren kantuak jarri zuan berari begira, eta esan zion anai Leoni. «Ikusten dezu garbi eta ederki, kantatzen duan txoriak zer eta nola kantuz alabatzen duan Jaungoikua? Gu ere gonbidatzen gaitu beste orrenbeste egitera. Ea, anai Leon, kanta zagun guk ere». Erantzun zion anai Leonek: «Nere eztarria baño legunagua nai luke, orrek bezela kantatzeko, ta aditze piñagua. Kanta beza beorrek, nik baño boz gozuagua du ta, nik beetik lagunduko diyot». Asi zan Franzisko kantuz Jaungoikua alabatzen, txoriarekin txandan. Eguardiyan asi ziran kantari, eta eguzkiya sartu arte kantuzko dema onek iraun zuan. Azkenik San Franziskori txoriak irebazi ziyon. Ezagutu zuan txoriya geiago zala bera baño, eta au izan zan Santuarentzat umillatzeko gaia, gogoratzia egaztitxo ura geiago zala Jaungoikua alabatzen, bera baño. Deitu ziyon txoriyari ta juan zitzaion eskura: ta, ongi nai aundiarekin igurtzirik, leguntzen zuan txoria esanaz: «Nere anai txooritxua, irebazi diazu: ni baño geiago zera». Eman ziyon jaten txori kantariari, ta azkenik bere bendiziua.

 

aurrekoa hurrengoa