www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA SEIGARREN BURUA

 

PORZIUNKULAKO
BARKAMENAREN ASIERA

 

        Eztu ezagutzen gogo erabakiak eragozpenik. Denbora berian gogo erabakiak sendo ditu gauzak artutzen, bein erabakia daki betetzen, eta ariketa bete arte lanari eztio barkatzen. Au ikusi zan San Franziskoren egite guztietan. Onek animak eskatzen zituan zerura eramateko. Izanik gizontxo bat ezer gabia, nola eramateko zerura eskatzen dituzu animak? galde zitzaikion Franziskori. Baña ez: Aita-lenari etzaio artu biar konturik. Begira ezpada ongi, irugarren Ordena jartzian, zer zan bere asmua. Mundo guzia nai zuan salbatu. Prestatu ziran artarako bakardadiak: baña da ezin ditekian gauza eta eragozpen berezkua guziyak bakardadian bizitzia; eta beste aldetik bakardadian ezin bizi zitezkienak ere, nai zuten salbatu. Bazekian zerurako eginak ginala denak, eta aiñ zan benazkua aren karidadia ze, gizon guziak nai zituan zorionekuak zeruan ikusi. Au izandu zan bide, irugarren Ordena jartzeko; da esatia, egin nai izan zuala, bidia zerbait zelaitzia, munduko arazuen artian bizi biarra zutenai. Egin zuan au. Baña bidia zelaituagatik, biar zan bidia oraindik bigundu ta gozatu. Elorri, arantzak bide zelaietan ere zulatzen dute, kentzen ezpadira, eta ez gutxi. Onek ematen zion aditzera, gezona egonik beti lurrerunz makurtua, aisa erortzen dala pekatuan, eta nola pekatuak berekin daraman, bere frutu bezela, zor aundi bat, gogoratu zitzaion Santuari, zor ura pagatzeko modua egitia gizonari, izango zala iñoiz gizonak goguan erabilli duan karidaderik aundiena au egitia. Egin zuan au ere. Baña nola? Orain azalduko dan bezela.

        Milla berreun ta ogei ta batian, Urrilleko gau batez, oi bezela jarri zan gure Aita-lena oraziuan. Aingeru bat jarri zitzaion aldamenian, eta nola Santua ari zan Jaungoikuari pekatariakgatik errezatzen, orazio au izanik beti Jesus maitiaren gogokua, Aingeru Jesusen mandatari leialak esan zion: «Zuaz Franzisko, elizara; an itxoten dizute Jesukristok eta Maria bere amak, zeruko mandatariz, aingeruz, inguratuak.. Nork esan Franziskoren biotzeko sentimentuak albiste eder onen guzizkua artzian? Gozotasun ta bildur santuaren erdian, sartu zan Porziunkulako elizan. Zeru bat zirudin orduan eliza ark; ta egiaz ala zan, zeren an arkitzen ziran zeruko Errege-Erreginak. Jesukristo eta Mariaren aurrian ikusi zanian Franzisko, errespetuaren aundiz aozpeztu zan lurrian. Orduan Jesukristo gure Jaunak esan zion: «Franzisko, animen salbaziorako agertzen didazun naitasunak esan arazten dit, eska idazula oen alde, mesede bat, baldin nere izenaren loriarako bada».

        Ainbeste miragarrizko argitasunen erdian ona zer eskatu zion Franziskok Jesusi: «Gure Aita txit santua, pekatari errukarri bat banaiz ere, indazu arren, eliz au bisitatzen duten gizonak, beren pekatuak konfesore baten oñian ongi aitortu onduan, izan dezaten beren pekatu guztien barkamen osua. Au iristeko jartzen zaitut bitarteko Birjiña Maria pekatarien Ama bezela». Itz au aditzian etzan Maria geldi egon; baizikan bere semiari egin zion presente Franziskoren eskaria, are geiago Berak sendoturik. Erantzun zion Jesukristok: «Franzisko, aundiya da eskatzen didazun mesedia; baña oraindik aundiaguak artzeko zaude. Au ematen dizut; alaz guztiz ere nai nuke nere Bikariuarengana juatia, zeñari eman nion eskua lotu ta askatzekua; berari beraz eskatu biar diozu barkamen ori». San Franziskoren lagunak ere aditu zituzten itz oek; ikusi zuten ere Eliza betetzen zuala argitasun ikusi ez bezelako batek eta Aingeru taldiak gañera; baña arkitzen ziran bildur santu batian, eta etziran trebetu alderatzia. Deitu zien Santuak goizian bere semiai, eta esan zien, gabaz berak ikusi zutenaz gañera, zer igaro zan; baña eragotzi zien iñori esatia zerbait.

 

 

SAN FRANZISKO
AITA SANTU HONORIO
IRUGARRENAREN AURRIAN

 

        Egun aietan Aita Santu Honorio irugarrena Perusan arkitzen zan, eta, anai Maseo bide-lagun arturik Franziskok, jo zuten Perusa. Beñ Aita Santuaren aurrian, itzegin zion onela gure Santuak: «Aita txit santua, badire urte batzuek nik eliza txiki bat antolatu nuala berorren lurrian: arren bada oraiñ eman biar dit barkamen bat elizatxo artarako; baña ezeren kargarik emana ta eskaintzarik egin gabe irebazten dana». Erantzun zion Aita Santuak: «Orixen da gauza bat ezin ditekiana, zeren da arrazoi, barkamen bat irebazi nai duanak, egin dezala zerbait obra on, batez ere karidadezkuak. Eta zenbat urteko nai zenduke barkamen ori?» galdetu zion Aita Santuak. «Aita txit santua, nik ez ditut urtiak eskatzen, baizik animak». «Nola ori?» dio Aita Santuak. «Nik nai nukiana da —dio gure Aita-lenak—, berorren santutasunak ala nai izatera, Santa Maria Aingeruenen edo Porziunkulako elizan sartutzen diran guziak, beren pekatuak konfesiuan aitorturik biar bezela ta lenik Apaizak asolbitu, izan dezatela barkazio osua, bai mundu onetarako, nola besterako, bataiatuak izan ziran ordutik eliza artan sartzen diran ordurañokuena». Erantzun zion Aita Santuak: «Franzisko, gauza aundiya eskatzen didazu. Eztu orrelako barkamenik eman oi Erromak». «Aita txit Santua —dio Franziskok berriz—, nik nerez eztiot au eskatzen; Jesukristok biali nau; bere aginduz natorkio». Au aditzian iru aldiz esan zuan Aita Santuak: «Nai det izan dezazun, nai det izan dezazun, nai det izan dezazun».

 

 

LOGRATUTZEN DU
BARKAMEN OSUA ERROMAN

 

        An arkitzen ziran Kardinalak, esan zioten Aita Santuari, barkamen ain aundiya emanarekin ondatzen zirala Jerusalengo eta Apostolu santuen obiko barkamenak. Erantzun zien Aita Santuak: «Nik eman diot barkamena, eta deritzot egoki dala beñ emana, ostera ez kentzia. Bakarrik zerbait egin dezakeguna da mugatzia».

        Deiturik Franziskori esan zion: «Begira, barkamena ematen dizugu, ta urte guzietarako, baña izan biar du urtian beñ egun oso batian, au da: arratsalde batetik beste arratsaldera bitarteko gaua kontatzen dala». Au aditu zuan bezain laster burua beraturik bazijuan Franzisko irtetera. Orduan Aita Santuak egin zion oiu: «Nora zuaz gizontxua? Zer argi-bide daramatzu barkamen orren?» Erantzun zion umill Franziskok: «Aita txit Santua, aski da berorren itza. Jaungoikuaren egite bat bada au, berak adiaziko du. Jesukristo, bere Ama Santa, eta aingeruak izan ditezela Izkiribau, paper ta testigu; eztet beste argi-biderik nai». Aundiya zalako San Franziskoren umiltasuna, artatik sortzen zan bere biotzian konfiantza guzizkua Jaungoikuaren alderako, ta guziez gañ, itxoromen ezin tu aundiagua beraren probidentzian.

        Iren zan jauregitik, eta, bere bide-lagunarekin elkarturik, ekin zioten poz aundiarekin Asis-ko bidiari. Colladoko ibarra dago bid-erdian bezela Perusa ta Asis bitarte. Desneke ariñ bat artzeko, ibar artan gelditu ziran eritegi batian. Zuaizti batian sartu zan Santua bakardadian bere biotzeko esker onezko betetasuna ustutzera Jaungoikuaren aurrian. Indar guziarekin bada eman ziozkan esker onak ainbeste mesedegatik Jaungoikuan. An agertu zion Jaungoikuak, Aita Santuak baimendu zuan barkamena, zeruak ontzat eman zuala. Itzuli zan bere lagun anai Maseorengana esanaz: «Egiaz, anai Maseo, Aita Santuak eman ditan barkamena, zeruak ontzat dauka».

 

 

JESUKRISTOK ADIARAZTEN DIO
NOIZ IREBAZI BIAR DAN
BARKAMEN AU

 

        Zein egunetan zitekian irebazi barkazio osua, etziokaten erabaki Santuari ez Jesukristok eta ez Aita Santuak; Jaungoikuaren eskura utzirik guzia, bi urtian itxoron zuan San Franziskok. Kontaira au bi puska ez egitiagatik, nai det emen jarri guzia, bada deritzot egokiago dala. Milla berreun ta ogei ta iruan, gau batez, oi bezela, San Franzisko arkitzen zan oraziuan bere gelan. Agertu zitzaion aingeru beltz-illuna Aingeru garbi-argia baten itxuran, Santua zirikatzera bere gezurrezko losintxakin. Esaten zion Franziskori: «Zu izanik Elizarentzat ainbeste balio dezuna, deritzat ez dezula ondo egiten desneke geiago zere gorputz eroriari ez ematiarekin. Egin zuan Jaungoikuak eguna lan egiteko, eta gaua desnekatzeko, eta ez orrela orrenbesteraño ordu luzietan igarotzeko, desegiten zelarik guzia, gero lanerako kemenik gabe geldituz. Illarazte, orazio, barur ta gañerakuak onak dira, baño beren neurrian. Zure osasunari ere biar diozu begiratu. Lua berriz da gauza biarra edozein gizonentzat, batez ere zu bezela gaztiak diranentzat. Zere buruari biartua zaude karidade ta begiramen aundia idukitzera. Gogorkiro badakizu nork beren gorputza zatitu biar duten? Griñak ezi gabe dauzkatenak. Zuk ondo eziak dauzkatzu, beragatik eztira zuretzat egiten diranak oriek». Aguro ezagutu zuan Santuak aingeru illuna zebillela an. Jeiki zan eta dio bere baitan: «Zer; Nik nere griñak ezita dauzkatela ondo? Orain ikusiko diagu» esanta, irten zan gelatik eta lasterka juan zan basora. Ilbeltza zan, ta, negu gogorraren biotzian bazeguan ere, erantzi zuan gañeko jantzia, eta azpiko oial utsian larru gorrian egin kontu, eman zion batalla etsaiari, botarik bere burua etsaia garaitzeko, gorputza are obeto ezirik, elorri, arantz ta sasi artera. An amilka, guzia odoletan esaten zuan: «Milla bider obe da neretzat Jesukristorekin batera zerbait miñ eraman, ezen ez etsai losintxariaren esana egin». Tximista bezela aldegin zuan etsaiak, eta, beriala, argitasun eder batek inguratu zuan. Santua zeguan sasia. Argi artara ikusi zuan sasi odolduak eman zituala arrosa zuri ta gorriak. Une berian, nola etzekiala, bere burua arkitu zuan zuri ederrez jantzia; soñeko eder ura jantzi zioten Aingeruak. Bat batetan ikusten ditu aingeru taldiak, eta esaten diote Franziskori: «Franzisko, mugi aguro; Jesukristok eta bere Ama Santak itxoten dizute elizan».

        Artu zituan Santuak eskuan ainabi arrosa zuriak eta beste amabi gorriak, eta Aingeru-jantzi artan juan zan elizara. Bidia iduritu zitzaion txit biguñ ta gozua. Eliza berriz zeru bat zan. Auspeztu zan Jesus ta Mariaren aurrian; eta gero, Maria bitarteko arturik, eskari au egin zion Jesukristori: «Nere Aita guztiz Santua, zeru-lurren Jaun eta Jabia, gizonen salbatzallia: indazu mesedeizendatziaz zein egunetan nai dezun irebaztia guk barkamena eliza onetan, zeña agindu ziazun zure ontasun ta urriki aundian». Erantzun zion orduan Jesukristok: «Nai det barkazioko eguna izan dedin nere Apostolua, Herodesen aginduz lotua, bere lotura aietatik askatu zan egunaren arratsaldetik, urrengo arrats arterañoko eguna edo denbora». «Jauna, eta, nola au adiaziko diet gizonai?» «Ori nere kontura utzi ezazu. Zuaz orain nere Bikariuarengana aurrena; nik aren biotza mugituko det. Ar itzatzu lagun batzuek zerorrekin, eta nik agindu dizutala sinistarazteko, artu itzatzu ere arrosa zuri eta gorri orietatik, barkamenaren sendogarri». Orduan asi ziran Aingeruak kantuz, zoragarrizko moduan, Jaungoikua alabatzen Te Deum laudamus'ekin. Guzia desagertu zan, eta artu zuan San Franziskok egunoroko jantzia.

        Eguna argitzian, arturik bide-lagun Quintalbako anai Bernardo, Reatiko anai Angelo ta Catarenoko anai Pedro, zeña artian bizi zan, Aita Chalippek dionez. (Anai Pedroren lekuan anai Leon jartzen du Aita Cornejok, ura ordukoz iltzat jorik.)

        Artu zituan ere iru arrosa zuri eta beste iru gorri, Jaungoiko iru Personen izenian; ala prestatuta, pozak jarri ziran Erromako bidian. Zuzen juan ziran Aita Santuaren aurrera, eta gure Aita-lenak beriala kontatu zion Porziunkulako elizan gertatu zan guzia, eta, bere esanaren indargarri bezela, eskañi ziozkan arrosa zuri ta gorriak. Une sasoi artan arriturik Aita Santua nola izan zitezkian ain arrosa eder ta usai gozokuak, sinistatu zuan mirariz zituala aiek Franziskok, ta esan zion: «Sinisten dizut diozuna; baña au da eginkizun bat, Kardinalai esan biar dietena». Bitartian agindu zien bere serbitzariei Aita Santuak, Franzisko ta bere lagunen kontua iduki zezatela.

        Bigaramunian bildu ziran Kardinal jaunak Aita Santuarekin. Guztien aurrian kristau fededun guztien Aitak agindu zion Franziskori, lenago bakarrian agindu ziona, esan zezala billera beneragarri ark aditzeko moduan, zer zan Jaungoikuaren gogua. Umiltasun aundi batekin esan zien Franziskok: «Jaungoikuaren borondatia da Santa Maria Aingenuen Elizan sartzen diranak, ta konfesoriari damutasunarekin biar bezela aitortutzen diozkatenak beren pekatuak, Abuztuaren lenbiziko eguneko bezperetatik, urrengo eguneko bezperetara, irebazi dezatela beren pekatuen barkamen osua, bataiatu ziranetik arterañoko guziena». Itzegin zan Aita Santua Kardinalakin gai onen gañian. Denak Santuaren umilltasunak eta arrosa aien edertasunak zeuzkan arriturik. Erabaki zuten azkenik baimentzia lenago agindurik zeukaten barkamena.

 

 

ZAZPI OBISPOK AZALTZEN DIOTE
MUNDUARI PORZIUNKULAKO
BARKAMEN OSUA

 

        Eman zien adia Aita Santuak Asisko Obispu jaunari eta inguru aietako beste seiri, arki zitezela Asisen Abuztuaren lenbiziko egunian, mundu guzian adiarazteko egun zorioneko ura.

        Eldu zan egun ura, eta, eliza txikiegia izanik ainbeste jende bildu ziranentzat, zelaian toki egoki bat jarri zan Obispo jaun ta gañerako aundizkientzat. Jo zuan orduak eta, Asisko Obispo jaunaren aginduz, igo zan San Franzisko artarako antolatu zuten leku garai batera. Itz egin zan txit ederki; bukatu zuan bere itz-aldia onela: «Jaun Jaungoiko Aita guzi-alduanak eta gure Aita Santu Honoriok, Beraren izenian Elizako buru, nagusi dan bezela, eman dirate barkamen osua, Santa Maria Aingeruen Porziunkulako elizan sartzen diranentzat, damuz artarako daguan apaizari konfesatuz bere pekatuak, Abuztuaren lenbiziko egunaren arratsaldetik urrengo egunaren arratseraño gaua egun, urtoro, betiko». Azken itz au etzitzaien ondo iduritu Obispu aeri. Ona zergatik esan zioten Franziskori: «Franzisko, gu gaude emen Aita Santuaren naia egiteko: betiko ori eztegu uste Aita Santuaren gogokua dala. Izango da, beraz, guk egin biar deguna, esatia jendiari barkamen au amar urteko dala. Gure Aita Cornejok dionez erantzun zien San Franziskok Obispo jaun aeri: Aita Santu ta Jesukristoren naia zala barkamen ura betiko izatia. Obispo jaun aiek etziokaten guzia sinistatu San Franziskori. Igo zan Asisko Obispua itz-tokira, gauza bere aurretik igo zanak baño obeto azaltzeko asmuan. Asi ere zan barkamena azaltzen, eta, nai izan zuanian esan amar urteko zala, berak nai etzuala, esan zuan betiko zala. Arren ondoren beste ainbeste gertatu zan gañerako sei obispuekin; guztiyak, beren naiaren kontra betiko zala esan zuten, amar urteko esan nairik. Andik argiro ezagutu zuten Jaungoikuaren gogua zala barkamen ura betikua izatia. Barkamen au adiarazteko Asisen izandu ziran zazpi Obispuak, beste asko aundizki ta erlijiosok utzi zuten Asisko prailien eliz-etxian gertaera onen oroimena.

        Predikatzen ari zan denboran, ikusi zuten San Franziskoren eskuan txartel bat izkiribitua: «Nik nai zaituztet denak zerura biali. Onetarako nai dizutet aditzera eman barkamen oso au, zuen pekatu ta oriek merezi duten penarena. Au da Aita Zerukuak eta lurrian bere Bikariuak emana. Beraz, zuek, gaur onara etorri zeratenak, eta zuen pekatuak umill aitortu dituzutenak konfesiuan, barkamen au guzia irebazten dezute; eta aurrerakuan onelaxen urtero izango da. Nai nuan nik au izan zedin zortzi egunian, baña bakarrik egun baterako iritxi det».

        Au da, bada, Porziunkulako barkaziuaren kontaira txit labur jarria. Modu miragarrian zabaldu zan mundu guztian. Gero Aita Santuak, lenago Porziunkulako elizan bakarrik irebazten zana, zabaldu zuten San Franziskoren Ordenako eliza guztietara. Munduari barkazio au adiarazteko, gerta izan dira asko mirari; baña au ezta lekua gai ontako mirariak jartzeko, zeren luzatuko nuke geiegi. Bakarrik itz bi nai diozkat esan irakurliari, etsaiaren tentaziuak garaitzeko Santuak bere gorputza bota zuan sasi artaz.

        Ikusi degunaz, elorri, arantza ark, eman zituan arrosa zuri ta gorriak. Oraindik ere ikusten da elorri ura, arrosa biurtua. Orriak ditu txikiak arrosa ark, eta gañera orri bakoitzian dauzka odol tantuak, batzuetan tanto baten arrastua, bestietan bi edo irurena. Arrosa au beti dago berde ta eder ainbeste urteren mugan. Onen menturik aldatzen bada beste leku batera, itsasten da, baña ostuak ditu garbiak odol-arrasto gabiak; au galtzen du aldatu ezgeroz. Gañera Franziskoren gorputza zulatu zutenez geroz, arrosa onek ez du arantzarik; galdu zituan arantzak eta gorde, damuz bezela, San Franziskoren gorputza zulatu zutelakoz. Dena da miragarria gure Santua baitan, eta guziez gañ Jaungoikua bere Santuetan.

        Esan biar det, kontaira au bukatzeko osoki, zazpi obispuak Porziunkulako, au da, Santa Maria Aingeruen eliza konsagratu zutela, eta San Damiangua ere bai. Au eginta, aldegin zuan bakoitzak bere etxera.

 

aurrekoa hurrengoa