www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA BIGARREN BURUA

 

SAN FRANZISKO TA
KARDINAL JAUNA CAMALDULAN

 

        Astiz nai zuan Kardinalak San Franziskorekin itzegin. Santuaren gogua bere antzekuakin egotekua izanik, etzuan besterik desiatzen, zeruko gauza gozo eta Jaungoikozko itzekida eztietan animari bere janari zerukua emanaz indarberritzeko, are obeto ta aisago santutasunian aurreratzeko, bidia zabaltzia. Estua baita zeruko bidia. Juan ziran Camaldulara, San Romualdoren semietara, egun batzuetako, an arkitzen zalako bakardade aundi aukerakua. Autu zuan beretzat Kardinel Jaunak gela bat eremuronz, eta San Franziskori eman zioten San Romualdo bera bizitu zana, nun ere, Santua ill ezkeroz, etxe santu artako buru egiten zuana bizi oi zen, zeñari denak zioten leku santuari bezela begiramentu guzizkua. Geroztikakuan ainbesteraño goguan dute San Romualdoren semiak gure Aitaren albiste ura eze, gure Santuaren oroimenako egin zuten lege bat, urtian zenbait egun aunditan kantatuko zutela arako San Franziskon agur egiten zaion kanta ura: Salve, Sancte Pater, etc.

        Alvernako mendia arkitzen zan Camaldulatik iru ordu bide. Ango bakardadetik igaro ziran mendira, eta denbora puska bat igaro onduan an, Kardinal jaunak aldegin zuan bere eginkizunetara; gure Aita-lena berriz jarri zan Asisako bidian, zeren billerako eguna urbil zan.

        Artu zuan bide-lagun Asisko anai Leonardo. Bidian nekatu ziran, batez ere gure Santua, ezin juanik jartzeraño. Billatu zioten Santuari astotxo bat. Jarri zan asto-aurreko anai Leonardo, zerbait ondotxo nekatua. Diabrua beti prest zirikatzeko, kendu zion Leonardori iduki oi zuan umore ona. Bidian zijuazelarik, Leonardok esan zuan bere baitan: «Franziskoren etxia ta guria berdintsuak ituan ba! Eta oraiñ ori asto gañian eta ni asto-mutil!» Mingaña mugitu gabe, au bere barrunian igaro zan. Agertu zion Franziskori Jaungoikuak bere asto-aurrekuaren gogoraziua. Saltatu zan asto gañetik eta aren gogatze arri onela erantzun zion: «Ez, nere anaia; ezta ongi ni asto gañian eta zu oñez ibiltzia; badakit ni baño pamili obekua zerala, eta ospatuagua ere bai errian». Leonardo ona, gelditu zan, ez zeruan eta ez lurrian, lotsaturik, aozpez ta negarrez barkazio eske.

        Eldu ziran Espoletoko ibarrera. Inguruetako bere semiak irten zitzaizkon biderdira pozik bere Aita-lena ikusteko, eta artu zuten tartian agur gozuarekin. Nola etziran poztuko? Seme on bati, aita ikusi gabe denbora luzian daguanian, gero ikusi utsak barruna poztutzen dio. Ori bera orduan gertatu zitzaien San Franziskoren Semiai. An bada berriro jakin zituan anai Eliasen kontrako keja somiñak. Aitak seme bakoitzarentzat itz gozo bat beti bazuan.

 

 

ANAI ELIAS TA SAN FRANZISKO

 

        Anai Elias ere, beste askorekin zeguala, juan zitzaion agur egitera, baña beste guziak baño apaiñago. Zeukan soñian jantzi bat oial onarekin egiña, eta ez bestien eran ebakia; kaputxa beste gañerakuak baño luziago eta besuak zabalaguak; gerria ederki moldatua eta bere ibillera ez txit onestua praile pobre batentzat. Ikusi zuanian Santuak añ dotore anai Elias, esan zion berari: «Anai Elias, jantzi orretxek ondo emango likit ba niri ere». «Aita, gusto guziarekin!» esan eta, eman zion bere Aitari soñian zeraman jantzia. Bere jantzi pobriaren gañetik sartu zuan Aita-lenak semiaren soñ ederra. Moldatu zuan gerrian al zuan modurik onenera; arrotu zuan kopeta eta gorputza zuzendurik biar baño geiago, begiak argituta larriturik, desprezio ero batekin gallendurik burua, sorburuaz gañ begiratuz alde batera eta bestera, pauso neurtuan, guztien erdian egin zituan iru jira, esanaz noizik beiñ: «Ongi zautela, adiskidiak, ongitxo».

        Beren Aita-lena ala ikusita denak zeuden arriturik berari begira; farra zetorkien alde batetik, eta etziran trebe farra egitiaz, denak barruniara zioten: «Zertan geldituko ote da au!» Alako batian kendu zuan jantzi ederregi ura, eta indarrian bota zuan zokora arrika bezela, despreziuarekin asanaz anai Eliasi: «Orrelaxen botako dira nere Ordenako seme baztarrak». Au esan ta, sarturik onestoki bi eskuak beso zorruetan, begiak lurrerunz ta umill, esan zion: «Onelaxen biar dute ibilli nere seme egiazkuak ta benazko anai txikienak». Eseri zan orduan guztien artian, ta egin zien itz-aldi bat umilltasunaz ta pobretasunaren gañ. Onekin lenaz gañera sendotu zituan bere erreglaren aitzaki billa etzebiltzanak. Eta anai Eliasen aldetik zeudenak ere, jarri zituan bere alde. Desegin zituan era onetan ordutik prestutasun aundiarekin anai Eliasek egin zituanak, erakutsiaz denbora berian denai, nolako espirituarekin serbitu biar zuten Jaungoikua bere Ordenakuak. Etzuan orduan anai Eliasek egin zuan arako aragirik beñere ez jateko lege ura desegin. Duda gabe, etzezan eman bide, iñork artzeko oña gero esateko gorputzari geiegi ziola begiratzen. Begira ordia Jaungoikuak au nola bere oñian jarri zuan.

 

 

ANAI ELIAS TA AINGERUA
GALAI BATEN ITXURAN

 

        Galai gazte bat aurkeztu zan, korri eta presa, Santa Maria Aingeruenen etxe santuko atonduan. Deitu zuanian, galdetu zion anai Maseo ate-zaiak zer biar zuan. Erantzun zion ark: «Nai nuke Franziskorekin itzegin, baña badakit basuan oraziuan daguala. Beragatik deitu iozu anai Eliasi, bada, diotenez, jakintsu eta prestua da, eta duda batetik atera biar nau». Anai ate-zaiari murruskara aundi bat egin zion anai Eliasek. Zer mandatu galaiari eraman etzekiala gelditu zan ura. Alde batetik murruskararekin bota zuala etzion esan nai, eta beste aldetik berriz etzuan ere gezurra esan nai. Estutasun artatik atera zuan laster galaiak berak esanaz: «Anai Eliasek ez du etorri nai; zuaz anai Franziskorengana, eta esaiozu agindu deiola Eliasi datorrela oneraño». Juan zan Maseo Franziskorengana. Santua arkitzen zan Jaungoikuarekin itzegiten, begiak zenuronz jasota. Zeguan tokitik mugitu gabe, eta begirik zerutik kendu gabe, anai Maseori esan zion: «Esaiozu anai Eliasi, nik agintzen diotala, eta itzegin dezala atonduan daguanarekin». Txit aserre ta kopeta illun jetxi zan atera, eta, giza txarren erraiakin, egin zion ezagutzen etzuan gaztiari galde modu au: ea zer nai zuan. Erantzun zion ark: «Ez dedilla aserretu: nai nuke jakin zugandik, Ebanjeliua guardatzeko itz ematen dutenak, ote lezakian jan aurrian jartzen zaienetik, Jesukristok erakutsi duan bezela, eta iñork ote lezakian egin legerik onen kontra». Aguro Eliasek egotzi zion eskua atiari, indar guziarekin itxitzeko asmuan, eta airaturik erantzun zion: «Nik badakit ori, baña ez zuri esateko; juan ortik». Esan zion gaztiak egoki: «Nik ez dakit zer erantzungo zendukian; baña badakit ondo, zer biar zendukian erantzun».

        Igo zan anai Elias gelara eta asi zan gogoratzen nola egokiena erantzun al zeiokian galde aieri, eta bere jakinduri guziarekin ezin somatu zuan erantzuera egokirik. Jarri zan ere gogoratzen zein izan ote zitekian galai ura, eta biotzak esaten zion berriz gaizki itzegin ziola gaztiari. Kontzientziako arrak biurtu zuan irtetera gelatik, eta jeitxi zan atera, artian an zualakoz galaia, baña etzuan arkitu.

        Aita-lena etxeratu zanian, zeñak bazekian ondo gazte ura aingeru bat zala, juan zitzaion anai Eliasi eta esan zion zorrotz: «Gaizki egin dezu, anaia Elias; Jaungoikuak bialtzen dizkigu Aingeruak guri erakustera bere gogua, eta botatzen dituzu zuk aserreturik. Bildurtzen naiz zure arrokeri ori izango ez ote dan Ordena umill onen diño egingo etzaituana, ta ez ote zeran illko Ordenatik kanpuan». Orduantxe aragirik beñere ez jateko, anai Eliasek egin zuan lege ura, kendu zuan ta desegin zuan Santuak.

        Denbora artan galai gazte ura bera agertu zitzaion Españan Quintabalko anai Bernardori. Au zijuan Santiago Galitziakotik Italirunz. Ibai bazter batian nundik igaro somatzen zeguala, itzegin zion gazte batek italiako erderan. Galdatu zion arriturik, bere lurreko izkuntza aditutzian, nungua zan. Galde oni etziokan erantzun; baña esan zion zer gerta zitzaion ordu artan bertan anai Eliasekin, eta, arturik eskutik, airian eraman zuan ibaiaren beste aldera, ta etzuan anai Bernardok geiago ikusi gazte ura. Sentitu zuan ordia bere barrunian poz ta añ atsegin aundiya ze, geiago bide guztian etzuan nekerik senti. Eldu zanian Porziunkulara, jakin zuan zein egunetan eta zein ordutan gertatu zan anai Eliasen Aingeruakikoan egun eta ordu uraxen bera.

 

 

IKUSTEN DU ORAZIUAN
GIZON ANTZ MISTERIOTSU BAT

 

        Ikusten zuan gure Aita-lenak bere seme asko zebiltzala alegin guziaz Ordenako legiak lasatu ta arindu nairik. Oek izanik aurreneko, beste denai beren egitiakin erakutsi biar zienak ondorenguai bide segur ta zuzena, oen arte erreglaz landarakuak zerbait penaz ta atsekabez biotza betetzen zion. Nola bere espirituko naigabiak eramateko Jaungoikuagatik oraziora oi zuan Jaungoikuari eskatzeko indarra bere biotza arteztu, gauza bera orain egiten du. Bada eskari kartsuak zeruari egiten ari zala, ikusi zuan Jaungoikuaren argitasunarekin gizon aundi baten iduria, beste orduz Nabuko erregiak ikusi zuanaren antzekua. Aundiya zan eta burua zuan urre gorrizkua; bularra ta besuak zillarrezkuak; sabel-iztarrak bronzezkuak, ankak burnizkuak; eta buztiñezkuak oñak. Zaku-gisako soñ-auts-kolorezko batek gorputza estaltzen zion. Au guztia zan Santuarentzat airigarria gizon antz artan. Adiazi zion Jaungoikuak gizon-antz gai desberdiñezko ark, urre, zillar, bronze, burni eta buztiñakin, aditzera ematen ziola Ordenak izango zituan gora-berak, eta, denbora berian, Ordenako estadu bata baño ederraguak bestiak txarreneraño, urretik buztiñera: au da birtuterik garaienetik been-beenekuak. Zaku auts-kolorezko estalki ura da jantzirik onena, nola dan zure Ordenan Ebanjelioko pobre-gogozkua izatia.

        Nabukodonosorrek ikusi zuanaren gizon-antza, desegin zuan menditik amildu zan arri batek, ankak autsirik. Franziskoren begiak ikusi zutenarena ezta ala autsiko. Munduak dirauben arte, berak esanik dago, iraungo duela San Franziskoren Ordenak, zeren dan Jesukristoren Elizaren araura jeikia. Izango da zirikatua, izandu dan bezela, edozein beste Ordena bezain gogor, eta beti txutik, etsai gaiztuak gudari indartsuak diradela uste badute ere. Arrikara batekin ezta desegiten San Franziskoren Ordena, arrikarak artzen gogorturik dagualako, eta are gogorraguak artzeko berriro prest, gizon libretiak naiz izanik arrikari onak.

 

 

ORDENAKO BILLERA

 

        San Migel eguna eldu zan bere garaian, milla berreun ta ogeian. Gauzak zeuden ederki prestatuak. Bildu ziran billeran San Franzisko ta bere seme deitu zituanak, ordu señatuan. Eztitsu baña indartsu, egokitasun guzizkuan, itz egin zan aurrena Santua billeran. Kendurik anai Juan Straquiaco, Boloniako Probintziala, bere lekutik, aren tokian jarri zuan anai Grazian, erlijiotsu birtute aundikua. Kendu zuan ere anai Elias bere ordeko edo Bikariotzatik, eta aren ondoren izendatu zuan Cataneoko anai Pedro, erlijiotsu santu ta artarakua, zeñaren eskueten gure Aita-lenak utzi zuan guzien buru izatia, uzten ziola ari Ordena guztiko kargua, berak osasunik etzekalako eta batez ere umill ta betia zalako txit; itz batian naiago zualako bestek agindua egin, berak besteri agintzia baño. Onela nai zuan bere burua, agindutakua eginaz, are geiago sendotu ta gogortu umilltasunian; ustez txiki dana aundi da gisa ontan. Zeren txikia ezta txiki Jaungoikuaren aurrian, egiaz bada txiki; zergatikan orduan txikia da andi, egiaz txiki izatera.

 

 

SAN FRANZISKOREN UMILTASUNA

 

        «Ni jo nazazute illtzat emendik aurrera —esan zien Santuak—. Ona emen Cataneoko anai Pedro, guztion burua, zeñari zuek eta nik aurrerakuan bier diogun obeditu». Belaunikatu zan Pedroren oñetan, muñ egin zion eskuan, eta, arturik aren bendiziua, eman zion obeditzeko itza, Ordenako Ministro guzitakuai bezela. Azkeneko itz au etzitzaien ondo iritzi Santuaren ikasliai, zergatik, bera bizi zan artian, bera baño buru geiagorik Ordenan izendatzia, izanik bera Ordena zimentatu zuana, arrazoia kilikatzia zirudin. Beragatik Aita-lena bizi zan arte, naiz bestek Ordenaren gidaritza iduki, iñoiz ere iñor etzan izendatu guztien Ministruaren izenaz. Ala beti seme leialak, guzian ezagutu arren beren buru bezela Cataneoko anai Pedro, asko gauzetan zuzentzen ziran beren Aita-lenarengana. Belaunikatuta egondu zan denboran Santua bere seme anai Pedroren oñetan, begi negarraz bustiak jasorik zeruronz, egin zuan orazio era ontan: «Nere Jaun Jesukristo, niri orain arte nere kontura eman diazun pamili au, zuria dan bezela, zure eskuan uzten det. Ongi dakizu, Jauna, nere eritasunak ez diratela largatzen onen kontua eramatia; beragatik nere ordeko Ministruen kontura gelditzen da; gertatzen bada beraz, edo lasatasun geiegiaz anaien bat galtzia edo estutasun zorrotzegiaz, Jauna, oriek emango dute azken juiziuan galdu denaren kontua». Onela beraz, San Franzisko len eta beti beeti izan zan, eta orain are beetiago ta umillago agertzen zaigu, bada jartzen da bere semien agintiaren azpiyan, eta ill arterañokuan alaxen izandu zan. Beste onenbeste egin izan nai zuan gure Aita Santo Domingok. Esango du agian batek: «Aiek Santuak ziran». Bai, guk ere ala biar genduke izan, beetiak beti ta leku guztietan. Elorri arantz zorrotza da agintzia, ondo agindu nei duanarentzat. Aisago da ondo obeditzia, ondo agintzia baño.

 

 

CATANEOKO ANAI PEDRO
TA ORDENAKO
AITA-LEN SAN FRANZISKO

 

        Denbora artan, billera ura baño zortzi egun aurretik, Aita Santu Honorio irugarrenak eman zuan bulda bat, zeñian agintzen zuan, etzedilla iñor Franziskoren Ordenan profesatu urte bat igaro arte bein sartu zanetik; eta gañera debekatzen zuan, bein erregla ura guardatzeko itz eman ezgeroz, geiago irtetzia ordena artatik. Esana egin zan.

        Ordukotz asko zabaldu ziran munduan prailiak. Egoki zan bezela, guztien buru egiten zuanarekin askori egon biarra gerta oi zitzaion. Beragatik alde guzietatik juaten ziran Santa Maria Aingeruenera, edo anaia Pedrorekin edo beren Aita-lenarekin itzegitera Ordenako gauzaz. Asko gizonek asko biar eta asko aldiz egon oi zan anai Pedro beetiak baño estuago, etzeukalako zerekin ornitu erlijiotsu nekatuen biartasuna. Gogotatu zitzaion alatan, ondo egingo ote zukian, jantzi santua artu nai zutenai, zerbait eskatzia, zituzten ondasunetatik. Gogorazio au azaldu zion bere Aitari, eta Santuak erantzun zion era onetan: «Ez dezala Jaungoikuak baimendu orrelako gauzarik, anaia Pedro; eztigu Ebanjelioko pobretasuna, zeña erreglak agintzen digu guardatzeko, biartasunian arkitzen diranen erruki geiegiyak ausiarazo biar». «Orduan, Aita, zer bitarteko esaten dit artu dezaketala?» «Ama Birjiñaren aldaria ikusten dezu zein apaña daguan? Bada erantzi. Ez dezu pentsatu biar Ama Birjiñari aserratuko zaionik orrengatik. Naiago du Ama maitiak bere aldaria ikusi apaingarri gabe, gu erregla ausitzen ikusi baño, zeña dan bere semiaren Ebanjeliua. Gañera sortuko du Jaungoikuak, nundik edo andik, bere Ama ta guriaren aldaria ondo jazteko aiña». Artatik artu zuan gaia itzegiteko bere dama pobretasunaren gañ. Ikusten danaz, baliatzen zan Santua edozein gertaldiz, birtute eder au maitatzen erakusteko bere semiai.

        Asko gauza eder esan zituan bere itz-alditxuetan Santuak, bai nola biar zuten Jaungoikuaren itza adiazi, baita nola ikasi jakintsu baño birtutetsu ta santu izaten. Artan ari zan batian, anai Zesario Espirakua, praile baño len Teologiako maisu izandua, gizon santu ta jakintsu au sarturik bere barrunian, asi zan esaten bere baitan: «Orixe neretzat dek». Nunbait arkitzen zuan, maisu izandu zan denboran ta lenago, etzuala egin izan bere Aita-lenak esan zuana, eta ona zergatik seme onak agertu ziozkan bere Aitari biotzeko alozik ezkutuenak. Azkenik bada eskatu zion mesede au: «Nere Aita, artu det asmo txit sendua, Jesukristoren goguan daguan bezela, bere Ebanjelio santua ta erregla al detan ondoena guardatzekua; orain nai dizut eskatu zuri mesede bat, eta da: baldin, ni bizi naizan artian, gertatzen bada, batek edo bestek, agindu degun bezela, ez duala guardatuko nai erregla zuzen, eta nik ikustia orrelako gauzen bat, bertatik niri eta nerekin elkartutzen direnai, ongi guardatzeko agindu deguna, eman deigula baimena orrelako lege ausitzallietatik bereixteko».

        Itz oriek aditzian, San Franziskoren poza etzan txikia; laztandu zuan ta bedeinkatu esanaz: «Bai, nere semia, mesede eskatua zerorrekin daukazu Jesukristo gure Jaunak eta nik ematen dizugu ori». Au esan, eta bi eskuak jarririk anai Zesarioren buruan esan zion: «Zu zera apaiza Melkiseden Ordenaren araukua, eta betikotasun guztian ala izango zera». Itz onekin nai zuan eman aditzera, erreglaren gordetzallietan egiztatuko zala Jesukristok egin ziozkan agintiak; au da: lurrian Jaungoikuaren laguntza ta zeruan gero betiko zoriona.

 

 

ETSAIAREN ENGAÑUAK

 

        Billera bukatzian, bakoitzak bere bidia artu baño len, bildu zituan guzien Bikariuak; eta beste asko gauzen artian, lenago errebes xamar ibilli ziranai eman zien zerbait penitentzi, desegin zezaten egin zituzten arrasto beltzak beren gogozko utsegitiakin, ekin zeioten berriro gogotik, besarkatu zuten bizitza santuari, biotzak ondo garbiturik. Anai aietako batek etzuan nai izan ezagutu ta aitortu bere obena. Etsai gaiztuak zenbatxe lan egiten duan! Ikusi zuan San Franziskok anai arren lepuan txankolaka zeguala demonio itsusi bat, eta zintzurretik arturik etziola uzten bere utsegitia aitortutzen. Urrikaldu zan Santua arren egoeraz, eta deitu zion beste anai bati eta esan: «Zuaz anai orrengana, eta esaiozu nere aldez, aitor dezala egia umill; bada era ontan dago diabruen atzaparretan». Egin zuan ondo Santuaren mandatua, eta aitortu ere bai bestiak bere kulpa, eta orduan utzi zion diabruak. Zein egia dan umilltasuna dala arma bat, diabru arrua garaitzeko izan ditekian eragilliena!

        Baita ere kontairak esaten digu, nola zan praile bat denak santutzat zeukatena, egiten zitualako birtute egiazkuak ziruditen gauzak. Txit zan oraziokoia, etzuan itzegiten beñere, askok geiegi bezela; eta, zerbait biar zuanian, eskuaz edo keñuz nolerebait adiatzen zuan. Denak santutzat zeukaten. Gure Aita-lenak, zeñak beste guziak baño begi argiagua zuan gai onetan, esan zien penarekin bere semiai: «Etzat batere gustatzen anai orixen; diabruak dauka engañatua. Ez alabatzia, baizik kastigatzia merezi du orrek. Jakizute, nere anaiak, diabru guziak ez dirala itz-jariuak; badire aien artian ere mutubak; eta agian geiago ditu bere banderapetzen ixilltasun onekin, berritsukeriakin baño». Erlijiotsu aeri Santuaren itz oriek iduritu zitzaizten gogortxuak; baña denbora asko igaro baño len, mutuari itza etorri zitzaion; utzi zion erlijio santua. Ezagutu zuten Franziskoren esana zein egia zan. Eman zien aditzera Santuak zerk galdu zuan anai ura itz oetan: «Umilitasunik etzuan, eta borondate geiegia bere naia egiteko beti». Artu dezagun guretzat itz au. Zutik daguana erori diteke; beetia izan, ez erorteko.

        Beste praile bati jarri zion buruan etsaiak Ordena artatik irteteko. Burutazio onekin gizajua zebillen burruka bezela bere buruarekin, ezin botarik tentazio ura. Azkenik agertu zion Aita-lenari gogoratze ura, eta eskatu ere bai baimena Ordenatik irtetzeko. Urrikaldu zan Santua, eta saiatu zitzaion burutik kentzen tentazio ura, ukaturik Ordenatik irtetzeko baimena. Beriarekin irten nairik, eskatu zion Ordenako Kardinal anparatzalliari, Santuak ukatu zion baimen ura, eta ark berdin etziokan eman. Zer egiten du oduan: Jantzi santua utzita iges egiten du etxetik. Bazijuan bere bidian, eta nun topatzen duan gizon errespetagarri bat, eta geldiazirik galdetu zion; «Errukarria! Nora zuaz?. «Ze jakin biazu zuk, ni nora nuan?» erantzun zion onek. «Nik zer jakin biar detan, diozu? Ikusten dituzu oek?» —Eta erakutsi ziozkan esku, oñ ta biotzeko zauriak—. Uste dezu nik zugatik alperrik iturri orietatik ixuri nuala gurutzian nere zañetako odola? Au esan eta desagertu zan Jesus. Orduan beriala ezagutu zuan pekatua, eta damuturik eginez eman zion negarrari. Biurtu zan etxe santura. Azaldu zion Aita-lenari zer gerta zitzaion; aozpezturik bere oñetan damuz ta negarrez, eskatu zion barkaziua. Poztu zan Aita bere seme galduaren etorrerarekin. Barkatu ta esan zion animen sendatzalle onak bezela: edozein tentazioetan iduki zitzala Jesusen zauriak begien aurrian, eta garaituko zuala etsai gaiztua.

        Denbora aietan gure Aita-lenak izkiribitu zien bere Ordena guztiko anaiei paper bat, zeñian esaten zien, izan zeiotela, edozein lekutan, aldareko Sakramentu santuari, merezi duan onra eta adoraziua. Ez det emen jarri, luzegia dalako liburutxo onetarako.

 

aurrekoa hurrengoa