www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZIGARREN BURUA

 

 

ASISKO KLARAREN JATORRIA,
TA BERE AURRENEKO URTIAK

 

        Urte artan garizumako itz-aldiyak egin zituan Asisko eliza nagusian Franziskok. Asko pekatari mugitu ziran orduan penitenziara. Oen artian baziran dontzella gaztiak, eta aien artian izentatzen zan bat Klara, Jaungoikoaren graziak beste guziak baño geiago ukitu zuala zirudiana. Dontzella garbi arzaz baliatu zan San Franzisko, gizonentzat jarri zuan bezela Ordena bat, emakumientzat jartzeko beste bat.

        Biotza atsegin garbiz betetzen da gazte onen bizitza irakurtzian. Beragatik emen esango det zerbait beraren onran; bada ez diteke iñolako moduz ere utzi San Franziskoren bizitza Santa Klararena aitatu gabe zerbait, labur badere.

        Klara zan Asisko alaba. Ona nolatan itzegiten dan gure Wadingo jakintsua Santa onen jatorriaz: «Klararen aita-bisaba zeritzan Paulo, Fuinitarren pamili txit noblekua. Paulok izan zuan seme bat; onen izena Bernardo zan: Bernardok izan zituan iru seme; irutako bat zan Faborino, zeñak artu zuan emaztetzat Ortulana gazte jator oneko ta birtute aundikua. Faborinok Ortulanagandik, Jangoikuak emanik, izan zituan iru alaba, Klara, Ines ta Beatrix. Ortulana kristau birtutetsuak, lenbiziko aurra artian sabelian zeukala, errezatzen ari zala beñ batian gurutze baten oñian, aditu zituan itz oek: «Ez izan bildurrik, emakumia: zuk argitara emango dezun aurra izango da zuzi piztu bat, argi egingo duena munduan». Ona zergatik aur lenen jaiuari ipiñi zioten izena Klara. Klarak esan nai du argia. Izena zuan argiarena, eta egiaz argia izandu zan; pekatari askoren biotzeko pekatuzko illuntasunak desegin zituana. Argia oraindik bere birtute garaien dizdiadurak beste asko birtutetsuen espirituak alaitu zituana, are ta geiago aurreratu zitezen santutasunian.

        Seniparterik onenak dira gurasuen birtutiak. Aberatsak ziran Klaratxoren gurasuak lurreko ondasunetan. Baña ama txit aberatsa birtutian. Ezta aberastasun ta apaingarri ederragorik santutasuna baño. Aur paregabiak laster ikasi zuan bere ama maitiagandik Jaungoikua adoratzen orazio eginaz, eta birtutiari biar zaion bezela begiratzen. Urtietan bezela birtutian zijuan aurrera. Kanpoz bestiak bezela bere estaduari ta etxiari zegozkion apaingarriaz apaindurik ibiltzen zan; barrundik berriz, soñeko pitxien azpian, gerrikotxo, zilizio latz bat, adiarazten zuala au geiago maita zuala, jantzi pitxi ta nabarrak baño. Eta ongi egiten zuan; bada onekin itxitzen ziozkan atiak garbitasunaren kontrako biziyuari.

 

 

ARTZEN DU KLARAK
FRANZISKO
BERE ESPIRITUKO GIDARI

 

        Eldu zan Klararentzat estadua artutzeko denbora. Gurasuak nai zioten billatu senar bat. Klarak maitago du biotz garbiya senar bat baño, Ezkontzari ezer ere kendu gabe, geiago balio du garbitasunak senar batek baño. Biotz garbiya dago elkarturik Jaungoikuarekin, eta ez da pagatzen ezerekin. Onetan arkitzen zan Klara, San Franziskoren ikasle egin zanian. O Klara, gazte zorionekua! Len aundiya bada zure birtutiaren argiya, nola orain, zuzi bedeinkatua, ez dezu argi geiago botako onelako maisuaren eskolan? Maiz ikusten ziran Franzisko ta Klara Porziunkulako elizan, nora ere juaten zan Klara, Bonna Guelfucci bere aide emakume errespetagarria lagun arturik. Santutasunian bertan gaztiak artu biar ditu beti onelako arretak munduagatik eta ejenplu onagatik. Gidatzen zuan Franziskok Klara zuzen ta seguru zeruko bidian. Laster dontzella garbiaren biotza bere itz Jaungoikozkuakin mugitu zuan betiko agur bat munduari egitera. Jesusi ariñ jarraitu nai dionarentzat traba aundiya da mundua, Klararentzat apainduriak ordukoz pisu ziran, eta len-bai-len mundu au utzi-naia ondasun guztiekin sartu zitzaion goguan.

        Egun batez, galdetu zion Klarak bere Aita gidariari: «Noiz nai dezu ostika dezatan mundu au?» Erantzun zion Santuak: «Begira, Klara, egun andi bat biar degu orretarako aukeratu. Ez da beti predika oi itzez, baizik egitez ere bai; mutu-mutu egiten diran predikaziuak izan oi dira onenak animak konbertitzeko. Egoki datorkigu lan onetarako Erramu-eguna. Egun onetan sartu zan Jesus Jerusalenen munduaren garaitzalle. Eta Erramu-egun zoragarri au ordu gutxiz geroz trokatu zan egun illunian. Nai nuke, Klara, zuk beste ainbeste egitia. Beragatik Erramu-egunian, alik onduena apaindurik, sar zaite elizan, munduari irebazi biar diozun garaimenaren seña bezela, erramu-osto berde bedeinkatua artutzera. Gero arratsian utziko dituzu Porziunkulako elizan apaingarriak; gisa onetan Jesus idurituko dezu trokaturik osto berdiak gurutze astunian». Franziskok esan, Klarak egin.

 

 

AGURTZEN DU BETIKO MUNDUA

 

        Eldu zan Erramu-goiza. Asisko Klara, dontzella garbiya apaiñ-apaiñ eginik eta dama askok lagundurik juan zan eliz nagusira. Asten dira egun artako ofiziuak, bedeinkatzen dira erramuak; gizon ta emakumiak alderatzen dira aldare santura Obispo jaunaren eskutik osto berdiak artzera. Klara ez da mugitzen bere tokitik. Iduritzen zaio bere modestiari apainegi daguala. Jaungoikuaren espirituak gidaturik, jeitxirik Obispo Jauna aldaretik zeguan tokira eraman zion osto berde ederra Klarari bere eskura. Egina dago; zeruak berak artu du ontzat Klararen asmua. Nola etzuan artuko?

        Goiza onela igaro zan. Eguzkia nekatu zan eta gorde zuan bere argiya; illuna zan gañian. Klarari eldu zitzaion ordu desiatua. Baña nola irtengo da etxetik? Atiak daude itxita; giltzarik berriz ez. Bazuan etxe ark noizbait atia izandako toki bat, baña orain ura ere arriz ta zurez dago itxirik; ura idikitzeko ez deritzo Klarari daukala bear aina indar. Alere, fediaz armaturik, juan zan aterunz; eta —o miragarria!— dontzella garbiaren eskuaren ukitziari arriak eta zurak obeditzen diote, eta nola eztakiala arkitzen da etxiaz kanpotik. Gogo aundiyak biak arintzen ditu ta bidia laburtu. Begien itxi-idiki batian Klara aurkeztu zan Porziukulan. Prestaturik zeguan ordukoz Franzisko bere semiakin. Kantuz Jauna alabatuz, argi bana eskuan ta biotza zeruan, Klara argi ederra argiz inguratua an deramate erdian triunfuan aldariaren oñetara. An uzten ditu apainduri guziyak, baita ere bere buruko illiak. Zaku gisako soñeko latz bat eta gerria lotutzeko soka bat artzen ditu San Franziskoren eskutik. Orduan eskaini zion Jaungoikuari bere biotzeko garbitasuna, guzia zan aina jartzen zala bere eskuetan. Agur mundua, ez dek geiago nerekin zer eginik. Franzisko ta bere semiak, Klara ta Aingeruak denak elkarturik biotzak alabatzen dute Jaungoikua berriro esker onak biurtuz. Irakurle ona, zer ikusgarri eragilia au zure biotza mugitzeko Jaungoikua serbitzera! Emezortzi urte zituan orduan Klarak, Jaungoikuari zure biotza, bere jabiari bezela, emateko urterik onena. Porziunkulatik biali zuan Franziskok Jesukristoren esposa Klara, berak aruntza eraman zituan lagunakin, San Benitoren alabak bizi ziran moja-etxera, antolatu bitartian Klararentzat bizi-leku bat.

        Guazen orain bere jaiotetxera. Eguna zabaltzian galdetzen dute: «Nun da gure Klara?» Etxian etzuten arkitu. Baña laster jakin zuten nun zeguan; begian negarra ta biotzian pena, an dijua talde aundi bat korrika San Pauloko, Klara daguan, moja-etxera. Klara arkitzen zan elizan. «Zertara etorri zera onera? —esaten diote—. Guazen aguro etxera. Etxeko desonra izango zera». Aurreneko itzegin zioten eztiki; baña ezin zutenian onian, asi zitzaizkan gogorrian. Orduan esan zien Klarak: «Utzi niri emen pakian». Eta agerturik bere buru soildua, sendo-sendo itsatsi zan aldare santuarekin. Klararen asmo erabakiaren sendotasunak garaitu zituan aren billa juan ziranak; etsi ta utzi zuten bere lekuan.

        Andikan laster Klara aldatu zuan bere gidariak moja-etxe artatik Pansoko Aingeru santuko beste batera; Ordena berekua zan ura ere.

 

 

KLARARI JARRAITZEN DIO
BERE AIZPA INESEK

 

        Ines Klararen aizpa gaztiagua zan. Izanik au bere biotzaren kidakua, pena txit aundia ematen zion au munduko arriskuen tartian ikustiak. Beragatik egiten zion Jaungoikuari orazio, atera zezala mundutik bere aizpa Ines. Klararen oraziua aditu zuan zeruak. Munduari Klarak agur eginta amasei-egunera, Inesek ere egiten dio bere aizpa zarrenaren antzera. Bi aizpak laztantzen dira eta dio Klarak: «Eskerrak ematen diozkat Jaungoikuari, atera zaitualako mundutik eta arindu ditalako zure kontuak ematen ziran naigabia». Baña Inesen etxian prestatzen dira amabi gizonetaraño aserrez armaturik. Lasterka juan ziran moja-etxera: Jo zituzten atiak. «Nor da or?» diote barrundik. «Ines emen dago?» «Bai, emen dago». «Datorrela». Badator Ines. «Guazen etxera ta aguro». «Nik aizparekin bizi nai det». «Zertara etorri zera onera? Tira-tira ta laster etxera gurekin». «Ez naiz juango: ni nere aizparekin ondo nago emen». Azken itz au aditzian zaldun batek jo zuan ukabillaz aur gaixua, eta au asko ez balitz bezela, arturik besotatik eta buruko illietatik, beste batzuek gorputzetik, an daramate indarrian. Orduan ezin geiaguan negarrez deitu zion bere aizpari Inesek: «Klara, Klara, nere aizpa maitia, laguntza niri! Ez dezazula eraman oek ni Jesukristori kendutzia!» Au aditu zuanian Klarak, belaun-bikatu zan ta egin zion Jaungoikuari orazio bere aizparen alde. Oraziuaren indarra! Maldaz bera zeramaten arrastaka Ines, eta bat batetan, orazio Klarak egin zuanarekin bat, gelditu zitzaien Ines ain pisu eze, ez an ziran amabi gizonek ezik, beste geiago eraman zituztenak ere, ezin mugitu izan zuten zeguan tokitik. Alere gizon aiek etzuten ezagutu nai an Jaungoikuaren eskua ainbestez. Asko aietakok egiten zuten parra gazte pisuaz esanaz: «Duda gabe plomua jan dik neska onek bart arratsian». Errabi gorrian Monaldo bere osabak jaso zuan besua azken golpia Inesi emateko, eta egiaz illko zuan, Jaungoikuak ala nairik, baldin ezpazan gertatu, gertatu zana. Besua jaso bezain laster Monaldok Ines jotzeko, oñaze aundi batek artuta gogortu zitzaion. Alatan agertu zan Klara eta esan zien: «Utziozute nere aizpari nerekin; nik onen arreta izango det». Orduantxe, goguaz kontra badere etsirik, utzi zioten Ines Klarari. Bi aizpak elkarrekin gelditu ziranian, nork aien bien poza adiaraziko du?

        Beraz aizpa biak juan ziran etxera. An eman zion San Franziskok, illiak moztu ondorian, jantzi latz asko balio etzuan bat.

 

 

KLARA ETA INES JARTZEN DITU
SAN DAMIANEN AITA-LENAK

 

        Andik laster erabaki zuan Santuak bere bigarren Ordena berriaren aurreneko bi ikasliak San Damiango elizara eramatia, nun ere zeguan etxe bat eliza jotzen zuala, izan zedin Klara ta beste bere alaben bizi-lekua. Au izan zan bigarren Ordenako lenbiziko etxe santua.

        Oroituko da emen irakurlia, San Damiango eliza au dala San Franziskok erreparatu zituan iru elizetatik lenbizikua. Bai eta ere nola emen Jesusek gurutzetik itzegin zion; gañera nola aurrez Santuak aditzera eman zuan egunen batian an ikusiko zirala dontzella garbi batzuek bere garbitasuna Jaungoikuari konsagratuz bizituko ziranak mundukuak ez bezela. Au guzia orain egiztatu zan gazte santutasunaren adiskide ta dontzella garbitasunaren maitatzalliak batzuek San Franziskori, bestiak Santa Klarari eskatzen zioten erlijioko jantzi santua. Oraindik geiago dena, izandu ziran ezkonduak, senarra San Franziskoren Ordenara eta emaztia Santa Klaranera, elkar aditurik onian, anima obeto salbatziagatik, munduari agur betiko bat egin ziotenak.

        Beatrix Santa Klararen aizpa txikiena ere sartu zan erlijio artan. Andik iru urtera andre Ortulanak, alargun gelditu zanian, beste ainbeste egin zuan, jartzen zala erlijiuan bere alaba Klararen mendian, zeren Franziskok egin zuan Klara, bere umiltasunian nai ezpazuan ere, etxe santu artako buru, abadesa. Berrogei ta bi urtian iraun zuan Klarak eginkizun artan, argi egiten zuala beti bere santutasun garaiak illuntasunen erdian zuzi piztuaren gisan.

 

aurrekoa hurrengoa