www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

EMEZORTZIGARREN BURUA

 

 

ORDENAKO BIGARREN
BILLERARAKO EGITEN DITU
PRESTAMENAK

 

        Ikusten zuan gure Aita-len Santuak urte gutxitan zenbatxe aurreratu zan ta ugaritu bere Ordena, eta gogorazio onek berak ematen zion gogo berria are ta geiago saiatutzeko eta alaitasun aundiaguarekin lan egiteko. Beragatik artu zuan Ordenako bigarren billera bat egiteko asmua, artarako deiturik bere seme urrutietan zeudenak ere.

        Oraziua beti bere konbersioko egunetik izandu zan aren biotzarentzat gauzarik estimagarriena. Egun aietan ere billatu zuan onetan adiskide bat, berarekin ordu luziak igarotzeko. Anima Jaungoikuarekin elkarturik daguanian, guzia berotutzen da Jaun maitiarekin itzegiten jartzian. Baña ez beti Jaungoikuak atsegin gozuak bialtzen dizka. Ez beti oraziuari artzen zaio gusto berdina. Ez baita oraziua beti ezti. Arako Jaungoikua gordetzen zaionian anima oraziokoiari, eta deiturik indar guziaz entzuten ezpalu bezela daguanian, Atsegin ezti lenagokuak aztutzen dira, edo, obeto esateko atsegin ura atsekabian biurturik, gelditzen da biotza illuntasun aundian. Orduan galdatzen du bere biotzeko esposo maitiaz; iñork eztio erantzuten. Estututzen da biotza; au mingarri da; egiten da negar. Era onetan arkitu zan Franziskoren biotza une artan. Au zan tentazio garratza ta garaitzen gaitza. Alatan gabaz aditu zuan itz bat: «Franzisko, mostaza ale bat aña fede bazendu, aginduko zenioke mendi orri alda dedilla beste aldera, ta aldatuko litzake». Erantzun zion Franziskok: «Jauna, ez dakit zer esan nai dezun». «Mendi ori tentazioa da». Orduan esan zuan: «Jauna, zuk esan bezela gerta dedilla». Une artan bertan argitu zan bere espiritua. Desegin ziran illuntasunak, eta biotza Jaungoikuaganako amorioz berriro erazeki zitzaion.

 

 

SAN FRANZISKO MAISU ONA

 

        Eman zien bada aita-lenak adia bere ikasliai urrengo urteko maiatzaren ogei ta seirako urbiltzekua Porziunkulara. Artu zuan denbora ura guzia, zergatik asko praile arkitzen ziran txit aparte eta eskuen artian lan askorekin. Bitarteko denbora igaro zuan Santuak bere semien animako onari begiratuz, asko espirituko gauza eta utsegitiak nola erremedia erakusten. O! Alako maisu batekin gogo ona izatera, zenbat ote zitekian aurreratu!

        Seme ikasle bati, esana egiten zerbait nagi agertu zalako, agindu zion kendurik kaputxa soñetik, bota zezala surtara. Bota zuan aguro ta etzuan nai izan suak kaputxa erre. Emen ikusten da kaputxa jantziari josia etzeukala.

        Porziunkulatik Alvernako mendira, eta Alvernatik Porziunkulara, txit igoera ederra egiten zitzaion Aita-lenari. Alvernara zijuan batian, Capresoko erriberaren gañeko aldeko mendi zorrotzian, monte-acuto, ari ziran argin batzuek San pauloren eliza moldatzen. Igaruan ikusi zituan atarburu bat neketan ezin jasorik; urrikaldurik aien ezin eginaz, berak eldu zion arriari ta para zuan bere tokian neke ta izerdi gabe; arri astuna, arri ariñ, ederki jostatu zan Franzisko arekin.

        Bidian topatu zuan San Justinoko Abadia. Santua ikustian jeitxi zan zaldi gañetik eta itzegin zioten elkarri. Agur egitian esan zion Abadiak erregutu zezala artaz, ta erantzun ziokan baietz. Ekin zioten bakoitzak zeraman bidiari, eta gelditu zan Santua oraziuan, esanaz lenik: «Itz emana biar det bete». Franzisko oraziuan jartziarekin bat, sentitu zuan, bidian zijuala, Abadiak ezin eta geiagoko barrungo atsegina; geratu zan eta aiñ zan aundiya Jaungoikuak, Franziskoren oraziuaren bitartez, eman zion biotzeko amoriuaren indarra, nun Jaungoikuagan oso sartuta gelditu zan. Kordaratu zanian, lenaz gañera ezagutu zuan Franziskoren santutasun miragarria; geroztik beti bere Ordenaren adiskide biotzekua izan zan.

        Alvernatik Asisa itzuli zan batian, San Franziskoren kartzela deritzaion praile-etxian, zeña arkitzen da Asistik legua bat bide, aren onduan ikusi zuan etxe berri aundi bat. Arturik anai batzuek lagun, igo zan bere gallurrera botatzeko asmuan, eta botako ere zuan, baldin ezpazioten esan erriak egin zuala, aruntza juaten zan jendiak aterpia izan zezan, eta erriana zala etxe ura . «Gauza orrela bada —erantzun zien Santuak—, ez nere anaiak eta ez nik eztegu orrekin zer eginik. Or konpon dedilla erria bere etxiarekin», esan eta jetxi zan.

 

 

SAN FRANZISKO TA
UGOLINO KARDINALA PERUSAN

 

        Egunetik egunera alderatzen ari zan billera nagusiko eguna. Gauzak ondo antolatzeko, arturik lagun anai Leon, juan zan Perusara, nun ere arkitzen zan Ordenako anparatzalle Ugolino Kardinal Jauna. Poz aundiarekin artu zuan bere jauregian, eta egun batzuetan astiz itzegin zuten. Gure aita Santo Domingo ere egun aietan zuzendu zan Perusara. Bi aita-len adiskideak an izan zuten era naikua itzegiteko luzaro. Egun batian bieri galdetu zien Kardinal Jaunak: nai zuten edo ez beren seme-ikasliak Elizako diñidadietara goitutzia. Franziskok bezela Domingok umill erantzun zioten ezetz; bestelaz ere sobra onraturik arkitzen ziralako Elizaz. Kardinal Jauna lenaz gañera sendoturik gelditu zan bere gogatze moduan. Izan ere ainbeste birtute azaltzen zuten Jaungoikuren serbitzariak, eta aien semiak Jaungoikuaren elizaren onrari begiratzeko zeloz sutubak arkitzen ziralakoz, uste osuan zeguan, etzirala txarrenak izango leku garaiak betetzeko; aitzitik ezin ta egokienak. Denbora izan oi da maisu erakasle segur bat. Ala adiazi digu ondo ere ondo zenbateraño probetxugarri izan diran Domingoren ta Franziskoren semiak toki garaietan gizaldi askotan. Nork konta zenbatxe gizon prestu, jakintsu ba birtutetsu eman izan dituzten Elizan bi Orden-anaiak? Dizdiatu dute, eguzkiaren antzera, lur-bola guzia. Ainbeste eginkizun ta gauza erabilli zuten bi Aita-lenak orduan alkarren artian Elizaren onrari nola onduena begiratuko zioten eze, dio anai Leon Franziskoren bide-lagunak, bien biotzak aiñ zeuden elkarturik, nola beste orduz David eta Jonatasenak.

        Perusan artu zuan Asisako bidia. Ala esaten dio Santuak anai Leoni: «Orain laster egin biar dan billera orretan, esango balirateke gizon ezerez bat naizala, ezertxo ere ez dakitala, ez nola Ordena antola ta ez beste gauzarik; itz gogor ta indar aundiakin, zatarturik nere izena, botako banindukie billeraren erditik, esaten dizut, egiaz, baldin au guzia, onrak eta alabantzak artzen diran arpegi arekin berarekin, ezpanituz artuko, ez naizala umilla, ez eta ere praile egiazkua». Ongi ezagutzen da emen zenbateraño gure Santua birtutian sendoturik zeguan. Zeiñ be jotzen zuan bere burua! Lotsa da ez txikia guria gure Aitak bere umiltasunarekin ematen diguna.

 

 

ORDENAKO BIGARREN
BILLERA NAGUSIA

 

        Maiatzak ekarri zituan Pazko egunak, urtiak dituan alai ta zoragarrienak. Espiritu Santuaren etorrerarekin guziak artzen du zeru-antz bat. Egun onek kristau onaren biotza pozez ta atseginaz betetzen du. Jo zuan orduak eta Porziunkula ingurua zeru biurtu zan. Ibar-zelaiak Franziskoren semez estali ziran, bost milla ta geiago praile an kontatu ziran. Asko, txit asko neke eginak; guziak biartsuak ta alere guziak pozez betiak. Denen artian gure Aita-lena, bere biotzeko seme maitiai erotasun santuan ongi etorri bere-bizikuak egiten

        Zume, lasto ta esterakin eginik txaolak tokian bat; inguraturik ikusten ziran prailiak emen eun, an berrogei ta amar, aruntzago eun, beste aldian bestetxo bat. Batzuek errezatzen, bestiak Eliza, nola sendotu sumatzen, garaitzeko etsaiak. Batzuek birtutetsuak izateko biderik lasterrenak billatzen, bestiak berriz gogoz pobrezaren alde ona miraturik erakusten. Baña nola ondo aditzera eman guztien pakezko egoera ura? Bost milla ta geiago gizon, birtutia izmendirik garaienetara baño ere izarretaraño goitutzen! Bost milla praile lurraz azturik, zerura begira! Praile bat ikusita parra egiten dutenak, an nituzkian nik ikusi nai.

        Orduan ezagutu zan ondo San Franzikok Jaungoikauren eskuan jarririk zeukan itxoromena zein aundia zan. Bost milla ta geiago prailei esan zien: «Ez iduki jan-edanaren konturik». Eta ezere etzeukan! Inguru guzietako erriak jakinaren gañian zeuden, ikusiz beste gabe zenbat jende zan eta zer iduki biar zuten; beragatik etxaldetako Jaun eta mueta guzietako jendiak artu zuten Asisko bidia al zuanak al zuanakin. Begien itxi-idikian jan-edanez ornitu ziran. Orduan berritu zan moduren batian Jesu-Kristo gure Jaunak bost milla gizon, bost garagarrezko ogi ta bi arraitxorekin, mendian egin zuan mirari arrigarria. O, eta nola dakian gure Jaungoikuak bere serbitzari leialen arreta artzen!

        Ugolino Kardinala zan izendatu, billeraren buru egiteko. Egun aundi aren goizian bost milla prailek artu zuten erdian erdiz-erdi, bi aldetan jarririk, Kardinal Jauna, Meza nagusia kantatzera zijuakiela. Orpoz-orpo bata bestiaren ondoren jarri ziran ongi etorri zoramengarrian, ta lagundu zioten aldarera egoki. Kardinal Jaunari ikuste utsak txaola gisako aterpe gaizki antolatuak, eragin zion negar baña negar gozua, zeren, barrengo pozak gañez egiten zion bezela, oiuz adiazi zuan bere sentimentu jatorra Jakoberen itzakin: «Oetxek bai dirala egiaz Jaungoikuaren kanpamentuak». Castra Dei sunt hauec (Genes 32).

        Urte artan maiatzaren ogei ta seian zan Espiritu Santuaren etorrera egiaztutzen zana. Au zan milla berreun ta emeretzigarren urtian. Kardinal Jaunak esan zuan meza, egunak agintzen zuan arazo guziarekin, eta azaldu zien Jaungoikuaren itza. San Franziskok kantatu zuan Ebanjeliua Meza artan. Eztago pensatu besterik zenbaterañoko poza artuko zuan Santuak, bere nekiak Jaungoikuak ainbeste bedeinkatu zituala ikusita. Beragatik esker onak Jaungoikuari emateko, ain ederki Ordenak indar artu zualakoz, jarri zan oraziuan. Orduan agertu ziozkan zeruak gauza ezkutu asko, baita ere Ordenak denboretan izango zituan gora-bera guztiak. Oraziuan jakin zuan ere, nola an arkitzen ziran asko prailek galdu zuten osasuna geiegizko illarazte ta penitentziakin.

 

 

SANTUAREN ITZ-ALDIAK

 

        Juan zan bada bere seme ikaslietara, ta artu zuten bizitzari are gogotiago jarrai zekioten, biotzak alaitu ta animatzeko esan zien: «Gauza aundiak egindu ditugu guk; aundiaguak egintzen zaizkigu; guarda ditzagun oriek; desiatu aiek; atsekabiak dira labur; atsegiñak betikuak; nekiak dira ariñ; gloria azkengabia; asko dira deituak; gutxi ordia autuak; bakoitzarena saria. Ala biz. Ez, nere semiak, ez beñere atzera begiratu Jaunaren serbitze santuan. Edozein birtutetan beti biar da ibilli aurreraka, ta ez beñere gelditu; gelditza emen egitia ta atzeratzia gauza bat da. Batez ere izan zaitezte Elizari obeditzeko gaian itxubak. Elizaren dotrina maita zazute biotzez, eta onen defensan, ala biar balitz, zañetako odola ere ixurtzeko zaute beti prest. Erreglaren aginduak betetzeko zintzo ta leialak biar zerate izan, zeren gero espero degun sariak au ta geiago eskatzen du. Arbuiatu mundua; gorde garbi biotza, bai ta ere gorputza. Pobre, biartsu ta umill izatia on ta prestu, maitatu, gizonen ta aingeruen aurrian. Amatu zeon antzekuak, ta karidadezko neurri batekin neurtu denak berdin. Baña guziez gañ esaten dizutet, bota zazutela zuen gorputzaren arreta Jaungoikuagan, utzi bere eskuan ta berak mantenduko zaituzte. Mendi ta zelaietako txorien arreta daukanak, eztu agian izango gizonarena?» Gisa onetan indar guztiaz San Fraziskok bere semeai itz-alditxuak eginaz unetik-unera, birtutiari gogoz jarraitu zioten, leiatzen zan espirituko gidari ona bezela, eta zuzendutzen zituan segur zeruko bidian ongi kalkatuz.

        Etzitzaion on-iritzi, jakin zuanian bere asko semek osasuna galtzeraño zatitzen zutela gorputza. Ona zergatik, bandua jorik, agindu zien bere semiai, gorputza ilduratzeko ta zatitzeko zerbait erramienta zeukaten guziyak, utzi zitzetela aren eskuan. Gauza arritzekua! Denak umill ta ixil juan zitzaizkan bere eskuan uztera zuenak zuana. An agertu ziran burnizko gerriku zi-zorrotzak; kate zi-izartuak eta beste milla muetako birtutiaren maitatzalliak somatutako ziz-miak. Bost eun ta geiago bildu ziran guzitatik. Kardinal ta arekin lagun juan ziran beste aundizkiak, gelditu ziran aeri begira arriturik. Ikusirik erlijiotsu aiek azala ta ezurra besterik ez; zer janik ez; sosik ain gutxi; estera txatar batzuek etziteko ta arri gorria batzuek, bestiak zur gordiña belarri aldiak berotzeko, elkarri esaten zioten ikusmiratzalliak: «Zein egia dan aberatsak nekez sartuko dirala zeruan! Ok onela penitentziako bidian dabiltz ertsi ta estu, eta gu gabiltz penitentziarik gabe lasa ta zabal! Alaz guztiz ere nai degu oen eriotza, ta oen bizitzak izutzen gaitu!»

        Gogoratze ederrak, egiztatuko balira; baña asko gelditzen dira, santuen bizitzak irakurtzian, aien egite miragarriaz ta birtute aundiyaz arriturik, baita ere inbidiarekin. Baña, zenbat dira aeri jarraitzeko asmua arturik ere saiatutzen diranak aleginaz? Iñor gutxi.

        Gure aita Santo Domingo ere arkitu zan billera artan, eta pitxi eder batek begiak ziozkan argitu. Ikusten zuan bere birtutezko jakinduriarekin pobretasunaren pitxi ederrak nola dizdiatzen zuan an. gogo aundi bat egin zitzaion, Santuari lenaz gañera estu ta sendo onekin besarkatzeko. Ala egin zuan berak eta ala erakutsi zien bere semiai.

 

 

DIABRUEN BATZARRA

 

        Inpernua etzeguan lo. Zenbat satu aundiago, diabruak dio ari gorroto geiago. Asko anima kentzen ziozkaten atzaparretatik diabruari Franziskok eta bere semiak. Demonio itsusiari onek ematen zion miñ. Ikusi zuan Satanasek nola bere erreinua galtziagatik Franzisko alegiña egiten zebillen. Orduan bertan ikusten zuan bost milla ta geiagoko billera ura. Oeri indarra galtzeko, berak ere infernuko su-leize ikaragarrian egiten du diabruen batzar aundi bat. Erabaki zan batzar illun artan egin biar zitzaiola gerra biziya Franziskoren Ordenari. Artarako aukeratu zituzten bi arma; Satanasek esan zien bere menpeko demonio taldiai: «Egizute Ordena orretan sartutzeko modua gizon jakintsu ta aberats ergel-aziak. Erraz jakintsuak buiatuko ditugu, ta umiltasunian beñere zimentatuko ez dira. Aberats ergel-aziak berriz, pobretasun latza ezin eramango dute, eta alderdi onetatik aisa eskutako ditugu».

        Jakinik au guziya, gure Santuak agindu zien bere seme maitiai irmotasun aundiyarekin iraun zezatela pobre ta umill bizitzen. «Egizute zeon aldetik al dezutena Ordena onetan sartu nai dutenak gazterik sartzeko. Zenbat eta gaztiago sartuko diran, munduko malezi gutxiago izango dute, eta askozaz errazago jarriko dira gure bizi-modura, eta ok etsaiari gogotiago eusten diote».

 

 

UGOLINO KARDINALA,
ANAI ELIAS ETA
SAN FRANZISKO

 

        Gizona bizi dan arte ezta goragarri. Billera eder onetan egun batez Ugolino Jaunak egin zien itz-aldi bat prailiai. Eta bukaeran goratu zituan itz guztiz onragarriakin. An zeguan Franzisko. elizako prinzipiak bukatu zuanian bere itz-aldia, juan zitzaion ari Santua eta eskatu zion itzegiteko baimena. Asi zan itzegiten gure Santua, eta sartu zien goikuaz bere Kardinal Jaunak esan ziena. Ark lauda bezela, onek ziran baño txikiago egin zituan, esanaz beste asko itzen artian: «Ez dezute uste izan orañ arte zerbait egin dezutenik. Guk egiten deguna da gauza gutxi, eta egiten degu, egin biar deguna. Alere! Zenbat aldiz Jaungoikuaren graziari erantzuten diogu gaizki? Zenbat utsegin egiten ditugu morrontza santu onetan? Ez, beraz, nere seme maitiak, ez geiegi poztu; erori diteke zutik daguana». Onela itzegin zan Franzisko. Ugolinoren biotza apur bat illundu zan, eta esan zion mintzoki: «Nere anaia, zertako nik esana atzekuaz aurrera sartu diezu? Nik alde ona agertu dietelako, zuk alde erantzia erakutsi diezu; Nik beren birtute aundia onratu detalako, zuk utsegite ariñakin nabarmendu ta beratu dituzu». «Nere Jaun eta Aita —erantzun zion Santuak—; berorrek eman dien onrak obeto iraun dezan orrela itzegin naiz. Bildur nintzan berorren klaseko batek orrela emanik alabantza gozuak, aize arruak, umiltasunian oraindik ongi itsatsirik ez dauden biotzak, atera ez zitzan beren lurretik, erro gaztetxuak etenik». O zeruko dotrina! Egia da, irakurle ona, denik eta biotzik birtutetsuenak dituala bere arriskuak. Onrak eta itz leunak kilikatzen dute birtutia, eta uste gabetanik umiltasunian egiten dira erorte mingarriak. San Franziskoren dotrinaren araura, onrak bezela desonrak arpegi berdiñarekin biar dira artu. Jakin ezazu birtutia arrisku aundiaguan daguala onratua eta alabatua danian, ezen ez onragabetua ta arbuiatu ta zanpatua. Laster ikusi zan zenbateraño gure Santua Jaungoikuren espirituak gidatzen zuan. Oraindik etziran igaro ogei ta lau ordu eta anaia Elias, Toscanako Probinziala, ta Straquiako anaia Juan, Boloniako Probinziala, beste batzuekin, aurkeztu ziran Ugolino Kardinalaren aurrian milla aitzakirekin. Oek esan zioten Kardinal Ordenako anparatzalliari erreguz, esan zeiola anai Franziskori berak, bere izenian, aiek aotan artu gabetanik: Bere semien kontselluak aditu biar zituala, zeren aien artian arkitzen ziran asko jakintsu, Ordena ondo gidatzeko aina ziran gizon prestuak. Batez ere izanik beren Aita-lena gizon senzill ta ez txit jakinduri aundikua, zeñari gañera bere osasun eroriak etzion astirik ematen, Ordenak jartzen ziozkan egin-bidiak betetzeko. Onezaz gañera, erregla berri bat egin gabe, beti zirala errespetagarri antzinako San Basilio, San Agustin eta San Benitoren erreglak, eta aietako bat antola zitekiala guztien erara, berririk egin gabe; «erregla aiek egin zituztenak baño obiak bagiña bezela».

        Aditu zituan aien aitzaki arrazoi-moduak Kardinalak, artu zuan ere denbora aek goguan erabiltzeko. Gero Franziskori agertu zion zer igarotzen zan, eta aitzaki-emalliak, Ordena ongi gidatzeko artarakuak baziran bezela, itzegin zitzaion. Aditu bezain aguro altxatu zan Santua Kardinal Jaunaren aldamenetik, eta, arturik eskutik bera, juan zan alatan billeraren erdira. Onetarako Jaungoikuak agertu zion anai Elias ta aren lagunak etzeudela an. Orduan bere semien erdian askatu zuan Aita-len santuak bere mingaña eta esan zuan: «Nere anaiak, nere anaiak: Jaungoikuak deitu nau umiltasun ta senziltasunaren bidez gurutzeko erotasunari jarrai deiotan. Bere gloria da au eta nere lotsa. Zuen biotzak paketutzeko nai dizutet agertu berak esan ditana: "Franzisko, esan dit, nik nai det izatia zu munduan ero txiki bat; zere itz eta zere egitiakin adiarazteko gurutze batian ill zanaren erotasuna. Ez zuk eta ez zurekin daudenak deiotela begiratu eta jarraitu niri, nik zuri eman dizutan bizi-eran baizik. Ez beraz niri itzegin beste erreglaz; nik ez diot jarraituko, ez eta ere besteri aginduko Jaungoikuak bere erruki aundian niri eman diran oni baizik. Berak bereixtia asko ez dala, beste anaiak bide onetatik bereixten dituztenak, bildur naiz Jaungoikuaren aserriak arrepa ez ditzan, eta, bide onian dabiltzala uste izanik, arkitu ez ditezen gero lotsaturik"».

        Arpegiz-arpegi jarririk gero Kardinalari esan zion: «Nere Jauna, orrako jakintsu berorren Jauntasunak laudatzen dituan oriek, beren iritziko prestutasunarekin, Jaungoikua ta berorri nai lituzkie engaña; bañan berak dira engañatzen, desegin nairik gure Jaungoikuak, ni beraren serbitzari ezerez-utsaren bitartez, agintzen duana, beren animen onerako. Nik diotana eta egiten detana gai onetan ez da neria; Ordena gidatzeko berriz ni nere indarretan ez naiz fiyo. Zuzentzen ditut nik Ordenako gauzak, eskari luziak aurrez nere Aita zerukuari eginta. Jaungoikuaren gogua munduko jakinduri motzari atzendutzen dienak, arkitzen dira betiko galeraren arriskuan». Au esan eta utzi zituan Franziskok. Orduan Kardinalak esan zion anai Eliasi eta bere lagunai: «Aditu dezute nola Espiritu Santua itzegin dan gizon onen aoz? Obedi zaiozute umillaturik Jaungoikuaren naia nai badezute egin». Beratu ziran eta obeditu zuten orduan beintzat.

        Anai Elias au zan gizon bat birtute baño jakinduri geiago zuana. Zekiana zerbait bazekiala, eta au da nork bere burua dan baño jakintsuago egitia. Gero ta gero ere lanak eman ziozkan Ordenari onek, eta naigabia pranko gure Aita-lenari, beti onen itzala errespetatzen zuala bazan ere. Etzezakian gutxiago. Iaiua zala agertu zan gidari bezela ta aditua. Baña munduari arpegi alaiegia jartzen zion; ez bere Aitak bezela arbuioz. Munduko aizia izanik galkorra, munduak aizatu ta buiatu zuan, bere biotzian esateraño: «Nik geiago dakit, nere aita-lenak baño». Bañan Jaungoikuak autu zuan Ordena berria zimentatzeko Franzisko, eta artarako eman zion bere espiritua. Ez dedilla iñor izan jakintsu, diot nik, bere begian.

 

 

ARTZEN DITU SANTUAK
BITARTEKO TXIT ONAK
BERE SEMIEN ALDE

 

        Asko erlijiosok esan zioten beren Aita-len maitiari, nola leku askotan, zein ziranen argi-biderik etzutelako, gaizki artuak izaten ziran; ainbesteraño ze, ez Obispok eta ez apaizek utzitzen etzioten predikatzen. Au ikusirik, nai zuten izkiribitutako paper bat, nor ziran adiarazteko. Gañera eskatzen zuten, Obispu Jaunaren konturik gabe. Aita Santuaren baimen utsarekin, arkitzen ziran lekuan, predikatzekua. Azken eskari au etzan izan Santuaren gogokua. Ona zergatik esan zien: «Ubiltasunarekin ta Jaungoikuaren amorioz errebesak eramanaz irebazi zitzetela gizonen goguak».

        Laster logratu zuan Kardinal Jaunak Aita Santu Honorio irugarrenagandik eskatutzen zituzten paperak; ta gañera onek berak eman zizten asko izkiribitu batarentzat eta bestiarentzat, zeñekin juan zitezkian segur munduaren edozein bazterretara, ongi artuak izango ziran esperantza osuarekin.

        Bere aldetik eman zizten Aita-lenak ere iru kartatxo. Lenbizikua Apaizen buru ta apaizentzat; bigarrena erriko buruentzat; eta irugarena praile-etxietako buru egiten zutenentzat. Arma oekin, prest jarri ziran elkarri agur egiteko, eta bakoitzak obedientziak agintzen zion tokian lan egiteko, ta anima askoren salbamentua, nor beriaz aztu gabe, aseguratzeko.

 

 

BILLERA NAGUSIAN EGIN ZIRAN
IRU ERABAKITZE EDER

 

        Iru gauza goguangarri erabaki ziran billera artan. Lenbizikua zan, larunbat guzietan Ordenako Elizetan kanta zedilla meza bat Maria dontzella txit garbiaren sortze oben gabiaren onran. Emendik konturatu bedi irakurlia zeñ zarra dan gure Ordenan San Franziskoren semien jaiera Mariaren sortze jatorrizko pekatuaren kutsu gabiaren alderako. Egiaz San Franzisko zan Mariaren deboto aundia, eta zinez ta benaz Maria maitatzen zuan, eta Jaungoikuak argitu zion adimentua berak maitatzen zuan Amaren doai bereziak agertzeko.

        Aita-lenak utzi zigun seniparte au, beti izandu da miragarria gure Ordenan. Elizak erabaki baño len fedeko egia bezela Mariaren sortze garbiya, seireun eta ogei ta amabost urtez aurretik, larunbat oro gure Ordenan kantatzen zan meza bat, eta geroztik beti kantatu da. Gure Aitak erakutsi bezela semiak leiatu dira egi onen defensan. Guztien artian zitatu biar det arako Mariaren adiskide ta amiratzalle aundi Juan Dunsio Escoto Beneragarria, askok maisiatua eta gutxik ondo aditua. Jakintsuen artian nabar bada ere, azaldu oi da inbidia, jakintasuna umiltasunian zimentatzen ez danian. Ez dira biak etsaiak, baña gutxik elkartzen ditu biak. Escoto ez da ezagutzen, eta askok itzegiten dute arintasun aundiarekin gizon onezaz. Itz bat ez dakite onen liburuetatik, airian desairez aditua baizik, eta onetan buru ariñen señak ematen dituzte, jakintsu aundi diralako ustietan. Ur garbia nai duanak, iturburura biar du txarrua eraman.

        Bigarren legia zan egin zeiotela ofiziuan orazio berezi bat San Pedro ta San Paulo Apostoluai, Eliz Ama Santaren biartasunakgatik. Emen argi agiri da, len bizitza onetan irakurri danez gañera, zenbateraño gure Aita-lenaren biotzeko amoriua Elizarentzat zan aundia ta benazkua. Au ere Aitagandik igaro da semietara.

        Lan aundia litzake adiaraztia emen zenbat egin duten San Franziskoren semiak Elizaren defensan eta fede Santua barriatzen. Batzuek birtutezko jantzi ederraz apaindurik biotza, eginaz orazio sutu-irazekiyak Zeruko Aitari. Bestiak Jaungoikuaren itza adiaraziz. Beste askok beren zañetako odola fede santuagatik ixuriaz oñaze izugarrien erdian. Txit askok ere lumaz izkiribituz arrazoi senduak ereje ta dotrina txarren kontra. Nork konta zazpi gizalditan Ordena miragarri onek Eliz Ama Santari pagatu diozkan zorrak? Beñere palta izan ez ditu etsaiak Elizak; ez ta ere San Franziskoren Ordenan garaitzalliak.

        Esteren billeran egin zan irugarren lege bat: praile-etxe ta Elizak egin zitezela txiki ta pobriak. Lege au denboren ta biartasunen araura gorde izan da Ordenan, leku batzuetan bestietan baño zorrotzago. Ezagutzen da gure Santuaren gogua zala pobretasunaren birtute maitagarria bere semiai maitaraztia. Ain da gozua birtute au, ain indartsua denbora berian espiritua noiznai zeruronz libro ta ariñ jasotzeko, egunoro ezagutzen dan bezela. Lurrera lurrak deitzen duan bezela gizon lurtiaren biotzak, orobat lurrarekin konturik ez duenarena zeruak deitzen du. Maita dezagun biotzetik pobre izatia. Iñori onek ez daki miñik ematen, zeren pobreza da usai gozoko lore arantza gabia.

 

aurrekoa hurrengoa