www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN BURUA

 

 

SAN DAMIANGO ELIZA BERRITZEKO
SALTZEN DITU OIALAK

 

        Aurrena egin zuana zan San Damiango apaiz jaun D. Pedrori uztia zeraman dirua, jarri zezan, itz misteriotsu aiek irten ziran gurutze santuaren aurrian, lanpara bat gau ta egun pizturik egon zedin. Egunetik egunera Jesusen Pasio ta eriotzaren jaiera, irazekiago egiten ari zan Santuaren biotzian. Ordutik gurutze baten ikuste utsak eragiten zion negar ugari, begiak gorritu ta odoldutzeraño. Negar egitia bat zan; gañera zatitzen zuan bere gorputza gogor, ta lotutzen zuan gerriko latz batekin larrua ebakitzeraño. Itz batez illarazte aundiakin lankozten zuan ordukoz bere burua.

        Astirik etzion ematen San Damiango elizak, Jesukristok gurutze santutik agindu ziona bete biar zan. Beste askotan egiten zuan bezela, nola aita etxian etzanian dendako ta gañerako juan-etorri ta sal-erosien kontua berak eramaten baizuan, eta orduan ere aita erbestian zuan, artu zituan oial batzuek eta bere zaldiyan jarririk, joan zan Foliñoko erriko feriara. Saldu zituan oialak, baita ere bere zaldiya. Itzuli zan oñez bere errira, ta, denborarik galdu gabe, D. Pedro apaiz jaunari nai ziozkan eman diru aiek guztiyak, eliza berritzeko izan ditezela esanez. Etzan trebetu orduan apaiza diru ura artutzen, ez Franziskok ezin zualako nai zuana egin diru artaz ta geiagoz ere, baizik Pedro Bernardon nor zan ondo zekialako. Franzisko arkitzen zan ogei ta bostgarren urtian: asko irabazten zuan aitarekin batera: seme zarrena zan gañera: gurasuak txit zituan aberatsak: zaldiya beria zuan. Aitaren paltan geroz ura ta geiago egin zezakian. Eta nork daki bere amarekin elkar artuta egin bazuan ere? Gañera Jesukristok agindu zion berritu zezala bere etxia; legez era artan egin zezakiala, duda gabe uste zuan Santuak, eta, berari tokatzen zitzaion senipartia izango bazan ere, saldu zituan bidez ta legez oialak ta zaldiya.

        Laster ikusiko da nola mirari aundi batekin, zeña Jaungoikuak bere aitaren aserretik Franzisko, libratutzeko egin ta adiazi zuan, ontzat ematen zituala Santuaren egitiak. Beragatik zorioneko saltzia deitzen dio oni San Buenabenturak.

        Jesusen Biotzak gurutzetik agertu zion amoriuak tiratzen du bere aldera Franziskoren biotzeko amoriua. Nai du egin bere egoitza San Damiango gurutze santuaren onduan; ona zergatik D. Pedro apaizari eskatu zion bizitzeko lekua bere etxian. «Bai —erantzun zion D. Pedrok—, nai badezu nerekin egon egun batzuetan, nere etxeko atiak zuretzat idikiak daude beti; baña diru ori ez dizut orañ artuko». Nola diruari autsari baño geiago etzion begiratzen, tira zuan elizako leio batera; eta gelditu zan apaizarekin.

 

 

FRANZISKO BERE AITAREN IGESI

 

        Pedro Bernardon etxeratu zanian, jakin zuan bere seme zarrenak zer egin zuan. Nola baizan, len zerbait adiazi detan bezela, gizon bat oso aberastiari emana, diru-pillak begia zorrozten ziona, ta lurreko ondasunetara guzia itxutua, sartu zan aserre biziyan bere semiarentzat. Juaten da D. Pedro San Damianguaren etxera, galdetzen du bere semiaz ta abiatzen da etxia miratzen. Sartzen da Franzisko zeguan gelan; eta —o mirari aundiya!— ez du ikusten. Zer gertatu zan? Aitaren aserre ura ikusi zuanian, Franzisko jarri zan gelako atiaren atzian, paretiaren ta atiaren tartian; ta, oso atia idiki zutenian, paretiak, argizari biguña bazen bezela, leku egin zion Franziskori, bera bete-beteko zulua eginik. Ona zergatik Aitak etzuan ikusi. Semia arkitu etzuanian, Bernardonek aldegin zuan andik ez txit erraz. Onela Jaungoikuak ontzat ematen zituan, mirariak eginik bera guardatzeko, gure Santuak egiten zituan lanak. Duda gabe Jaungoikuak berak mugitzen zuan Franziskoren biotza lan aietara. Etxe artan gero jarri ziranian Santa Klara ta bere alabak, etzuten desegin pareteko zulo ura; ta gaur dan egunian ikusten da orañdik, eta dago an Santuaren iduri eder bat. Aldegin zuanian Pedro Bernardonek, irten zan andik Franzisko ta ostartu, erretiratu zan leize-zulo batera, bere lagun batek baizik beste iñork ere etzekian bakardadera. Onek eramaten zion bizitzeko jan biar zuana. Illabete igaro zuan orazio gartsu ta illarazte gogorretan.

 

 

SARTZEN DU AITAK ITXIAN
ETA AMAK IDIKITZEN DIO ATIA

 

        Luze iritzirik bere bakardadeko egoerari ta gañera bere burua kobarde eginik, irten zan leize-zulotik; alaiturik bere biotza etsai aundi bat garaitu biar duan baten gisan, dijua zuzen bere ait-amen etxerunz. Baña ikusi zutenian itxura txarrian, arpegi eder ura diena itxusituta, jantzi arekin, mutil koskorrak inguratu zuten etxera eldu baño len. Egun artan ederki jostatu nai izan zuten Santuarekin. Batzuek deitzen zioten erua, bestiak tiratzen zioten loia, guztiak egin biar zioten zerbait desprezio. Santua zeguan guzien artian ixil ta umill, Jesusen amorioz eramaten al zuan ondoena. Jakin zuan Pedro Bernardonek nola zebilkien bere seme Franzisko. Irten zan etxetik beti aserreturik; arkitu zuan noiz-ere-bait. Artzen du besotik, ta amenazua ta errabia agertzen duala itz bakoitzian, an derama, bildots umill bat loturik eraman oi dan bezela, etxera. Saiatutzen da semia atzeratu nairik artu zuan bizi-modu artatik, baña alferrik; amenazatzen du, ta alferrik. Nola utzi zeiokion artu zuan bizitzari, zeruak agindurik artu bazuan? Ezin besterik iritxi zuanian, sartu zuan itxiyan eskallerape illunian. Ogei ta bost urteko semia aita gaiztuak onela dabilki! Alere gure Santuak pozik au guzia eramaten zuan. Sentitzen bazuan ere bere biotzian aita batek au egitia, negarra begira erakarteraño, alaitzen zuan bere biotza arako Ebanjelio santuko itz oekiñ: «Zorionekuak justiziagatik sufritzen dutenak, zeren aena dan zeruetako erreinua». Franzisko egon zan toki ura Españiako errege Filipe irugarrenaren aginduz, an praile-etxia egin zanian guardatu zan ta oraindik ere ikusten da.

        Amaren biotz biguñak ezin zuan eraman aitak bere semiarekin egiten zuan gogortasun ura. Ona zergatik, Pedro Bernardon bere eginkizun batera erbestaratu zan batian, emaztiak beregañ arturik senarraren aserria, idiki zion atia bere seme biotzekuari, ta, emanik laztan gozo bat, libre utzi zion esanaz: «Zuaz, nere biotzeko seme maitia, Jaungoikuak deitzen zaituan lekura; egin dedilla Beraren gogo santua». Amari esker onak eman ta lasterka ariñian juan zan San Damiango apaizaren etxeruntz. Emen arkitzen zan Santua, Bernardon etxeratu zanian. Gizon aserreti zitalak somatu al guziak bere emazte onari esan ondorian, irteten da etxetik bere semiaren billa.

 

 

FRANZISKO BERE AITAREKIN
OBISPUAREN AURRIAN

 

        Erio-suarrian jotzen du Pedro Bernardonek San Damiango apaiz-etxia. Franzisko, len baño birtutian indartsuago, ezta gordetzen. Aurkezten zaio umill aitari. Aitaren esan guztiyak aditu zituan. Esaten zion ganbiatu zezala artu zuan bizi-modu berria lenagokuan; baña alferrik izan zan: Franziskoren oña etzan toki-aldatu, etziokan ere Jaungoikua obeto serbitzeko asmuari ukamenik eman. Etsi zuanian ezin ezertxo ere zezala semiarekin, galdetu zion: ea zer egin zuan zaldi ta oialaren diruaz. «Ortxen daude leiuan», erantzun zion. Pedro Bernardon diru zalia, dirua ikusi zuanian, zerbait gozatu zan. Baña nola arkitzen baizan bere semiak diru geiago izan biar zuala errezeloz betia, etzen ase aitaren biotza diru arrekin ta eraman zuan juezaren aurrera. Bazekian onek Franziskoren berri zerbait, edo Franzisko tonsuratua zegualakoz edo zekialakoz Obispo jaunaren penitentia zala edo beste motiburengatik, esan zion juezak, Obispo jaunak erabaki biar zuala gauza ura. Etzan atzeratu ainbestez Bernardon ta eraman zuan semia Obispo Jaunaren aurrera. Franzisko aurkeztu zanian bere espirituko aitaren aurrian, Pedro Bernardon bere aitari itzegiteko astirik eman gabe, erantzi zan bere soñeko arropaz larru-gorriraño, eta biurtu ziozkan aitari, zeukan diru pixkarekin batera, esanaz: «Orra nik ditudanak. Ez bakarrik oriek, baita ere utzitzen diot tokatzen zaitan senipartia, egin dezan nai duana; nik ez det mundu onetako gauzarik nai. Orañ arte zu izandu zera nere aita lurrekua, baño au ere uzten dizut; zergatik Aita bat daukat zeruan, nere arreta artutzen duana, zeñari iñoiz ere baño gaur deitu nenkioke egiaz ta deitzen diot: Aita guria, zeruetan zaudena, zu zera nere aberastasun guzia». Egite miragarri onek negarra atera zien an arkitzen ziran guztiei. Franziskoren gerrian gañera ikusten zuten gerriko latz bat, au da zilizio mingarri bat. Obispo Jauna altxatu zan Franzisko erantzi bezain laster, ta, negarra begian zuala, bere kaparekin estali zituan Santuaren alderdi gorriyak. Agindu zuan ekarri zeiotela zerbait Santua jantzitzeko, eta, agindu bezela, ekarri zioten txamarra luze bat, zeña jantzi zuan poz aundi batekin Santu miragarriak; baña, jantzi baño len, ieltso puska batekin gurutze aundi bat seña egin onduan. Au gertatu zan milla berreun ta seigarren urtian, ogei ta bost urte Santuak zituan garaian.

 

 

JOTZEN DU ERROMA;
BIURTZEN DA ASISA
ETA EKITEN DIO SAN DAMIANGO
ELIZA BERRITZIARI

 

        Gure aita-lena, Asisko lore ederra, txamarra zar batekin pozik ikusita, bere seme-alabak biar luke lotsatu gogoraturik zeñ gutxi dauden beren aitaren antzera ebakiak, munduko moda animaren kaltegarri diranai arreta ezin ta aundiaguarekin jarraitzen diela, artaraxe biartuak baleude bezela.

        Libraturik Franzisko aitaren mendetik, bakardadia nai zuan billatu ta jo zuan mendira. Kantari Jaungoikua alabatzen espirituko libertaderik aundienian zebillela, erori zan lapurren eskuetan. Galdetu zioten zeñ zan, eta erantzun zien Franziskok, bere etorkizunaren berri zekian batek bezela: «Ni naiz Jaungoiko Errege aundiaren eraldua». Santuaren esan au artu zuten ero baten esantzat lapurrak, eta bota zuten amilka, elurraz estalirik zeguan erreten batera, esanaz: «Egon ari orañ or etzana, gero noizbait artalderen baten artzai basatiya izango aizana». Nola-ere-bait irten zan andik ta berriro Jaungoikua alabatzen abiatu zan kantuz.

        San Benitoren semiak bizi ziran inguru artan eta gosiak eraman zuan aien atonduan bizitzeko biar zuana eskatzera. Erlijioso aeri gazte arren umiltasunak irebazi zien bioza. Sartu zuten barruna eta eman zioten biar-gai bat beenekua, zeña zan sukalkinari laguntzia. Egun batzuek igaro zituan an, ta irten zan gero andik esker onak emanik; bada iruditu zitzaion Jaungoikuak etzuala deitu an egotera. Gubioko errira eldu zanian, topatu zuan bere lenagoko adiskide batek, eta gaizki jantzirik bazeguan ere Franzisko, adiskide onak ezaguera eman zion. Gero esan zion: «Franzisko, txamarra ori motzegi daukazu; nik egingo dizut tunika bat luziagua, eremutarrak izan oi duten gisakua». Franzisko jarri zan bere adiskidiaren esanera. Jantzi zuan tunika; lotu zuan ere gerria larru txabal batekin, eta, makillatxo bat eskuan arturik, abiatu zan Erromarunz bidegiten. Erroman, elizako egitekuak egin ondorian, joaten zan eritegietara eta an igarotzen zuan gañerako denbora karidadezko lanetan. Naikua amorio eri-gaxuai agertu zienian, erabaki zuan Asisa itzultzia. Espoletoko errian topatu zuan gizon bat min-biziak ezpañak eta sudurra jana. Franziskori oñian nai zion onek muñ egin, ta onela agertu, erien osasuna zanari, bere onginaia. Etzion utzi nai Franziskok ainbesteraño umillatzen gizontxo ari, zergatikan umillatzeko gai onetan berak nai zuan aurrena ibilli. Beragatik arpegi nazkagarri artan eman zion laztan gozo bat. Eta, —o arrigarria!— laztan arekin sendatu zuan oso min-biziak ainbeste penatzen zuana.

        Sartu zan Asisen kantari Jaungoikua alabatzen, ta kantoi iskinetan bere kantuzko saiuak egin zituanian, joan zan San Damiana. Eliza berritzeko lanari asi biar zitzaion ta abiatu zan eskian.

 

 

ESKATZEN DU
ATEZ-ATE ASISEN

 

        Egunero etxez-etxe zebillen Santua San Damiango eliza antolatzeko biar zuanaren eske. Iseka ta burla egiten zioten askok, beste batzuek berriz urrikaldurik ematen zioten zerbait. Bere alegiñaz saiatutzen zan. Kopetako izerdiari begiratu gabe laguntzen zien argiñari lanian. D. Pedro apaiza gazte aren leialtasunari txoraturik zeguan begira. Arritutzen zuan Franziskoren birtute aundiak. Arkitzen zuan edozeini eskatzen zion Franziskok. Ala esan oi zuan: «Arri bat ematen diranak, izango du sari bat; bi ematen dizkidanak, izango ditu bi sari; iru ematen dizkianak, iru». Santu langilleari apaizak ematen zion otordu polit bat, indartu zedin zerbait, baña Santuari iduritu zitzaion biguntasun geiegirekin bere gorputza tratatzen zuala. «Zer? —esaten zion bere buruari—, billatuko ote dek nun nai apaiz bat D. Pedro bezelakua iretzat onginaiz betia? Ez, au ez da nik aukeratu detan bizimodua. Beraz gaurtik aurrera juan nadin eskera, eskatu dezatan etxez-etxe bizitzeko biar detana Jaungoikuaren amoriuagatik. Gisa onetan bizi biar det, nere amorioz pobretasunaren biotzian bizi ta ill zanaren izenian». Onela erabaki onduan, biaramunetik arturik katilu zokon bat abiatu zan otorduko garaian atez-ate eskian. Ematen zioten dena katilu artara kondenatzen zuan. Ontzi egoki ura biar aina bete zuanian, jendiak ikusteko tokirik agirienian, edo arri baten gañian eserita edo lurrian, abiatu zan jaten; baña lendabiziko aokada, auan sartu baño len itzuli zuan, ezpañak ukituta, katilura: zeren ango naskunde ark barren guzia ira-biratu zion. Bañan beriala, pobretasun bere esposa maitiaz oroiturik eta lotsaturik bere birtute txikiaz ta argaltasun aundiaz, menderaturik gorputzaren kutizia, gogoz edo gogo gabe asi zan jaten. Katilua ustutzen zijuan bezela, len nasmen ark ematen zion larria zijuakion ere gutxituz. Onela ostatu merke oni gusto artu zion, alako moduan eze, ez bakarrik azkenerako artzen zion gusto ona janari arri: baño oraindik, berak esan oi zuan, bere bizian jatordu oberik etzuala egin izan, nola orduan.

        Joan zitzaion San Damian-go apaizari eta poz aundi batekin esan zion: «Apaiz Jauna, topatu det sukalkin bat guztiz modu onian, eta berorrek baño ere obeto jana maniatzen dakiana. Ez beza geiago, janaren gañian, emendik aurrera, nere konturik izan».

 

 

AITAREN TA
ANAIAREN DESPREZIUAK
NOLA ZITUAN ERAMATEN

 

        Franzisko gure Aita-len santua bere aita Pedro Bernardonek ikusten zuanian eskian, madarikatzen zuan, eta aitaren madarikaziuak semiaren biotza ezin eta geiagoraño penatutzen zuten. Aitaren madarikazio aiezaz aztu zedin edo beintzat zerbait arindu sentitzen zuan naigabia, somatu zuan modu bat txit egokia. Aitona eskale bati esan zion bein: «Begira: baldin nik esana egiten badezu, nik zuri jaten billatuko dizut». Aitonak: «Pozik». «Ona bada zer biar dezun egin: nere aitak madarikatzen nauanian, zuk bedeinkatuko nazu». Ala esaten zion aita mingañ gaiztokuari madarikatzen zuanian: «Sinistatu biar dit, aita, Jaungoikuak eman ditala beste aita bat, zeñaren bitartez datorzkit bendizio ugariak, zuk madarikatzen nazun aldi bakoitzian».

        Bere anai bakar Anjelek ere azkenik burla ta farra egiten zion. Bein batian Franzisko arkitzen zan elizan otzak-ikara bere oraziuak egiten. Bere antzeko lagun bat biali zion Anjelek esanta: «Joan akio ta galdetu iok, zenbatian salduko ditan izerdi piska bat». Erantzun zion Santuak Jaungoikuaren argitasun aundiarekin: «Nik ez daukat nere izerdia orren merke gizonari saltzeko: garestiago salduko diot nere Jaungoikuari».

 

 

ERRI GUZIYAK AZKENIK
MAITATZEN DU FRANZISKO
ETA LAGUNTZEN DIOTE
SAN DAMIANGO ELIZA BUKATZEN

 

        Franziskoren birtute aundiyak azkenerako bereganatu zituan guzien biotzak. Eta egiaz beti gertatu oi dana birtutia izanik berez maitagarria, birtutiaren maisiatzallerik aundienak biartu izan ditu arrazoia oni ematera. Ikusi degu Franziskoren egiteai nola oztasunarekin Asisko jendiak begiratzen zion asieran, baña gero, ezagutu zutenian Asisko loria bere edertasun guzian, txit maite zutela eman zuten aditzera. Franzisko arkitzen zan birtutian ordukoz txit aurreratua.

        Lenago isekatzen zutenak orañ barkaziua eskatzen diote. Lenago ezere eman nai etziotenak, orain ematen zioten asko. Alako moduan ugaritu ziran emailliak eze, milla berreun ta seigarren urtian bukatu zituan San Damiango elizako lan guztiyak. Esan oi zien lanian ari zan denboran an igaruan zijuazen jendiai: «Lagun zadazute eliza au bukatzen, zeren, emendik denbora gutxira, emen bizi biar dute dama pobretxo batzuek, guziz bizi-modu santua eramango dutenak eta santutasunaren usai gozua barriatuko dutenak Eliza guzira gure zeruko Aitaren onran». Gauzak egiztatu ziran Santuak esan bezela. Andikan bost urtera Santa Klara bere alabakin konsagratu ziran leku artan.

        Bukatu zuanian San Damiango eliza antolatzia, Jesukristok itzegin zion gurutziaren aurrian, nai izan zuan egon zitezen bi argi gau ta egun pizturik. Bein batian oliyo eskian zebillela argiarentzat, gertatu zan joku-etxe batian. Ikusi zituan an bere ezagun batzuek, eta lotsaturik bere buruaz, oñak egin zion atzera. Bañan beriala ezaguturik gaizki egin zuala, biotzari indar eginaz, sartu zan jende taldia zeguan tokira, aitortu zuan bere lotsa ta argaltasuna; eta jendiaren parragarri geiago izan zedin, eskatu zien Franziako erderan oliyo piska bat argiarentzat. Onela dakizkite Santuak argaltasunak garaitzen.

 

aurrekoa hurrengoa