www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMASEIGARREN BURUA

 

 

ORDENAKO BILLERA

 

        Santuarentzat bere semien espiritu ederra ikustia ezin esan al ditekian moduko poz-gaia zan. Ikustian bere semiak zenbatxe aurreratuak zeuden birtutian eta prest noranaiko ta au, naiz asko eraman biar agindua egiteko. Eldu zan alatan billerako egun desiatua, Maiatzaren ogei ta amargarrena. Espiritu Santuaren etorrerarekin biotz ondo prestatuak, esan diteke erazeki ta sutu zirala, eta amoriuaren indarrak gidatuko zituala, Jaungoikuaren gloriari begiraturik, lekurik premiatsu eta jenderik biartsuenak arkitzen ziran tokitara.

        Españan arkitzen ziran anaiak etziran billera artara juan. Batetik urruti arkitzen ziran, eta bestetik, ta batez ere, lan aundiak zebiltzkiten eskuen artian; zeren zimentatu berria zan Ordena Españan, eta etzuten denbora beste eginkizunetarako geiegi.

        Ordenako lenbiziko billera oni ederki leikioke deitu umillen billera; zeren egiaz asnasarañokua zan emen umilla. Etzan an gauza zailik agertzen iñorentzat. Denak zeuden prest agindua egiteko. Iñork etzekan keja-miñik. Denak uste zuten ditxa aundiyan arkitzen zirala, beragatik etzeukaten bata bestiaren danik eta inbidiren arrazaren izpi txikienik. Denak karidadez animaturik, etzuten uste, izan zitekianik beren artian iñortxore, denik eta gauzarik ariñenian gogoz ta naiaz utsegiteko biotza zuanik. Itz batian Santuen billera zan, eta guziya esana dago. Miragarrizko ikuskera izango zan orregatik ura ikustia bakarrik. Gizon aiek itxuraz arlote, oñ gorrietan, ezer ere gabe, munduaz despreziatuak; eta berak mundua desprezioz oñazpiratuta, beren gauza balute bezela, mundua zerekin eta nola antola somatzen ta prestakizunak onetarako egiten. Ebakitzen erreinuak, Probintziak eta izendatzen aietan Ordenako legiaz araura buru egin biar zutenak. Jesu-Kristoren eskola zirudian ark, eta ala zan. Nai izan zuan Jaungoikuak gazte baten bidez mundua nastu gero zuzentzeko, eta gazte au zan Franzisko, munduari lau saietsetatik su emanik, Jesus maitiaren amoriua gizonen errai-biotzetan irazeki biar zuana. Serafinen egin-bidia artu zuan Franziskok bere gañ, eta ona zergatik deitutzen diogun Asis-ko Serafin irazekia.

        Billera onetan nola izendatu baiziran Probintzia bakoitzaren buru egin biar zutenak, eman zitzaien eskubidia jantzi santua emateko. Franziskoz ostian arteraño iñork etzuana. Beraz, milla berreun ta amaseian egin zan Ordenako billera onetan, erabaki zan lana gogotik egin biar zutela San Franziskoren semiak mundua konbertitzeko Jaungoikuaren gloriari begiraturik. Probintzien buru izendatuak ziran: Lonbardiarako, Strakiako Juan; Anconako Marcarako, Arezzoko Benito; Calabriarako, Toscanako Daniel Santua, Ceutan martirizatua; Tierra-laborrako, Asis-ko Agustin; Toscanarako, Cortonako Elias; Puillaraco, beste bat izendatzen ez duana kontairak.

        Denbora berian biali zituan nazio askotara Ebanjelio santua predika zezaten asko erligioso. Españara bialdu zituan Quintabalko Bernardo Aita-lenaren aurreneko semia, beste askorekin. Provenzara, Florenciako Juan Bonella, beste ogei ta amarrekin. Alemania garai ta azpira, Pennako Juan beste irurogei anairekin. San Franziskok berak nai izan zuan juan Parisa. Dianak arkitzen ziran pozik agindua egiteko, ta urrutietara juan biar zutenak ere berdin, bestiak bezela. O ze kaskarrekua emango zioten deabruari laster ainbeste soldaduk, berak beste orduz galdu zuan armarekin berarekin, au da, obedientziarekin! Bada etzuten praile aiek beste arma ta muniziorik etsaiari gerra egiteko obedientzia baizik; onena, garaitzeko inpernuko etsaia.

 

 

ANIMATZEN DITU
BERE SEMIAK PREDIKATZERA
BIALI AURRIAN

 

        Egin zien Aita-lenak bere semiai, bidian jarri baño len, itz alditxo bat ederra: «Jaunaren izenian zuazte binaka, esan zien, modesti ta umiltasunarekin, itzik iñorekin egin gabe. Tertziako denbora arte, au da goizeko bederatziak arte, orazio egiten diozutela biotzez Jaungoikuari. Itz alper ta balio eztuanik ez dedilla zuen artian aditu. Bidian zuaztenian, egizute kontu zeon gelan arkitzen zeratela, bada, edozein lekutara juanik ere, gelan arkitzen gera. Gure gorputza da animaren gela. Anima bizi gorputzeko gela onetan bakardadian Jaungoikuarekin itzegiteko Baldin erlijioso baten anima gorputzeko gelan ezpada arkitzen sosegu onian, gañerako kanpoko gelak eztiote ezer ere balioko. Zabiltzate munduan alako moduz eze, zuek ikusten zaituztenak ta zuen itza aditzen dutenak, geldi ditezen biotz-ukituta Aita zerukua alabatzeko, zeñari dagoka gloria guziya. Zabal zazute pakia nunai; baña zeok ere ikudi zazute pake au biotzian, mingañian baño geiago. Ez eman iñori eskandal ta pekatuko biderik. Aitzitik bai denak zuen gozotasunaz mugizazute mundu guziya, biotz-bera, paketsu ta elkarkoiak izatera. Deituak gera eriak sendatu, atsekabetuak poztu ta bide okerrian dabiltzanak zuzenian ipintzera. Diabruaren alderdiak diruditen asko, Jesu-Kristoren ikasle egunen batian izango dira». Bedeinkatu zituan gero Santuak, ta, elkar laztandurik, ekin zioten bakoitzak bere bidiari.

        Asko sufritu biar izan zuten asko lekutan; guztiez gañ Alemaniara juan ziranak. Nola etzekiten ango izkuntzarik, esan biarrian ez, berdin esaten zuten bai. Itz laburtxuak izanik ere, oriek jakin biar dira noiz ta nola esan.

 

 

JARTZEN DA BERA
ERROMARUNZKO BIDIAN

 

        Ondo egitia asko eztala, zeñek baño zeñek obeto egingo duan ta egokiena, da karidade txit egiazko ta goienekuaren seña. Ondo egitia ondo da; eta da karidade egiazkua; baño ondo egiten dan ori alik ondoena egiten saiatutzia, da karidade txit erakoia, ta beragatik gutxirena. Poz eta atsekabien erdian arkitzen zan Santua egun aietan; egin zioten agur bere semiak, eta berak baño geiago etzuan iñork desiatzen Jaungoikuaren itza predikatzia! Esan dezatan egia, lotsaturik gelditu zan Franzisko orduan, baña lotsa ura etzan biarbada lotsa; inbidi santu bat geiago zan lotsa baño. Zer egin ordia? Aita zan, ta pamili aundiyarena; eta pamiliak begiramen aundiak dituan bezela, ezin juan zitekian orduan guziya utzirik. Etzuan alere beretzat lanik txikien ta ariñena aukeratu.

        Parisa juatia goguak eman zion, eta an gogotik prantzesen erderan lan egitiak, prantzesak konbertitzen. Orainguak baziran, biarra izango zuten. Asmo onekin gelditu zan egun gutxiko Asisen, eta gero jarri zan Erromarunzko bidian. Parisa juateko argitasun berezi ta fede bizia biar zan, eta beragatik, Apostolu santuen obi beneragarria ikusiaz, nai zuan oen bitartez Jaun zerukuagandik, Pranziara juateko gerra-gizon bezela, birtutezko gizon sendotu.

        Bide oni jarrai aurrian artu zuan beste lan nekagarri bat; au zan Baselenstarrak, elkarrekin gudan zeuden pamili jauregitar batzuek, adiskidetutzia. Ain ederki lan onetan, ez neke gabe, atera zan, nun pamili guziya paketu zuan. Franzisko Aita-len Santuari, esker onaren ordez, egin zioten beren lurrian etxe-santu bat, Pantanelloko San Angel diritzona. Au arkitzen da Tiber ibaiaren ertzian.

 

 

SAN FRANZISKO
TA ANAI MASEO

 

        Erromako bidian anaia maseo ta Franziskok ogi puska batzuek, gosia engañatzko, eskian bildu zituzten bidez. Eseri ziran bide-bazterrrian iturri baten onduan. Ipiñi zituzten eskeko ogi-puska aiek arri baten gañian, eta abiatu ziran jaten, mairik aberatsenian iñor sekula arkitu dan baño gogo geiagorekin. Ala zion Santuak: «Gure Jaungoikuari biar dizkagu eskerrak eman, onenbeste mesede egin digulako, bada pobreza dama ederraren bitartez onela serbitzen gaitu. O anai Maseo, au bai dala ditxa guria! Jaungoikua guzaz oroitzia eta guri era onetan jaten ematia bakardade onetan eztu Erregek berak ere gaur guk bezelako erregalorik».

        Ainbesteraño alabatzen mai ura aditu zuanian anai Maseok, esan zion bere Aitari: «Aita, arrazoi dauka Jaungoikuak gure kontua daukala eta berari esker onak eman biar diozkagula, zeren orain bertan, zerbait indar-berritzeko, ematen 'igu ogia, aurrian daukagun bezelakua. Baña, Aita, nik eztakit nola ditekian esan ugaritasun aundiyarekin arkitzen gerala gaur, eta batez ere erregaloz betiak, arri bat maitzat, ogi-puska oriek berriz arria bera baño gogorraguak, onak gosia entretenitzeko. Ez dauka orrengatik txarra ao-zapaia beorrek —esaten zion erdi parraz San Franziskori anaia Maseok—. Pazientzia artubaz gai ederra au merituak irebazteko!» «Ai, anai Maseo, oraindik ez dezu ondo aditzen pobre biartsu izatia zer dan! Ez, Ebanjelioko pobretasunaren berri gutxi dakizu. Arri zabal au, mai sendo ta ederra daukagu; ogia naikua ere bai, gogortxua bada ere, baña gosiak daguanarentzat saltsa guzien gustua berekin dauka; eta gero iturri garbi au, ezerekin pagatzen ez dana!» Au esanik jeiki zan Santua, ta bereziturik zerbait bere lagunagandik, oiu egiten zuan: «O pobretasun zorionekua! O aberastasun preziogabia pobretasun santua!» Ta jarri zan oraziuan Jaungoikuari eskatzen negarrez, eman zekiola birtute maite onentzako desio irazeki bat; baita ere bere semiai.

        Jaiki zan oraziotik guziya amorioz sutuba; esan zitekian, bere arpegiko argitasunari begiraturik, biotza sutan zeukala. Indar aundiyarekin deika anai Maseori, juan zitzaion besuak zabalik, eta, alderatziarekin bat, espirituko amoriozko asnasarekin, bota zuan airian oñ askuan, aize aundi batek orbel igarra airatzen duan erraztasunarekin. Au da gertaldi bat oso miragarria eta beste santuen bizitzan irakurtzen ez dana, eta Santu onen bizitzan ere emen bakarrik ikusten dana. Ikusi izan dira santuak amoriuaren indarrez, lurrezko gorputzik ezpazuten bezela airian egoten geldi; San Franzisko bera asko aldiz ikusi zuten airian, bai eta ere zuaitz, arbolaren azken garaieneko ostuaren puntan. Bai eta beste batian ikusi zuten airian zijuala txit goi, begiz galtzeraño. Baña asnasarekin beste bat airian askotxo ere botatzen, au da mirari bat iñoiz ere ez aditu ta ez ikusi dana. Geroz esan oi zuan anai Maseok: bere bizian aren biotzak etzuala alako gozotasunik izan, nola airian zijuan denboran, ta ain goitik jeistian lurrera.

 

 

SANTO DOMINGO
ETA SAN FRANZISKO

 

        Eldu ziran Erromara eta lenbiziko lana egin zuten Apostolu santuen obia ikustia. Sartu ziran Vaticano eliz-nagusienian; jarri ziran oraziuan, eta ze miraria! San Franziskoren arpegia argitutzen da; eta agertzen zaizka San Pedro eta San Paulo. Eta nola Santuak eskatzen baizion Jaungoikuari, Apostolu santuen bitartez, pobretasun santuaren espiritua beretzat eta bere semientzat, alkantzatu zuan eskatzen zuana.

        Egun aietan il zan Aita Santu Inozenzio irugarrena. Andik bi egunera Cencio Sabelio Kardenala, Honorio irugarrenaren izenarekin, eseri zan Jesu-Kristoren Bikariuaren alkian. Inozenzio irugarrena bezela Honorio irugarrena Franziskorentzat anparatzalle onak izan ziran.

        Aita Santo Domingo ere orduan arkitzen zan Erroman, nora ere juan zan bere Ordenako erregla baimenaztera Aita Santuari. Ala bada Honorio irugarrenak baimendu zuan Orden eder au, milla berreun ta amazazpigarren urtian.

        Erregla baimentu begira zeguan denboran, maiz juaten zan gure Aita Santo Domingo San Pedroko Elizara, eta an Jaungoikuari San Pedroren bitartez eskatzen zion bere Ordenaren baimena, beraren naia ala izatera. Oraziuan zeguala bein, ikusi zuan Domingok Jesukristo gure Jauna txit aserretua pekatarien kontra; eta nola, jeikirik bere Aitaren eskuitik, nai zituan eskuan zeuzkan iru pletxa, tira zorrotz, bata kristau arruen gañ, bestia diru zalien gañ, ta irugarrena lujuriotsu aragitien gañ. Alatan aozpeztu zan bere oñetan Maria dontzella umill ta garbiya eta bere seme Jesusi esan zion: ez zezala deskarga pekatarien gañ bere aserria; zeren bazekiala nola erremedia zitekian gauza. Orduan egin ziozkan presente Jesusi bi serbitzari leial Domingo ta Franzisko; zeñek bear zuten mundu pekatuz kutsatua garbitu. Amaren erreguak gozatu zuten Semiaren aserria.

        Bi santuak etzuten artian alkar ezagutzen. Bigaramunian Franzisko ikusi zuan Domingok; ikustia ta ezagutzia dena bat izan zan; elkarri egin zioten agur bakoitzaren izenarekin, besarkatu ziran eta Franziskori esan zion Domingok: «Zu zera nere laguna Franzisko; elkarrekin biar degu lan egin; egon gaitezen elkarturik eta ez gaitu iñork ere garaituko». Beste ainbeste Domingori Franziskok esan ziola, San Bizente Ferrerek digu adierazten. Ordu artatik Santo Domingo eta San Franzisko munduan iñoiz ezagutu diran adiskiderik aundienen artian jarri ditezke. Da gauza miragarria: Bi gizon, oek bezelakuak, ezere gabiak; munduarentzat despreziagarriak, iñoren anparo gabe, bien artian mundu guziya bi puska egiten alderdi bana bakoitzak bere kontura artuta, iñoren bildurrik gabe, elkarri esaten mundu guziya berak garaituko dutela.

 

 

ANJEL, DOMINGO
ETA FRANZISKO

 

        San Anjel, Karmengo prailia, San Juan Letrago elizan predikatzen ari zan batian, beraren aditzalle zeuden gure Aita-len biyak Domingo eta Franzisko. Ez bata eta ez bestia etzituan ezagutzen artian San Anjelek. Jaungoikuak zeruko argiaz adimentua argiturik, ezagutu zituan eta esan zuan bere itz-aldi artan: «Bere aditzallien artian Elizak zeuzkala bi pillarri berri». Elizako lanak bukatzian, agurtu ziran ta laztandu iru Santuak. «O Domingo! —esan zion Anjelek Domingori—, zu zera erejien kontra-esale zorrotza!» «Eta zu, Anjel, erejiak zanpatzeko Jaungoikuak autua, eta Eliza ta kristauaren izenaren defenditzalle miragarria». Franziskori berriz Anjelek: «Zorionekua zu, Franzisko, egunen batian Jesu-Kristoren zauriak zere gorputzian izango dituzuna». Anjeli dio Franziskok: «Zu zera zorionekua, Anjel, zu, zeren laster Cicilian ixuriko dezu zere odola Jesukristorengatik; eta irebaziko dituzu martiriaren palma ta korua». Iru Santuak irten ziran Santa Sabina alderunz. Bidian topo egin zuten gizon legen-artsu bat; irurak eginik orazio, sendatu zuten osotoro. Egun bat eta gau bat elkarrekin igaro zuten oraziuan ta zeruko itzekida gozuetan.

        Oraindik ere ikusten da Santa Sabinako praile-etxian Aventinoko mendian gela bat, Elizatxo biurtua, iru Santuak egondu zirana. Ainbesteraño iruren biotzak alkartu ziran eze, maitatzen ziran anai biotzekuak maite oi diran eran. Fr Anjel, Franziskok aurrez esan bezela, izandu zan Cicilian martirizatua. Domingo eta Franzisko gelditu ziran lurrian. Elkarrengandik berezi baño len, eskatu zion Domingok Franziskori gerriko kordela, eta oroitzamen aundiya bezela gorde izan zuan bere denboran.

 

 

SAN FRANZISKO
TA IRU DONTZELLAK

 

        Jaungoikaren itza Prantzesai predikatzeko desio biziarekin irten zan gure Aita-lena Erromatik. Senako errira eldu baño len, ara batian, San Quirino ta Campilio bitartian, iru dontzella eder, guztiz pobre jantzita eta irurak berdinak, agur egin zioten bidian esanaz: «Ongi etorria izan dedilla pobretasun santua». Au esan ta desagertu ziran. Iru dontzella garbiak aditzera eman nai zuten «zirala San Franziskoren ordena santuan gorde biar ziran iru itz-eskañiak: biartasuna, mendetasuna, ta garbitasuna». Lenbizikua nola guziez gañ azaltzen baizen kanpora Franzisko baitan, beragatik agur egiten diote oni irtenik bid-erdira. Franziskoren lagunak ikusi zuten guziya.

        Gure Aita-lenak arkitzen bazuan iñor bera baño gaizkiago jantzita edo biartasun aundiyan zegualako antzian, edo lotsatzen zan bere buruaz edo ematen zion, eta au asko aldiz soñian zeraman jantziya; ta au ezin egin zan moduan bazeguan, txit penaturik gelditu oi zan. «Ai! —esaten zuan—, zer lotsatutzeko gaia dan pobretxo ura guretzat! Aukeratu degu guk pobrien izatia ta munduaren despreziua, eta ura gu baño despreziatuagua dago; eta guk gozatu biar gendukian aberastasuna, ark gozatzen du, pobriagua dalako».

        Gogozko pobre biartsuak poztu bitez, au adituta, ar beze atsegin ta asnasa lasa; zorionekuak, dio Jesu-Kristok, aukeran naiago dutenak pobre izan, zeren zeruetako ondasunetan izango duten sail aundi bat, ezeren paltarik gabe gozatuko dutena betikoera guziyan.

 

 

SAN FRANZISKO
SENAKO BIDIAN

 

        Sena biderunz topatu zuan eiztari gazte bat uso-tortolakin zijuala. «Adiskide ona —esan zion Santuak—, uso tortola orietxek biar dizkidatzu eman». «Tori —esan zion gazte onak—, ar bitza, jauna, eta egin beza oezaz nai duana». Artu zituan Santuak, ta, bere biziko kontutxuak eginik, izugarrizko onginaia agertu zien. Itzegiten zien aur bati itzegin oi zaion bezela. Esaten zuan anima garbien iduri batzuek zirala, beragatik ondo biar zirala gorde ta mantendu. Gazte eiztariari agindu zion berriz, egunen batian aren Ordenako jantzia artuko zuala. Santuak esan bezela, au ere denboraz bete zan; gazte ark artu zuan jantzi santua; bizituzan ta ill zan santuaren eriotzarekin.

        Senako erriaren inguruan arkitzen zan Rabaquianoko etxe-santua; aruntza eldutzian, bideko makillatxua sartu zuan lurrian, zeña bigaramun goizerako egin zan aritz osto berdekiko zuaitz aundi ta itzaltsu. Goizian eman zien Santuak libertadia antxen bizitzeko uso-tortolai, eta urte askuan an bizi izandu ziran, aritz artan egiten zutela beren kabiya. Gauza miragarriya! Noiz nai prailiai eskura zitzaizkan etortzen.

 

aurrekoa hurrengoa