www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA LAUGARREN BURUA

 

SAN FRANZISKOREN SEMIAK
INGLATIERRAN

 

        Milla berreun ta emeretzigarren urteko billera nagusian, Santuak agindu zien anai Angelo ta anai Albertori, biak ziran Pisako semiak, Parisa juateko. Andik urrengo urtian igaro ziran Inglatierrara. Enrike erregek, izen onetako irugarrenak, artu zituan ondo, eta, Chienen prailien santutasunari begiratuta, lagundu zien izugarri. Inglatierran San Franziskoren Ordenak irureun urtian iraun zuan, frutu on asko emanaz eta gizon santu ta jakintsuak eginaz. Batez ere Oxfordko ikasleku nagusia izan zan mundu guzian txit ospatua. Enrike zortzigarren errege gaiztuak gero, protestantien aginduz ta amorez, beste erreinu artako, len santuen ugartia deitua, ezin konta-al eliza ta etxe-santuak bezela galdu zuan ura ere.

        Pranzian, berriz, San Franziskoren semiak asko Obispo Jaunek etzituzten ezagutu nai egiyazko erlijiosotzat, eta gaizki ziran artuak asko lekutan. Ona zergatik urte artan bertan Aita Santu Honorio irugarrenak izkiribitu zien erreinu artako Obispo guztiei, aditzera emanaz nola ziran egiazko erlijiotsuak eta nola nai zuan ondo artuak izatia.

 

 

AKAS AURRA

 

        Flandesen bost urteko aur batek, ikusi zituaneko Sen Franziskoren semiak, bere gurasoai eskatu zien aiek zuten bezelako jantzia. Aurrari egin zioten eskatzen zuan bezelako soña. Gordetzen zuan aurrak San Franziskoren Ordenako erregla leialtasun aundiarekin. Sal-erosietan zebiltzan batzuk, aurraren gurasuen etxian ostatuz arkitzen ziran batian, nai izan zuten ikusi zer egiten zuan aurrak, eta jaten edo edaten ari zan ontzian ixilik sartu zioten diru bat. Aur gaixuak, arkitutzian dirua bere ontzian, dena ikaran sartu zan arpegiko koloriak galtzeraño. Uste zuan pekatu aundiya egin zuala. Eta aurraren biotza etzan gozatu, bere aitak apaiz bat ekarri zion arte. Akas zuan izena aurrak. Bere kidako mutikuai predikatzen zien Akas aurrak, eta ematen zizten kontsellu txit onak. Zazpi urtietan miñak arrepatu zuan, eta, ill baño lenago, lenbiziko ta azkeneko aldiz nai zuan Jesus maitia komunio santuan artu. Gaztegia zala eta etzioten eman; orduan ikusi zan aurra, bere besuak zeruronz jasota esaten: «Zuk dakizu, nere Jaun Jesukristo, nere biotzak Zu bakarrik nai zaituala». Au esanta beriala, bere anima garbiya Jaungoikuari eman zion. Jantzi santu, bere oiaren gañian zeukana, etzan geiago ikusi. Aur santuaren obian erlijiotsu batzuek nai izan zuten errezatu De profundis, eta gelditu ziran ezin esanik. Onekin aditzera eman zuan Jaungoikuak, aur zorionekua etzala oraziuen premian arkitzen.

        Urte artan oraindik juan ziran Aragoira anai Juan, mezakua, ta anai Pedro, legua. Ok Valentzian Azoto mairuen erregek, bere jauregian, andikan amar urtera, il zituan. Bi santu martiri oen pesta Ordenak egiten du, Aita Santu Benito amairugarrenaren aginduz, agorraren iruan.

 

 

CATANEOKO ANAI PEDRO

 

        Nagusi, buru ta agintari ona izatia baño gauza gaitzagorik ezta lurrian. Ars artium regimen animarum, esan zuan lenagokuak: mañaren maña animak gidatzia. Gutxi dira uste dutenak gaitza, zailla dala au, beragatik ta oraindik gutxiago nai ez dutenak agindu. Agintiaren zale dana, ez da bildur ezeren; diñidadiari begiratzen dio onek: eta aundinaiak eztu ezagutzen beretzat arriskurik. Goguaz kontra artu zuan Cataneoko anai Pedrok Bikario nagusiaren agintia; alere ariñ izan biar zuan karga, pisu ta astun egin zitzaion. Zer izango ote zan arzaz, gogoz jarri balitz agintzen? Gogozko agintari izatera, galduko zan agian askoren antzera, eta agintiaren billa ibilli etzalako, santutzeko gaia izan zan arentzat agindutzia.

        Askoren artian zenbat buru, ainbeste pensatzeko modu. Orregatik gertatu zan gertatu zana anai Pedrorekin. Berak aleginak eginagatik guztiei gusto emateko, azkarrentzat gidari ona zan, nagientzat gidari txarra. Nagitasuna izanik zuaitz baten antzera, frutu ugariak ematen ditu. Onek eman oi ditu asko nekagarri. Zuzen ta leial bere egitekuak betetzen saiatu arren, atsekabia-atsekabien gañ ebia bezela zetorren Pedroren buru gañera.

        Negarrezko itz-orri bat izkiribitu zion anai Pedrok bere Aita-lenari; nun ere garbi jartzen ziozkan bere naigabiak. Eztitasun aundiarekin erantzun zion Santuak, bere seme maite Pedrori: «Eraman itzatzu gauza guziak eramankizun aundiarekin, zeren atsekabe bakoitzari dagoka sari berezi bat. Zu zera erien sendatzallia, Pedro; beregatik anima eriak sendatu biar dituzu gozo ta ezti. Zuk esanta erremediorik artzen ezpadute, ezta zure obenik, geroztik bota estuasuna sotora. Minez dagonaz urrikaldu biar gera, eta animako miñak arturik badauzka asko seme, orien erruki geiago izan biar dezu».

        Era onetan San Franziskok bere Ordena guziko Bikario nagusiaren anima eroria jasotzen zuan. Urtebete zerbait geixiago iraun zuan anai Pedrok kargu artan. Ill zan; bizi bezela santuaren eriotza egin zuan; au ondo ere ondo aditzera eman zuan bere eriotzaren ondorenak. Anai Pedroren obian egiten ziran mirariak kaburik etzuten. Ona zergatik beti bazan jendia etxe santuan.

        Mirariak mirari, etzitzaion uraxe ongi iduritzen Franziskori: «Pakerik eztigute emango etxian arrotzak; guk geon orduak guardatu biar ditugu —esaten zuan—, ta mirari oriek onetarako eragozpen dira». Onela pentsaturik juan zan Franzisko anai Pedroren obira, eta itzegin zion agintez era onetan obian zeguanari: «Pedro, nere seme biotzekua: bizi ziñan artian, beti nere esana leialki egin izan zenduan: orain obi onetan badago ere zure gorputza, nai nuke zuk oraindik nere esana egitia; gure orduak nastutzen dira jendiaren juan-etorriakin; eta au zuk egiten dituzun mirariakgatik. Gure Ordenari begiraturik, Pedro, ez dezazula geiago miraririk egin». Santu biziak Santu illari agindu zion, eta santu illak biziak bezain ondo Franziskoren agindua egin zuan; bada lenago ainbeste mirari egiten zituanak, geiago etzuan egin. Geiago ez egitia, izandu zan aundiena. Baña oraindik mirestekuagua dana, anai Pedro santuaren gorputza obi batetik beste egokiago batera aldatutzeko eguna eldu zanian. O miragarria! Anai Pedroren gorputza arkitu zuten obian, belaunbika, makurturik kopeta lurrian, egoera onekin aditzera ematen zuala agitz bere Aita-lenari obeditzen zeguala. Egiaz egoera artan jarri oi dira San Franziskoren Ordenan erlijiosuak zerbait agindutzen zaienian, belaunak lurrian eta kopeta makur. Anima, mundu au utzi ezgeroztik, dago Jaungoikuaren eskupian, onek nai duana artaz egin dezan. Au guziok dakiguna da, eta alere, San Franziskori anai Pedrok beste munduan daguala, obeditzen dio. Zeiñ ote da bitan miragarriena: Franziskoren agintian ikusten dan santutasuna, ala Pedroren obeditze aditu ez bezelakuan!

        Anai Pedro Ordenako Bikario nagusi au, ill zan milla berreun ta ogei ta lauan, baña bere Bikariotza utzi zuan ogei ta batian, orduan egin zen billera nagusirako, gogoz ta naiaz.

 

 

ORDENAKO BILLERA NAGUSIA

 

        Milla berreun ta ogei ta batian, billera nagusian, anai Pedroren lekuan eseri zan berriro anai Elias, lenago kendu zutena. Artarako, Jaungoikuak agerturik, jakin zuan Aita-len Santuak, Jaungoikuaren naia zala, anai Elias izendatzia toki ura betetzeko. Jakinik bakarrik Eliasen izena kaltegarria izango zala Ordenarentzat, alere Jaungoikuaren naia zan, ta Aita-lena bezela gañerakuak, beren buru, ixil ta umill, anai Elias ezagutu zuten.

        Maiatzaren ogei ta amarrian, urte ontako billeran, Santua nola ez baizan gauza, miñez egonik, billerari itzegiteko, eseri zan anai Eliasen aldamenian, eta esan zion galde zezala iñork juan nai zuan Alemaniara. Beriala anai Eliasek esan zien: «Anaiak dio, ote dan iñor Alemaniara juan nai duanik». Galdetu orduko, larogei ta amar praile eskañi ziran Alemaniara juateko. Espirako anai Cesario izendatu zuten Alemaniako Probintzial, ta eman zioten eskua aukeratzeko larogei ta amar aietatik nai zituanak. Aukeratu zituan onek guztietatik ogei ta zazpi; amabi mezakuak eta gañerakuak leguak.

        Billera bukatzian, biali zituan anai Eliasek alde guztietara erlijiosuak, binaka-binaka, Jesukristoren maastira. San Antonio anaia Filipinorekin arkitzen zan orduzkoz an. Beste guztien kontua artu zuten eta Antonioz iñor etzan oroitu. Bere umiltasunian, etzuten ezagutu iñork, zenbat balio zuan Antoniok guzirako, ta ezertakotzat etzuten artu. Orduan Antoniok itzegin zion Boloniako Probintzial anaia Graziani, artuko ote zuan bere probintzian, ikasi zezan erlijioso ona izaten, ta Jesus ona biotzez maitatutzen. Gustatu zitzaion Probintzialari anai Antonioren izkuntza eder au, bai ta ere bere asmua, eta, batere etzekiala aren jakinduriaren berri, eraman zuan berarekin. Boloniatik aldian zeukaten San Pauloko mendian, Jaungoikua obeto serbitu nai zuten erlijiosuentzat, bakardadian, leku berezi bat. Anai Antoniori araxen juateko gogua eldu zitzaion, eta, eskaturik baimena, eman zioten.

        Juan zan mendi santu artara, ta ikusi zuan arkaitz zulo bat, gela gisan, erlijiosu batek egina, eta utzi zioten leku ura, bere egoitza antxen egin zezan. Zulo artan bere jakinduri ta birtute ederrakin gorde zan San Antonio Paduakua. Komunidadeko bildumenetara ezpada, etzan irteten. Gañerako egun guzia eta gauaren ordu asko ar-zulo artan igarotzen zituan oraziuan eta penitentzian. Ainbesteraño bere burua biziera onekin auldu zuan eze, doi-doi zutik egon oi zan. O santu umilla! Zein ederki ikasi zenduan, Jesukristoren ikas-leku ontan, zere biotza, birtute guztien artian gaitzena danarekin, apaindutzen! Miragarrizko umiltasuna Jesusek agertu bazigun, miragarrizko eran iduritu zenduan Jesus!

 

 

ZENBATERAÑOKUA ZAN
SAN FRANZISKOREN OBEDIENTZIA

 

        Gure Aita-lena beti zijuan aurrera santutasunetik santutasunera; beñere lan onetan etzeguan geldi; bazekian ondo aurreratu biar danian gelditutzia, atzeratzia dala; beragatik, beti bere anima ernai zeguan ta beñere lo ez, birtute guzietan mallarik garaiera igotzeko, nun, noiz ta nolako eran birtutezko ondoena egingo zituan. Utzi zuan Ordenako buru izatia anai Eliasen eskuetan, egite au aundiya izanik, ezere ez balitz bezela. Franzisko Ordenako zimentarria, Pedro Elizarenaren antzera, Franzisko ain aundiya izanik, aozpeztu zan anai Eliasen oñetan, onen aginduak egiteko. Geiago oraindik, eskatu zion guztien Bikariuari izendatu zeiotela guardian bat, zeñari nai zion gauza guztietan obeditu. Reatiko anai Anjel izendatu zuten Porziunkulako guardian. Aiñ zan leiala obeditzen San Franzisko, añ kontuzkua, ta ainbesteraño obeditzeko gai onetan begiratzen zion aginduari ze, denik eta gauzarik ariñenian utsegiterik txikienik gabe obeditzen zuan.

        Onekin beste guztieri ematen zien ejenplu argia ikasteko, ikasi nai zuanak, nola biar dan agindua egin. Arritzen ziran San Franziskoren semiak nolako moduan beren Aita-lenak obeditzen zuan ikustian, zeñak, agindu nai izatera, egin zezakian Ordena guzian. Naiago zuan ordia obeditu, zergatikan bere santutasun erakoian ezagutzen zuan aisago dala ondo obeditzia, ondo agintzia baño. Ala esan oi zuan berak: «Nik, Jaungoikuaren eskutik artu izan dituan mesede guztien artian, aundienetako bat da, edozeini obeditzeko jaiera au. Izan bedi azkeneko nobiziua, izan bedi gizonik santu ta jakintsuena, nik beti batari, nola bestiari, obedituko diot; zergatikan nik ez diot agintzen diran gizonari begiratzen, baizik gizonaren bitartez agintzen diran Jaungoikuari».

        Beñ batez galdetu zion nola ezagutu al zitekian obeditze oso egokia, edo zertatik zitekian au ezagutu. Erantzun zien Santuak: «Obeditze egokia ezagutzeko, aski da begiratzia gizon illdako baten gorputzari. Gorputz au berez ezta mugitzen; ikusten bada mugitu dala, bestek mugitu dualako da. Arzu gorputz ill au; jarzu nai dezun bezela ta nai dezun tokitan, eta ez dizu kontrarik egingo. Mugitzen badezu, ez dizu esango: Zergatik mugitzen nazu? Eta baztertutzen badezu, ez dizu ere esango: Zertako naukazu emen? Edozein lekutan jarri zazu, edo jargoi biguñ ederrian edo arri gorriaren gañian; eztu bere arpegiak ezagungo. Apaintzen badezu pitxiz ta zintaz, arpegi bat agertuko dizu orduan, nola zarpaz ta zikinez jazten dezunian. Gorputz onen gisan biar du izan egiazko obeditzalliak. Gorputz illaz egiten da nai dana; orobat illak biar gera izan bestek nai duana guzaz egin dezan». Zer dotrina ederra au! Zenbat erakusten duan emen bakarrik gure Aita-lenak! Nola genezake irakurri bizitz au, geon buruaz lotsatu gabe? Ikasi dezagun agindua egiten umill ta ixill, eta denbora gutxian birtutian bide asko egingo degu.

 

aurrekoa hurrengoa