www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA IRUGARREN BURUA

 

 

SAN FRANZISKOREN SEMIAK
DIRA MARTIRIZATUAK
MARRUEKUETAN

 

        Urte onen asieran, au da milla berreun ta ogeian, illbeltzaren amaseian, izandu ziran San Franziskoren bost seme martirizatuak Marruekuetan. Oroitu bedi irakurlia, nola gure Aita-lenak, sortaldera juateko aurrian, bialdu zituan Mairuetara sei erlijioso, Ebanjeliua Mahomaren ikasliai adiaraztera. Oek ziran anai Berardo, Pedro, Oton, Ayuto, Akursio eta Bidal. Bidal izendatu zuan Santuak beste gañerako bosten buru. Aitaren bendizioarekin irten ziran fediaz biziturik Españarunz. Aragoira ziranian, eragotzi zion gaitzak anai Bidali aurrera bidegitia. Beste bostak zuzendu ziran Coimbrara; an txit ederki artu zituan andre Urraka, Portugalko erregiña, Alfonso bigarrenaren emaztiak. Gizon santu aien birtutian, ain zan aundi erregiñak jarri zuan itxoromena eze, esan zien: Jaungoikuari eska zeiotela noiz biarko zuan ill ark. Erantzun zioten: «Gu izango gera martirizatuak; eta ekarriko dituzte gure gorputzak Coimbrara. (Au dago Portugalen.) Emen berorrek onartuko ditu, eta gero ondorian illko da». Aiek esan bezela, guztia egiztatu zan.

        Coimbratik igaro ziran prailiak Alanquerko Ordenako etxe santura. An andre Santxa, Portugalko erregeren arrebak, Mairuetara igarotzeko, jantzi arazi zien beste jazkera bat, beren jantziaz gañetik. Ala jantzirik sartu ziran Sevillan, zeña orduan Mairuen mendian zeguan. Sevillan kristeu baten etxian egon ziran gordeta zortzi egunian. Baña estu zeuden etxian, estu; beragatik kendurik gañeko soña, irten ziran kanpora, lotsa botarik, fedez armaturik, ta gerrari onak bezela nai izan zuten mezkitan sartu, Ebanjelioko egiak azaldutzera Mahomaren kontra. Baña etzioten utzi fede-gabiak aien tenpluan sartutzen, ta golpe ederrak emanaz bota zituzten andik. Gero juan ziran Erregeren jauregiko atondora, ta adirazi Jesukristo erregiaren Erregek biali zituala. Sartu zituzten jauregian, eta an egin zuten alegina pranko, mairuen errege kristau izatera biurtzeko eta bataio santua arrerazteko, esanik txit gauz eder asko gure erlijioaren alde. Arteraño guzia zijuan pake antzian; baña arako asi ziran Mahomaren kontra itzegiten; airatu zan errege ta agindu zuan bost prailiai lepua ebaki zeiotela. Bost praile aietaz urrikaldu zan erregeren semia, eta aitak, semiaren amorioz, aen gañetik altxatu zuan eriotzaren sententzia, eta itxi zituan dorre garai batian. Dorre artaz, itz-toki bat eginaz, berdin azaltzen zuten Jesukristoren erlijiua, kondenatzen zutelarik Mahoma ta bere legia. Ona zergatik jeitxi zituzten dorreko sotora. Geruago eraman zituan Erregek bere aurrera, eta onez agindu zien libratuko zituala, baldin-eta prest bazeuden beren erlijioaz trokatzeko. Erantzun zioten: «Guk eztegu gure erlijio santua trokatu nai beste edozeingatik. Berorrek, bai, ongi egingo lukiala guriagatik beria uztia. Egin beza guzaz nai duana. Berorren eskuan dago gure bizia; baña segur gera, illtzen bagaitu, eriotza onek zeruko gloriara eramango gaituala». Arriturik errege aien irmotasunaz, biali zituan mairuetara, don Pedro Fernandez Castroko jaun eta gazteluko zaldun, beste asko kristaurekin batian.

        Marruekuetan arkitu zuten D. Pedro Portugaleko Alfonso erregeren anaia, mairuen erregeren gudari-taldien agintari. Txit ondo artu zituan ark, ta karidade aundiarekin eman zien biar zuten mantenua. Jakin zuan Sevillan zer igaro zitzaien, eta konsellu eman zien Sevillan bezela ez egiteko an. Alperrik esatia zan au, zergatik ezin egon ziran, mairubak ikusi orduko, Mahomaren erlijio palsuaren kontra zerbait esan gabe.

        Egun batez asi zan anai Berardo gurdi baten gañetik predikatzen erriari eta, itz-aldi bat egin zuan Mabomaren legiaren kontra. Artan gogotik ari zala, aren ingurutik igaro zan errege. Erotzat artu zituan onek denak, eta agindu zuan bialitzeko aiek erritik kanpora, kristauen lurrera. Beriala D. Pedrok eraman zizten gidariak Ceutara eramateko, andik itsasoz Españarunz bialitzeko asmuan. Baña bidian gidariari iges egin zioten gizon santu aiek, eta berriro aurkeztu ziran Marruekuetan, orpua oñ-mutur bideginik. Len eta gero baño beruago asi ziran kopeta agertzen, ta, mingañak askaturik, Jesus predikatzen. Jakin zuan erregek eta benaz orduantxe aserretu zitzaion, ta, kristauen kontra beti airakor, sartu zituan itxian. Ogei egunian iduki zituan janik ta edanik gabe illko ziralakuan, an etzuten gosia ta egarria beste saltsarik; alere alai ta eder Jaungoikuak gorde zituan. Egun aietan berebiziko egun beruak ekarri zituan oi ez bezelako gaitzak; bildurtu zan errege bera ere Jaungoikuaren kastigua zalakuan, ta Aboturin Sarrazen kristauen adiskide baten esana egitiagatik, idiki zitzaien itxitegiko atia. Erri guzia arritu zan ikustian bost santu aien arpegiak alai ta ederrak; egiaz, nork esango zuan ogei egunian egondu zirala janik eta edanik gabe?

        Libro beren buruak ikusita, ekin zioten berri-berri predikatziari. Ango kristauak bildur ziran Errege Miramolinen aserriaren, eta bere buruak aserre ark arrepatu etzizan azpian, libratziagatik, nai zituzten baia batera prailiak eraman.

        Bigarren aldian bid-erditik iges eginik, aurkeztu ziran Marruekuetan. Orduan zan noiz eta esan ziotena D. Pedrori, guardak jarrita bederik, iduki zitzala etxian. D. Pedro ordia ezin egon zitekian beti etxian, eta, etsaiakin peliatu izan biar zuan batian, berarekin eraman zituan iñora aldegin etzezaten. Garaitu zuten etsaia, eta gerrariak arkitzen ziran egarriak itotzeko zorian, zeren iru egun ziran urik gabe zeudela. Urrikaldu zan anai Berardo eta jarri zan oraziuan; gero altxa zan eta zerbait aitzurtu zuan lurra. O miraria! Iturri ederra sortu zan toki artan. Eran zuten ase arte ur artatik, eta gañera biderako bete zituzten ere zagiak. Biar aina artu zutenian, agortu zan iturria. Denak, miresturik, muñ egin zioten errespetuaren aundiz oñian anai Santo Berardori.

        Itzuli ziranian berriro Marruekuetara, D. Pedroren egin-al guziak etziran asko etxian idukitieko anai Santu aiek. Laster iges egin zioten etxetik, eta, erregek igaro biar zuan tokian, lenbiziko aldian bezela, igo zan anai Berardo gurdi gañera, eta, predikatzen ari zala gogotik, erregek, guztia aserretuba errabi bizian, agindu zion bere gorteko bati kentzeko len-bai-len biziya aeri. Au zan iturri mirarizkuaren testiguen arteko bat; ona zergatik, gizon santu aieri bizitza kentzeko naiz erregek agindu, etzuan izan biotzik eta sartu zituan itxitegian. Txit gaizki arkitzen baziran ere toki artan ta gogor tratatuak, etziran elere aspertzen Jaungoikuaren itza adiaraztiaz, kristauai bezela sarrazenuai. Kontu au gerta zan milla berreun ta emeretzigarrenaren azkenera.

        Milla berreun ta ogeiaren asieran, deitu zituan bere aurrera, prailiak iltzeko ordena artu zuan lenago esan degun ark, eta arkitu zituan beren fedian sendo, Maomaren kontra itzegiten.

        Orduantxe azturik ikusi zuan mirariaz, sartu zan aserre bizian, eta agindu zuan bata bestiagandik berezi zitzetela, ta bakoitzari eman zeiotela tormentu berezia. Lenbiziko bada lotu zizten esku-oñak. Eta erantsi ere bai lepotik soka bat. Arrastatu zituzten lurrian; azkenik azoteaz ebaki ere bai erraiak agertzeraño. Ogei ta amar gizonek aldizka egin zuten biargai ura; nekatu ta aspertu ziranian azotatziaz, bota ziezten zaurietara olio irakina eta ozpiña; gero desneke miñgarri bat eman zieten, ontzi puskatuen gañian etzan arazirik. Miragarrizko eraman ta alaitasun Jaungoikozkua ikusten zan Santuen arpegian. Guardian zeudenak ikusi zuten zerutik itxitegirañoko argi eder bat, eta beste askorekin martiriak zeruronz bazijuazen bezela. Uste zuten irten zirala itxitegitik, eta an ote zeuden begiratzera bildurraz alderatu ziran. Ikusirik an zeudela ta gañera oraziuan, eman zioten parte erregeri gertatu zan guztiyarena. Deitu zituan berriro bere aurrera erregek. Eskuak lotuta gaizkillerik aundienari bezela, eraman zituzten Jaungoikuaren serbitzariak erregeren aurrera, larru-utsian, joka modu txarrian. Esan zien aundizki batek, Maomaren legia besarkatu zezatela. Anai Otonek, txistua lurrera botiaz Maomaren desprezioz, erantzun zion mutuki. Desprezio ura ezin eramanik, jo zuan masallan aundizki dollorrak anai Oton, eta onek txarkeri au pazientziarekin eraman zuan, eta, Ebanjelio Santuko itza betetzeko, beste masalla eskaiñi zion esanaz: «Jaungoikuak barka deizula, zeren zer egiten dezun asko ez dakizu».

        Jauregira eldutzian, Miramolin Erregek galdetu zien: «Zuek al zerate arako egiazko fediaren despreziatzalle gizon gaizto aiek, blasfamatzen dezutenak Jaungoikuak bialduaren kontra?» «O Errege! —erantzun zioten—; guk eztegu despreziuaren zipitzik egiazko fediarentzat; aitzitik bai gaude prest beragatik illtzera. Baña aurdikitzen degu indar guziarekin Maoma gizon gaiztuarena, eta zuk aregan daukazuna».

        Iduritu zitzaion Eregeri gizon aien biotzak itzuliko zituala Maomaren legera, onra, atsegin ta aberastasunakin. Beragatik eraman zituan zenbait andre eder eta esan zien: «Nai badezute Maomaren legia guardatu, emango dizkitzutet emakume oriek diru askorekin, eta nere erreinuan txit onratuak izango zerate; bestelaz neronek nere zimiterrakin (ezpata motz bat zan au) ilko zaituztet». Erantzun zioten: «Guk eztegu zure emakumerik eta zure dirurik nai; oriek izan ditezela zuretzat, ta Jesukristo guretzat. Sufri arazkigutzu nai dituzun tormentuak; kendu bizitza ere; pen-oñaziak ariñ dira guretzat, zeruko gloriaz oroitzen geranian».

        Orduan errege gaiztuak, erio-suarrian, zimiterra arturik, kopetaren erditik bere eskuz bostai idiki zien burua. Onela bada bost praile txikienen Ordenakuak, illbeltzaren amaseigarren egunian, bukatu zuten martirio gloriotsua.

        Martini santuen gorputzak puskatu zituzten fede gabe aiek, eramanik arrastaka erritik kanpora. Baña kristauak bildu zituzten ostera, eta, sarturik bi kutxetan, biali zizkion D. Pedrok Españara, ta gero Portugala, ango errege bere anai Alfonso bigarrenari, neke aundiarekin badere. Lendabizi kosta zitzaion gorputz santuak bildutzia bere legusu baten illtzia, eta beste Castroko D. Pedro Fernandezena, zeña lenago aitatu degu. Asko mirari egin zituzten bere etxian, iduki zituan denboran: mutu bati eman ziokaten itza; neskatx mairu baten gorputzetik bota zuten demoniua, beste gazte bat, etsita zeukatena, sendatu zuten. Mirari aiek guztiak ikusita, jarri zituan bi kutxa santuak D. Pedrok bere jauregiko elizatxuan. An egiten zien orazio, eta eskatzen zien, batez ere, Europara itzultzeko bere ta beste kristauen libertadia.

        Miramolinen jauregiko asko aundizkik eskatzen zioten erregeri D. Pedroren eriotza; baña erregek eman zion baimena, bere lagunakin Europara juateko. Milla lazo jarri ziozkaten bidian Maomatarrak; baña, santuen gorputzen bitartez, libratu zituan beti Jaungoikuak bide guziyan. Baso izugarri batian aditu zituzten beñ legoien irrintziak; alde-arunz jarri zituzten kutxa santuak eta salbatu ziran. Beste beñ bidia galdu zuten; orduan bi kutxak zeramazkien aberiari, utzi zioten aurrera; ari jarraituta arkitu ziran bide onian. Azkenik, santuen bitartez ainbeste arriskutik libratuta, sartu ziran itsasuan. Itsas erdiyan, berriz, berebiziko ekaitzak jarri zituan galtzeko zorian, batez ere illuntasun ain lodiaren erdiyan, ezer ere ikusten etzutelako. Egin zuten orazio erliki santuen aurrian; alatan inguratu zituan argi eder batek, eta argitasun arekin libratu zituan arrisku aundietatik.

        Noizbait jo zuten lenbiziko Algeciras, gero Tarifa, andik bazijuazen Sevillara, baña nola jakin bai zuten, Marruekuetako erregek eman ziola ordena Sevillakuari, ar-zezala D. Pedro preso ta aren lagunai biziya kentzeko, eman zielako onra ark biziya kendu zien gizon gaizto batzuen gorputzai, au jakin zutenian, etziran Sevillara juan, eta atzera itsasoz jo zuten Galicia.

        D. Pedro, nola artian oso adiskidetu gabia baizan bere anai Alfonso Portugalko erregerekin Galiciatik juan zan bere lengusu Alfonso Leongo erregerengana.

        Santuen erlikiak asko mirari egiten zituzten; asko zan alderatzia kutxa santuari, eta errespetuz ta fedez ukitzia, edozein eritasun sendatutzeko. Astorgan alaxen perlesiak baldatutako bat sendatu zan. Andik santu martirien erlikiak biali ziozkan bere anaia Alfonso Portugalko erregeri. Errege, erregina Urraca, erreinuko aundizki guztiekin, ango apaiz guziak lagun, irten ziran bidera, Coinbratik iru legua bidian; arazo aundiyarekin izan zuten gure santu martirien erlikiak guzizko ongi etorria. Uste zuten eliza nagusian jartzia bi kutxa santu aiek. Baña, oroiturik nola Aprikan aiek zeramazkian manduak bidia erakutsi zien, goguak eman zien, Jaungoikuaren naia obeto ezagutzeko, uztia bakarrik manduari nai zuan aldera jo. Ona nun gelditzen dan mandua Santa Cruzko elizako ate nagusiaren pare. Itxita zeuden atiak; beriala idiki zituzten, eta mandua bere erlikiakin sartu zan Elizan eta, zuzen-zuzen aldare nagusiaren aurreraño juanik, belaunbikatu zan. Bizkar-ezurra ariñdu zioten arte, egoera artan egondu zan. Ezagutu zuten Jaungoikuaren gogua artatik, Santa Cruzko errespetuz aietxek onratzekua zala.

        An egin zituzten mirari asko. Illtzera zijuazen unian, bost santu martiriak Alanquer-en agertu zitzaizkion andre Santxa erregeren arrebari, bakoitzak ezpata motz bat eskuan zuala, eta eman zioten martirio arengatik zerura zijuazen berri ona; nundik ere agindu zioten egingo ziotela Jaungoikuari orazio aren alde. Milla lareun ta lerogei ta baian, Aita Santu Sixto IV-garrenak San Franziskoren Ordenakuak izendatu zituan beste santuen artian.

        Andre Urraka erregiña bere eriotzako ordua noiz izango zan jakin nai zuanarekin ere, egiztatu zan santuen esana. Erregiña onen ill berria Jaungoikuak era onetan eman zion Santa Cruzko Kanonigu erregular bati. Santuen erlikiak eliza artan jarri zituztenetik denbora gutxira, ikusi zuan kanonigu ark gabaz koru guziya erlijiosoz betia, zeñak kantatzen zuten txit gozoki. Etzekian ez nundik sartu ziran, eta ez zergatik arkitzen ziran an. Aietako bati galdetu zion jakin nairik, eta erantzun zion: «Gu gera praile txikienen Ordenakuak: argi-argi egiten duan, guzien buruan daguan ori, da Franzisko, zuk ikustia ainbeste desiatu izan dezuna; eta beste bost gañerakuak baño argitasun aundiyagua botatzen dutenak, dira gure anai Marruekuetan martirizatuak, zeñen gorputzak arkitzen dira eliza onetan. Eta biali gaitu Jesukristo gure Jaunak Eliza ontara, erregiña Urrakagatik errezatzera, zeña ill da oraiñ; ta biali gaitu gure Ordena asko maitatu zualako. Nai izandu du Jaungoikuak zuk au ikustia, aren Aita espiritukua ziñalako». Ozta itz oek aditu zituan, jo zituzten etxe santuko atiak, eta utzi zioten ate-zaiari Erregiñaren ill berria.

        Jaungoikuaren justiziak atxitu zituan Errege morua ta bere mendekuak. Eskuiko besua, zeñarekin artu zuan zimiterra, eta alderdi ura guziya burutik oñara, igartu zitzaion erregeri. Iru urtian etzuan zeruak urik eman, eta bost urtian izurriak ta gosiak asko jende ill zuten; dirudi egokitasunaz, Jaungoikuak bost martirien eriotza bengatzeko, bost urtian agertu ziela bere aserria.

        Etzan txikia izandu gure Aita-lenaren poza jakin zuanian bere semien eriotza. «Oraintxen bai, nezaketela esan, oiu egin zuan, gutxieneko badituztala bost anai txikienak». Milla bendizio bota ziozkan Alaquerko etxe santuari, nun ere prestatu ziran martiriorako. Bendizio ura beti ezagutu izandu da ugaria praile etxe artan, aditzera eman dutenez an bizitu izandu ziran askok.

        Anaia Bidal, inbidi santuarekin gelditu zana bidian, bere lagun-anaien azkena jakinta, ezinta geiago poztu zan eta ill zan andikan laster justuen eriotzarekin Zaragozan.

 

 

SAN ANTONIO PADUAKUA

 

        Zein miragarrizko moduan gure Jaugoikuak gauzak zuzentzen dituan beren azkenera! Nori biar zitzaion gogoratu, Marruekuetako bost santu martiriak juan zirala Coimbrako Santa Cruz-ko Kanoniguen etxe artara, ill ondorian, an zeukaten adiskide aundi baten billa? Adiskide aundiya diot, zeñak egunen batian biar zuan mundu guzian argi egin bere jakinduri ta santutasun Jaungoikozko zeloz betetakuarekin. Fernando zeritzan gazte ura. Tajo zan Portugalen Lisboako errian, milla eun ta larogei ta amabostgarren urtian. Bere gaztetasuneko garbitasuna ez zikintziagatik. amabost urtetan sartu zan Kanonigu erregularren Ordenan, San Bizenteko etxe santuan, Lisboa onduan. Beñ munduari agur egin zion ezkeroz, Fernandok etzuan traturik nai munduarekin, ta ikustera juaten zitzaizkion aidiak ere miñ ematen zioten, zeren naiago zuan artaz iñor ez oroitzia. Azkenik, aien juan-etorri sarrigiari bidia ebakitzeko, eskatu zuan baimena andik Coinbrako Santa Cruz-ko etxe-santura igarotzeko. Emen arkitzen zan Fernando, arara santu martirien gorputzak eraman zituztenian. Martirien zorionak piztu zuan gogo bizi bat, fede santuaren defensan berak ere bere odola ematekua. Gogorazio oetan arkitzen zan inbidi santu batekin. Coinbratik urbil arkitzen zan San Franziskoren Ordenako, Olivaresko San Antonio deitzen zioten, etxe santu bat. Bi erlijioso etxe artakuak juan oi ziran eskian Coinbrara. Egun batez Fernandok agertu zien ajen Ordenara igarotzeko asmua. Pozez erantzun zien San Franziskoren semiak: «Onelako egunerako egitzu egin biar diran prestamenak, eta etorriko gizaizkio». Beriala juan zan Fernando bere buru egiten zuanarengana; eskatu zion baimena San Franziskoren Ordenara aldatzeko. Nekez bada ere, iritsi zuan. Diot nekez; zergatikan asko nai zioten kanoniguak santua ta jakintsua zalako; pitxi ederra zan Fernando eta berentzat nai zuten.

        Egun markatuan San Franziskoren semiak juan ziran Coinbrara, eta Santa Cruz-ko Eliz artan eman zioten San Franziskoren Ordenako jantzi santua, kendurik Kanoniguena. Agur egiteko garaian esan zion kanonigu batek itz au Femandori: «Zuaz, zuaz, Fernando; agian Santu aundi egingo zera». Umill erantzun zion Fernandok: «Ori jakiten dezunian, zuk Jaungoikua alabatuko dezu». Orduan utzi zuan Fernandoren izena eta artu zuan Antoniorena. Au izan zan San Antonio Paduakua; ez Paduan, Italian, jaiua zalako deitua onela, baizik Paduan il zalako. San Antonio Paduakua jaio zan Portugalen, Lisboako erri aundiyan. Ogei ta seigarren urtian zijuan Antonio, San Franziskoren Ordenan sartu zanian. Jesukristoren fede santuagatik bere odola emateko desio bizi ura geituaz zijuakion egun batetik bestera. Laster eskatu zuan baimena, bere asmo ederra betetziagatik, Aprikara juateko. Baimena artu bezain aguro, jarri zan bidian. Eldu zan Aprikara, ta eritasun aundi batek jarri zuan ezertarako gauza etzala. Osasun obian jartzeko España biar zuan jo. Sartu ziran itsasuan Españarunz, eta ekaitz aundi batek, nola Españara eramango, bota zituan Siciliara. Ezagutu zuan Antoniok Jaungoikuak etzuala martiriorako artian diño arkitzen. Sicilian zeguala, jakin zuan denboraz izango zala Ordenako billera nagusia Santa Maria Aingeruenian; erabaki zuan aruntza juatia, bere Aita-lena ezagutuz.

 

aurrekoa hurrengoa