www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

EMERETZIGARREN BURUA

 

 

BILLERA BUKATZIAN
JARTZEN DA BAKOITZA
AGINDU ZAION BIDIAN

 

        Bukatu zan billera ederra, eta eldu zan bakoitzarentzat guzien buru ta Aita-lenari agur egiteko ordua. Indar aundia orduzkoz artu zuan Ordenak. Asko gaztek artzen zuten abitua, ta egunetik egunera San Franziskoren semiak ugaritzen ari ziran; beragatik banatu biar ziran asko aldetara. Kardinal Ordenako anparatzalliaren koselluz anai Elias izendaturik bere ordeko, erabaki zuan Franziskok amabi lagun arturik Sortalderunz juatia, Jesukristoren lege santua predikatzeko asmuan Sultanari ta bere menpekuai. Izendatu zituan ere munduaren alde askotarako Probintzial ta beste erlijiotsu asko. Aretzioko anai Benito biali zuan Greziara. Onek zimentatu zuan Romaniako Probintzia. Aprikara berriz biali zituan anai Gil eta anai Electo. Gure Cornejok dionez, anai Electo izandu da Ordenako martiri-lena. Ixuri zuan bere odola Jesu-Kristoren fediagatik Aprikan, Tunezko errian. Anai Juan Parente, gizon santua, beste eun lagunekin biali zuan Españara. Ark asko lekutara zabaldu zituan Españan bere lagunak. Zaragozan bere-biziko itz-aldi ederrarekin guztien biotzak irebazi zituan, eta eman zioten etxe bat, nun ere jarri zan beste batzuekin. Jendiak lenago baño obeto artzen zituan, zeramazkitelako Aita Santu Honorio irugarren, asko Kardinalen eta Aita-lenaren paperak. Inglatiarrara bialdu zuan anai Anjelo Pisakua Probintzial bezela, beste lagunekin. Etzuan orduan Alemanira iñor biali; ura utzi zuan gerorako, ariketa izan arte ango izkuntza zekitenak. Onela beraz San Franziskoren semiak artu zuten beren kontura mundua konbertitzia. Aita-lenaren bendiziuarekin indarturik, ekin zioten lanari bakoitzak bere saillian, guziak espiritu batekin eta Jaungoikuaren gloriarik aundiena begien aurrian zutela.

 

 

SAN FRANZISKO ETA MOJAK

 

        Beste eginkizun bat sortu zitzaion Santuari bete biarra, Ejito ta Siriarunzko bidiari ekin baño len. San Damiango etxe santu, Klara bere alabakin zeguana, noren kontura utzitzen zuan galdetu zion Kardinalak; eta gañera beste asko etxe santu dontzellenak San Damianguaren araura egiñak. Asko ugaldu ziran oen etxiak, eta ez Italian bakarrik, Burgosen ere (Españan) zimentatu zuten etxe bat. Orrengatik ziran arreta aundiaren diño. «Nere Jaun eta Aita —erantzun zion Kardinalari Franziskok—: nik ez det beste emakumien etxerik jarri Klararena baizik; beragatik bestien konturik ez det; onena bakarrik. Ezta nere gogoko gauza ikustia, ikusten dituztan bezela, dontzella gaztientzat etxiak ugaritzeko nere semiak daukaten zelo geiegi ori. Ezta ere nere naia oeri ematia, nik nere semiai, eta badakit zergatik, eman nien txikienen izena. Biotzez diot esaten, al duan guziaz berezi ditzala nere semiak orien zuzen-bidien kontuetatik, gorde dezaten obeto beti bere izen ona, eta libriago artu duten bizierari jarrai deioten. Nai nuke orain oeri ematia andre pobrien izena edo pobre erretiratuena, beste egokiago bat somatu arte».

        San Franziskoren semiak zuzen zebiltzen biargai aietan. Beren oñetara juaten ziran gaztiak munduari agur egin naiaz, nai zituzten nun-ere-bait alogeratu. Ona zergatik, zelo santuz beterik eta karidade egiazkuarekin, somatu zuten bitarteko on ura. Santuak berriz, Ordenari begiraturik, ikusten zituan traba aundiak zitezkiala etorri artatik. Etzuan beraz bere semerik lan-bide aietan sarturik ikusi nai. Dicebat enim: «Timeo ne dum Deus nobis, abstulit uxores diabolus nobis procuraverit sorores». Itz gutxian asko dio Santuaren esan onek. Arrazoi modu oriek aditurik, Kardinalak artu zuan, Aita Santuarekin batera, bere gañ gauza au antolatzia. Bakarrik esan zion Santuari ar-zezala Klara eta bere alaben kontua. Ala artu zuan ere. Bertatik izkiribitu zion Klarari papertxo bat nun ere esaten zion: «Bere buruaren eta bere anaien kontua bezela berdin aren ta aren alabena artzen zuala».

        Gelditurik beraz onela San Franziskoren kontura San Damiango moja-etxia, beste gañerako guztien kontua Kardinal aitatuak utzi zuan Anbrosio zeritzan Cisterren Ordenako erlijioso baten eskuan. Anbrosio Jauna ill zanian, kargu au berau eman zion anai Felipe Luciari. Zerbait ere aurreraxiago sartua izan bear zuan anai Felipek egin-bide onetan, au da, iñolaz ere agertu zuan gogua kargu onetarako, eta Santuari esan gabe bitartekoren bat artu zuan logratzeko nai zuana. Asmo zuzena izan bazuan ere anai Felipek gai onetan, etzan Santuak nai zuana; beragatik esan zion: «Gaizki egin dezu. Orain arteraño zauriya mamian zeguan eta erraza sendatzen, baño orain ezurrian dago eta ezin diteke senda».

 

 

SAN FRANZISKO
ETA ANAIA ESTEBAN

 

        Etzan Santua ain biguña azaldu anai Estebanekin. Negu gogorreko egun batez anai au zijuan Santuarekin bide-lagun. Esan zion Aita-lenari zerbait imurtxi gauza batek kontzientziari egiten ziola, eta azaldu zion era onetan zer zuan: «Nere Aita! Anai Filiperi baimena eskatuta, itzegin naiz nere aide moja batekin, egon biarra neukalako berarekin. Eta orain barrenak alakoxe imurtxi bat egiten dit; ona zergatik aitortzen diotan». «O Esteban! —esan zion Santuak—. O Esteban! Txit gaizki egin dezu. Desobeditu dezu, eta orrelako pekatuari kastigu gogorra dagokio. —Ibaiaren ertzian zijuazen—. Sartu zaite beriala ibai onetan; agian piztu zitekian griña txatarren baten su txarra eta itzali or». Anai Esteban sartu zan, jantzi ta guzi, ibai izoztuan eta Santuak gogor esaten zion: «Garbi, Esteban, garbi ondo, ariketa orbanik txikienak kendu arte». Utzirik ibaian ala kupida gabe bezela, Santuak ekin zion zeraman bidiari berriro.

        Irten zan anai Esteban ibaitik; urrutitik bada ere jarraitu zion Santuari, zeguan bezela, metxa legorrik gabe, bustia oso eta otzak ikaraz. Legua erdi bat bide egin zuten ala, elkarri itzik egin gabe, Santua aurretik ta Esteban atzetik. Iduritu zitzaionian Santuari asko zala, arindu zion penitentzia. Urrikalmen aundiarekin, lenengo arkitu zuten etxian, su aundi bat eginazo zuan, eta bonbonadan erdian itz gozuekin lagundu zion berotutzen eta arropak legortzen.

        San Benitoren Ordenako erregla gorde zuten anai Felipe luziaren kontura zeuden mojak, ariketa, milla berreun ta ogei ta laugarren urtian, erregla berezi bat Franziskok eman zien arte. Au da Santa Klararen edo San Franziskoren igarren Ordenako erregla. Urte askuan San Franziskoren semiak izandu ziran Santa Klararen alaben gidari karidade garbiz.

 

 

SAN FRANZISKOREN SEMIAK
APRIKAN

 

        Sortalderunz abiatu aurrian Jaungoikuaren gogoz biali zituan bere semiak Aprikara. Beti prest Jaunaren naia egiteko, ezagutu bezain aguro deitu zituan beregana sei seme banan banakuak. Anaia Vital, gizon jakintsu eta prestua, ark izan biar zuan beste bosten buru ta gidari; Corbiako Berardo, arabien izkuntza ederki zekiana; San Geminianoko Pedro eta Oton, biek mezakuak, aurreneko biak bezela; Aiuto eta Acursio anai leguak. Aita-lenak itzegin zien onela: «Nere seme maitiak: Jaungoikuak agertu dit bere naia, eta zuek aukeratu zaituzte Sarrazenuai Ebanjeliua azaldutzeko Mahomaren legiaren kontra. Presta zaitezte beraz Jaungoikuaren gogua egiteko... Ar zazute Jesus zuen ispillutzat, eta Bera iduri zazute egin bide guzietan... Pobre jaio, pobre bizi eta pobre izaten erakutsi zuan, eta pobre azkenik ill zan... Izan beraz Jesusen antzekuak... Bere biotzian jarri zazute zuena. Ar zazute zeokin Ordenako erregla eta errezo-liburua... Obediozute anaia Vitali... Eta zuen biotzak alaitzeko, edozeñ nekeren erdian, oroi zaitezte maiz Jesusen Pasio ta gurutzeko eriotzaz». Guztiak erantzun zioten: «Aita, agindu guri nai duana; prest gaude edozein tokitara juateko». «Zuek bialtzen zaituanak berak artuko du zuen arreta; Jaungoikoaren eskuan zaute eta beraren anparuan; berak deitzen zaituenez geroz bere mastiko lanera, nere biotzetik igarotzen zerate bere biotzera».

        Onelako itz gozuak adituta, belaunikatu ziran Jaungoikuaren zeloz suturik; gozozko negarraz begiak bustita, eskuan muñ egin zioten beren Aita-lenari, eta azkenik eskatu zioten bere bendiziua. Orduan altxatu zituan San Franziskok begiak eta biotza zeruetaraño, eta eskua jaso zuan bere semiak bedeinkatzeko esanaz: «Aita Jaungoikuaren bendiziua datorrela zuen gañ, apostoluen gañera etorri zan bezela; Berak indartu ditzala zuen animak; Berak zuzendu ditzala zuen pausoak; Berak poztu ditzala zuen biotzak atsekabien artian. Ez ikaratu beraz, iñork garaituko ez duan gudari Jesus dago zuekin. Zuazte, zuazte; zuek bialtzen zaituzten Jaungoikuaren izenian». Apostolu berri ta martiri oen kontaira leku egokiaguan jarri da.

 

 

SAN FRANZISKO ETA GALAI BAT

 

        Aitatu det beñ baño geiago aldiz kontaira onetan gure Aita-lenak zenbateraño desiatzen zuan Jesus maitiaren amorioz bere odola isurtzia. Milla berreun ta amabigarrenian lenbiziko aldiz utzi zuan Italia eguzki alderunz juateko asmo onekin. Bigarren aldiz Españara juan zanian, agertu zuan asmo au berau Donostiako baia jo zuanian ontzi billa Aprikarako, andik bi urtera. Irugarren aldian bada, orain amabi lagun arturik, beti asmo batekin, joko ditu eguzki aldeko bazterrak. Lagun artuen tartian kontatzen dira: Cataneoko Pedro; Asisko Leonardo; Sabatino, eta Rietiko Iluminato.

        Bidian jarrita laster etorri zitzaion Santuari etxe oneko galai gazte bat jantzi santuaren eske. «Zuaz —esan zion Santuak—; Jesu-Kristoren pobrien bizitza nai badezu eraman, daukazun guztia emaiezu pobriei». Juan zan beriala gaztia etxera, eta non pobriei emango zituanak, eman zizten bere aidiei. Aurkeztu zitzaion gero Santuari esatera nola ondasun guziak eman zituan. Etzitzaion gusta Santuari egite ura ta esan zion: «Zuaz, zuaz, anai euliya. (Itz onekin izendatzen zituan ezertarako etziranak). Zure biotza aidiekin sendotxo josia dago. Engañatu dituzu pobriak; beragatik ez dezu merezi Jesu-Kristoren pobrien laguntzan kontatzia». Aldegin zuan eta berriro beñ utzitako ondasunen jabe egin zan.

        Aditzera ematen digu emen San Buenabenturak, nola San Franziskok etzuan bere Ordenan iñor artutzen, munduko gauzentzat zerbait amorio zuanik. Egiaz da tentazio izugarria San Franziskoren seme egiazkuentzat; ta diabruak, engañatu nai dituan askori, jartzen diena, oso-oso ez agur egitia ondasunai, eta gerokuari geiegi begiratzia, aitzakiak asmaturik, ezagutu ta aitortutzen dutelarik egi au: aireko txorien kontu daukan Aita zerukuak, izango duala Franziskoren semiena. Ez egitia alere betiko agur oso bat urre-zillarrai! Zenbat erori ote dira lazo onetan! Bere almen guziarekin gorde ditzala Jaungoikuak Franziskoren semien biotzak, amildu ez ditezen arrisku betiko galerako onetan.

 

aurrekoa hurrengoa