|
Amodioa batzuetan
Choplung herri txikia inguratzen duten mendien malda
malkartsuetan zehar, Noru Dewa mutil gaztea, bere amak
gauean opil ederra egiteko behar duen egurra, batzen ari da.
Eta zuhaitz eta zuhaiska sarrien artean dabilela, gora egiten du
kantua.
Askoz beherago, Choplung herri txikian dagoen Sodyuni neska
gazteak entzuteko moduan egiten du kantu altu Noru Dewa-k.
Bera bakarrik doala aldatz gora, bere kantu zolia luzatzen da
haran sakonean zehar, norbaitek entzuteko moduan.
Eta Sodyuni neska gazteak barre txikiak egingo dituelakoan
dago mutil gaztea, oso mailubi nimiñoak zapi urdin batean
sartzen dituen bitartean.
Ghat herritik hurbil dagoen artasoro eskas batean artoa batzen
ari dela, kantatzen du zoli ere Ang Sandu mutil gazteak.
Gaur gauean bere amak opil ederra egiteko behar duen artoa
batzen ari da.
Eta artoari kantatzen dio eta eskerrak eman Jainkoari, eta lur
honen edertasunak kantatzen ditu, ahots fin hori artalanda
guztietan zehar barreiatuz.
Dudh Kosi erreka handi eta bortitzak ezin du doinu eder hori
isilarazi eta Ihabarma Sodyuni neska gazteak ere entzuten du.
Eta barre txikiak egiten ditu hitz gozoak entzuten dituelako,
eta esku artatsuekin artoa jorratzen irudikatzen du, agian bere
ahoa ferekatuko duen aho zabal hori, bere ahoa musukatuko
duen mailubi koloreko ezpain horiek.
Sodyuni neska gazteak Dudh Kosi erreka bezalakoa dela
pentsatzen du gero, gorago, Phunki Tenga herrian bertan Imja
Khola errekan zabaltzen baita, eta uste du bere amodioa
horrelakoa dela,
bi bailaratan banandua.
Namche Bazar, Nepal
Amodioa batzuetan |