|
Amodioa batzuetan
Hodeiak urratu dira Euskal Herriko mendien ahoetan
urak lur sagaratuaren zainak garbi eta urezta ditzan.
Harkaitzetan behera libre kurritzen dute ur-firuek
harri zaharrei ilea margotuz, tantoka begiak zabalduz
eta goi urdinean diren izar guztien aldean milaka eta milaka
tanta ibiliko dira jirabiran, biribilketan, saltoka, harrietatik
belarretara,
pago grisetatik hosto berdeetara eta hemendik goroldioaren
barruko bihotzetara.
Eta ira zaharrek beso flakatuak altxatuko dituzte, espiraletako
fruitua zabal dadin, dena horizontalaren berdetasunean gerta
dadin.
Antigoaleko zaldunak akordura etorriko zaizkio gorostiari eta
hau bezalako urak bere botoi gorriak bustitzeaz gain, gerlariak
zuhaitz ederrena zela mintzatzen ziren artean, zelan blaitzen
zituen urrezko ezpaten eskutoki haiek,
gogoratuko du.
Eta basoilarraren lumajea harrotuko da zipriztinen alaitasunaz
eta jana edukiko du berriz lurraren zirrikituetan,
zotzen azpiko mundu imajinarioetan.
Ur latsetara hurbilduko da berriz basurde ikaratia
lainoak sorturiko iluntasun berunezkopean, eta edaten
dagoelarik oroimeneko zaunkak adituko ditu hartzara
eta barre egingo du, orain urrunegi baitago zakur
astapito haiengandik
Eta bere mintzoak esango dio boboiari itxaroteko,
euri honekin ez direla hain erraz sagutxoak ageriko,
ez bere lumajea busti, ez bere habia abandonatu
gau honetan.
Haraneko sagarrondoaren loreen petaloak askoz distirantagoak
izango dira miruaren begietara eta horregatik
dudan egongo da, haragi hotz eta bustia eraman ala
halako lore azukre kolorekoak.
lbaiak eratuz joan dira mendez mende lurra zizelkatuz,
zintzurrak zabalduz, leizeak beteaz, eta ibai horiek ere gaurko ur
hau daramate bide itxietatik muga zabalduetara.
Eta honela garbitu du euriak gure lurra eta bere bizilagun
betierekoak,
honela garbitzen ditu urak memoria ororen kaosak,
gardentasunezko losintxak eztiki bananduz, bizitzaren
errezel heze bilakatuz.
Irati
Amodioa batzuetan |