|
Amodioa batzuetan
Gomutatzen dut txikitan hegoekin egiten genuenaz
harritzen ginela.
Egunero altxatu eta gero hegoak zabaltzen genituen
arginabarraren zabalera neurtzeko eta beti, beti, kasualidadea
izan zitekeenik ohartu gabe, hegoaren punta batetik beste
hegoaren puntaraino urratzen zen eguna. Hau da, zeruak ere
gure luze-laburrak zituen eta honek asko pozten gintuen. Egia
esan, zeruak oso handia ematen zuen eta horrek esan nahi zuen
geu ere bera bezain handiak ginela.
Zerua neurtu ondoren gure hegoei so gelditzen ginen amiñi
batean, ez ote zen gaueko izarren bat ere gure luma gazteen
artean ezkutatuko, baina ez, mokoka bilatu eta gero ez genuen
ezer topatzen.
Han, erroitz hartako harkaitzetan geundenean, anaia eta biok
asko gozatzen genuen goizarekin, zeren eta goizean helduak
hasten baitziren altu-altu biraka, eta gu begira nola egin zitekeen
hori buruari galdezka.
Orduantxe gure hegoaren bigarren balioaz ohartu ginen, han
goiko korronteen apetari jaramon egin barik gure aitona
seinalatu nuenean. Hara! pentsatu nuen, hegoarekin ere erakutsi
nahi duguna seinalatu ahal dugu.! Eta gauza guztiak seinalatzen
hasi ginen, han etxe bat, han hodeia, han ardiak eta abar.
Jan eta siesta bota ondoren eguzki begian esnatzen ginen eta
askotan bere argitasunak begiak itxiarazten zizkigun minaren
minez harik eta nire anaiari begiak hegoaren babesean
ezkutatzea otu zitzaion arte. Ze poza! begiak tapatzen genituen
eta ez genuen ia deus ere ikusten. Oso dibertigarria zen.
Egia esan, gauza asko egiten genuen hegoekin, baina egunak
joan eta egunak etorri gure hegoak ez zirela hain gureak ohartu
ginen, zeren eta batzuetan arginabarra neurtzeko astirik eman
gabe, gogotik hasten baikinen astintzen, gora eta behera, gora
eta behera nekatu arte, eta askotan ez genekien zergatik, astindu
behar genituela sentitzen genuen soilik.
Horregatik beldurrez beterik izan nintzen nire hegoen baliorik
handiena deskubritu baino lehen.
Eguerdia zen hegoak biziki astindu eta nekatu ondoren
harkaitzetan ibiltzera animatu ginenean. Gora begiratu nuen
anaiak heldu baten artaziak erakutsi nahi izan zizkidanean eta
haren maniobrak ikustean nire hegoak berriz esnatu ziren eta
zabaldu ere bai.
Zoritxarrez, zabaltzean, hego batek harriaren kontra jo zuen eta
ni erroitzetik behera amildu nintzen nire anaiaren begi izutuak
hastantzen ikusten nituen bitartean.
Erorketak ez zuen hamar metro iraungo, bat-batean hegoak
zabaldu eta astintzen hasi nintzen, eta hau egiteak erorketak
berak baino gehiago beldurtu ninduen.
Hor airean, harkaitzetatik bospasei metrora eta lurretik ehunera
edo, gora hasi nintzen berriz ere nire anaiaren begiratu
harrituaren aurrean jarri arte.
Honetarako ditugu hegoak, anaia, honetarako, oihukatu nion,
hegan egiteko dira eta ez izarrak seinalatzeko, borroka egiteko,
arginabarrak neurtzeko edo kilima egiteko.
Harrez gero askotan dibertitzen gara airean norlehenka, ezer
seinalatu gabe, ikusten dugunaren ondora-ondoraino joan
baikaitezke ziztu bizian.
Guztiarekin ere, batzuetan triste jartzen naiz, altu-altu
gaudenean, hegoak zabal-zabalik, zerua ez baita hegoen bi
punten artekoan kabitzen, eta horrek esan nahi du pentsatzen
genuena baino askozaz ere txikiagoak garela, edo behintzat
nagusitu arren txikiagotu ere egin garela.
Zeruaren hegoak leku guztietatik baitaude.
Irunberriko Arroila
Amodioa batzuetan |