Amodioa batzuetan
Juanra Madariaga

Euskaltzaindia/BBK, 2001

 

 

Itzuli.

Zer esan nahi du aditz honek.

Beti galdetu behar da nondik.

Itzultzeak ere ekartzea esan nahi du.

Zer itzuli, zer ekarri, zer dakarzu.

Hemendik iragaitean itzuli zara edo

noraezean zindoazen.

Oso urrun joan zinelako itzuli zara.

Zein eremutara, zein esparrutara,

zein lekutara itzuli zara.

Itzulita zaude edo itzultzeak etengabeko

prozesua, amaierarik gabeko ekintza

adierazten du.

Itzultzen zarenean hurbiltzen zara.

Ez zegoen zerbait itzuli da edota zerbait

joan da itzulera hori gertatzeko.

Zurekin batera beste zerbait itzuli da.

Bazaude, amaitu duzu itzultzen.

Eta deusik gabe itzuli bazara, zer

esan nahi du aditz oker horrek.

 

Amodioa batzuetan
Juanra Madariaga

Euskaltzaindia/BBK, 2001