Amodioa batzuetan
Juanra Madariaga

Euskaltzaindia/BBK, 2001

 

 

Hantxe zeunden

hirietako eraikinak bezala jarrita zeuden liburu

herabeti haien artean,

nire ezpainak itzultzen, nor bere espazioan

eta biok literatur-kaleetan besarkatzen.

 

Hantxe zeunden

artean bere buruaz beste egiteko balio duen zubi zatarraren azpian

beste jainko baten gatzezko eskulan berria, atzera begiratzen ez

zuena, desio baten zain.

 

Hantxe zeunden

gela haietan galdurik, koadroetako kontrapuntu isila,

marra gehiegiren euri, lauki, esku, bihotz.

 

Hantxe zeunden

zuhaitz askoren behakopean, belar gainean kiribilduta,

igogailuetako zero hura bezala, behar izan aditzaren esanahia

azaltzen.

 

Hantxe zeunden

hantxe zeunden

hantxe zeunden

Eta agian horrela errepikatuz ohartuko naiz

ez zarela sekula egon.

 

Amodioa batzuetan
Juanra Madariaga

Euskaltzaindia/BBK, 2001