Amodioa batzuetan
Juanra Madariaga

Euskaltzaindia/BBK, 2001

 

 

AMODIOA BATZUETAN

 

 

 

Amodioa batzuetan

etxeko atea zabaltzea

eta bertan dagoen amildegia ikustea da.

 

 

 

Batzuetan orbitatik desbideratu eta

kaotikoki erortzen ari den planeta

edo meteoritoa sentitzen zen bera.

Urteak eta urteak desegin arte.

 

 

 

Bakardadea etxe hartan handia zen.

Hain zen handia ezen koadroak

okertzen ziren.

 

 

 

Amodioa batzuetan

zutaz norbait gomutatzen

ez delako sentitzen duzun buruko erremina da.

Asko edanagatik ere, ez duzu erredura hori baretuko.

 

 

 

Estaltzen dituzu begiak eta

isiltasuna duzu ikusten.

Estaltzen dituzu belarriak eta

iluntasuna duzu entzuten.

 

 

 

Putzuaz bestaldean

nork islatzen du

bere aurpegia?

 

 

 

Amodioa batzuetan

trenaren txistua bezain

zolia izaten da.

Eta trena gero, badoa.

 

 

 

Ikaraturik nagoelako

izkiriatzen dut ikaraturik.

 

 

 

Badirudi munduko alarma guztiak

pizturik daudela ilunabar gori honetan.

 

 

 

Amodioa batzuetan

zure etxe aurrean atseden

bila gelditu den erromesa da.

Bihar ez da hor egongo.

 

 

 

Gertatu ez zena

ezin izango dut inoiz ahaztu.

 

 

 

Gomuta batzuk pozoia

bezalakoak dira.

Ez dute antidotorik eta

ito egiten zaituzte.

 

 

 

Amodioa batzuetan

sagarraren araupeko ilusioa da.

Erori eta lurraren kontra kolpatzen da.

 

 

 

Pinuz beteriko udako basoa naiz.

Zure amodio piromanoak

erre behar nau osoki.

 

 

 

Eguna izan zinen,

eta orain

argitasunaren kontrakoa zaitut.

 

 

 

Amodioa batzuetan

telefonoak jotzen ez duelako

sentitzen duzun egarria da.

 

 

 

Parkea jendez beterik dago.

Ni bakarrik.

Ni bezain bakarrik erdian

dagoen buzoi horia.

 

 

 

Normala zenez

itsasoaren soinua ez zuen

portu hartan inork aditzen.

 

 

 

Amodioak batzuetan

kurloi zaharren hegoetako hezurrak

bezala apurtzen dira.

 

 

 

Platerean letra-zopa.

Poemak idazteko letrak jaten ditut

Koilarakadaka.

Lantzean behin goragalea.

 

 

 

Etxe aurrean beti katuak.

Eguzkipeko harri lotiak, sorki eroriak.

 

 

 

Amodioa batzuetan

goizeko seietako oilarraren jotzea

bezalakoa da.

Jasanezina.

 

 

 

Parkeetako bankuetan jesarri naiz eta

gizonak paseatzen dituzten

txakurrei erreparatu diet.

 

 

 

Saiatu naiz eguzkiari begiratzen,

baina honek ere so egin dit

eta lotsaturik begirada erretiratu diot.

 

 

 

Amodioa batzuetan

enbata krudelaren antzekoa da.

Jo, inarrosi

eta zure bizitzaren hostoak daramazkizu.

 

 

 

Liburu baten azalean irakurri dut.

Ez dadila sekula irakurria izan

irakurmenaren misterioak iraun dezan.

Eta misterio horren zaporea

ahoan sentitu dut.

 

 

 

Gauak zu eta nire artean

eraiki du zubi bat,

inoiz ezin zeharka dezakedana.

 

 

 

Amodioak batzuetan

arrosa sorta bat zarela

sentiarazten dizu.

Norbait heldu ez delako

paperontzian botatako arrosa sorta.

 

 

 

Trenen zaratotsa

metalez egina da.

Haizearen zaratotsa

galburuz egina da,

Amodioaren zaratotsa

distantziaz egina da.

 

 

 

Zutaz gogoratzen naiz

metxeroa pizten dudan bezala.

Automatikoki.

 

 

 

Amodioa batzuetan

izartegi handiari so egotea da.

lkaragarriak dituen neurriak.

 

 

 

Zubiek lur bi

lotzea erdiesten dute beti.

Non dago gure arteko

zubia maitea?

 

 

 

Zubiak, kaleak, parkeak

zeharkatzen dituzu,

berarekin zeharkatu zenituen

berdinak.

Orain nola ausartzen zara?

 

 

 

Amodioa batzuetan

haizeak leihoa zabaldu nahi dueneko beldurra da.

Hori, beldurra.

 

 

 

Urrunegi zaudela eta

dudan esperantza kezkatzen hasia da.

Urrunegi zaudela eta

dudan tristezia barreka hasia da.

 

 

 

Poema bat

zuri oihukatzea eta

sakonean entzuten didazula

pentsatzea da.

 

 

 

Amodioa batzuetan

abandonuaren sinboloa izaten da.

Joan da.

Eta abandonua atzera egiterik

ez duen beste iraultza bat da.

 

 

 

Zu gabe edozein lekutara

joan naiteke,

ez naizela inora iritsiko

dakidan arren.

 

 

 

Hozkailua zabaldu dut azkenik.

Bihotz formadun mailukiek

zure amodioaren hoztasuna

gomutarazi didate.

 

 

 

Amodioa batzuetan

zerori bezalakoa da,

ulertezina,

urruna,

fidagaitza.

Desio bat.

 

 

 

Begiak ixtearekin

ez nuen derrotaren kolorea desagertaraztea

lortzen.

 

 

 

Nire gomuta guztiak esku honetan

biltzen ditut eta

iturriko uraren azpian sartzen dut.

Horrela, gomutok garbi daitezen.

 

Amodioa batzuetan
Juanra Madariaga

Euskaltzaindia/BBK, 2001