Bihar zure urteak dira.
Ezagutzen ez dituzun olatu batzuk harri kolpatuen kontra
lehertuko dira tristeziarik gabe.
Banketxeetako kristaletan islaturik agertuko dira
bihotzak urraturik dauzkaten gazteen aurpegi zailak.
Desorduetan itaunduko didazu berriz norantz
abiatu garen, ez ote gauden hurbilegi.
Oso ilunak diren behelainoek higatuko dituzte
zure etxeko teilatuaren hegi zorrotzak.
Basamortutzat daukadan arimako zulo honetan
loratuko ez diren zure esku urrutiak.
Eta bihar zure urteak izango dira.