Eta zer, artaziak hartu eta
ortzemugari itsatsiriko hodei horiek mozten baditut
zure gainera eror eta zanpa zaitzaten.
Eta zer, urrezko titare eder horretan
inoiz dastatu duzun edaberik pozoitsuena
jartzen badut eta zuri eman,
heriotzak mozkor zaitzan.
Eta zer, tristeziaren jostorratz mingarria erabilita
agur guztien hutsuneak josten baditut, eta atari bat egiten
azken musua ezerezetik jaso dezazun.
Eta zer, hari gorri horrekin kolore berri bat
inprimatzen badiet zure ezpainei, zure musuak
tatuaje bihur daitezen, amorante berriak halabeharrez marka ditzazun.
Eta zer azkenean zure jostuna izateari uzten badiot eta
borondate hori gutunazal batean sartu, gero
zabaltzen duzunean nepaleko oihal baten moduko hotzikarak
gorputza inarrosi diezazun, dena konpreni dezazun.
Eta zer, itsu gelditzen banaiz eta elurra egiten
ikusten badut.
Zer.