|
Amodioa batzuetan
Kartoizko kaxan zeuden
katemeak munduraturiko katakumeak.
Udare baten tamainakoak, kotoizko suabidadean
bainaturik, munduari, begiak itxita, muzin eginez.
Hori udaberrian izan zen, lorategiko belarrak gora eta gora
egiten zuen, gerizondoak eta sagarrondoak norgehiagoka
ari ziren eta leku urrun batetik ekarririko pagoak,
berdearen berdez mintzatzen ziren astiro.
Denboraren joanean animalien nortasunaz ohartu nintzen
lehendabizi.
Bata herriko orbela bailitzan, bestea izu batean bizi zen,
hurrengoa abenturazalea zen, beste bat txikiegia, nekez
biziko zena, eta bosgarrena lotia.
Zabaldu orduko, gaixotu egin zitzaizkien begiak eta
goizero hanturik eta itxura txarrez esnatzen ziren.
Kotoi ureztatu batekin garbitzen nien barruko zorne lodia,
betiko garbituko banie bezala baina hurrengo egunean
begi bat itxita, bestea erdizka.
Naturak bere eginkizuna beteko zuelakoan atzendu nuen
nire betebeharra, eta hartara egun batean, guztien begiak
berriz gaixoturik idoro nituen, batenak izan ezik.
Katurik txipiena ere zendua zen.
Begitxo haiek garbitzean konturatu nintzen bat betoker
zegoela eta besteak faltan zituela, gaixotasunak jan balitu
bezala.
Katu itsua nola bizi liteke txakurrez inguraturiko mundu
handiegi honetan?
Katuok beldurtiak dira oso, zeren eta atea zabaltzen dudan
bakoitzean labezomorroen antzera kurritzen baitute behea,
ezkutalekua aurkitu nahian.
Horrela guztiak, bat izan ezik.
Katu zuri-beltz hau erdi itsua da. Badirudi gero eta hobeto
antzematen dituela bornuko gauzak eta paisajeak.
Horregatik, batzuetan belar geldiezin bati begira ikusten
dut, ikatz zati bat usainka, edo ezkerretik eskumara
mugitzen dudan eskuari so eginez.
Besteak ihesean doazen artean, honek altxatzen du burua
eta bere begirada luzatzen du nire begietatik orporaino.
Agian, ni zuhaitza naizela eta eskegita dauden maindireak
hodeiak direla uste du.
Edo agian hormara igota dagoelarik pentsatzen ari da bere
gainera zaunkaka datorren gauza hori, lehen hain atsegina
iruditu zaion butano-bonbona dela.
Katu txipi miopeak oker dauka bere izendegia.
Malloco, Txile
Amodioa batzuetan |