Zaila da lo egitea, zure laztanek hondar
bihurtu naute gaur, sitsak histuriko egurra
jatean zarata handiegia egiten du,
kezkek, gauero, intsektuak bezala,
hutseratu egiten naute eta
ezin bizi-gogoaren defentsari eutsi.
Zaila da lo egitea, zure musuek ezpainetako
gorritasuna xurgatu didate, ilargiak bere besoak
luzatzen ditu leihoaz lekora desairez
eta orain, gainera, telebistako antena guztiak
hasi dira teilatuetatik korrika.
Horrela zaila da lo egitea eta zu ez bazara
laztantzen nauen gaua, are zailagoa.