Jaisten ari naizela
erortzen dira nik errotik
jaulkitako arroka borobilak.
Eta zure larruazaletik ere
labaintzen dira nire begiak,
zure gorputzaren haran beroa gorde nahian,
kokatu nahian, agian ni ere kokatu nahian.
Atzera begira, ahateak hegaka
eta betiko legez hodeiertzean eguzkiak
ez du ostendu nahi,
ele isilez esaten baitit
mendipe artera joan nahi duela,
ohantze lasaia kausitu duela.
Zure musuak ixten dit ahoa eta
zure ilajeak gauaren gortinaiaren antza du.
Besarkadak. Mendi eternoak.
Pentsakor ikusten nauzularik
galde egiten didazu non nagoen
eta nik hemen, hemen nagoela eta
han esan dudala sentitzen dut.