Zotal egunak
Joxerra Garzia

Kutxa, 1991

 

 

BIG BANG

 

Jainkoa beti nigarrez

ari izaten zela

ezerez guztizkoan ezerez

harik eta bere buruari

erreparatu zion arte

orduan diote

lehertu egin omen zitzaiola

bezperako eternitate osoan

puzturiko tristura huts hura

barre algara ikaragarrian

eta diote

algararen big bang hartatik

sortua dela unibertsoa

eta geroztik nor den ororen

garunean entzun daitekeela

estraineko algara

kosmiko-komiko haren

oihartzunaren

errepika atergabea:

ba al gara?

ba al gara?

eta Abel

maite nuen nik Abel

eta amorruak hartzen nau

zuek Kain goraipatzen duzuela ikusirik.

Ez al ziren biak berdinak?

Ez al zuen batak bestea

besteak bata hiltzeko adina arrazoirik?

Zer erru ote zuen Abelek

opalkuntzetako kea gorantz bazihoakion?

Lepora ote dakioke antzesle bati

gidoiaren arauz agertokian

obratzen dituen krimenen erantzunkizunik?

Izan ote dezake antzesle batek

fortunatu zaion papera

gaizki interpretatzea beste errurik?

 

Zotal egunak
Joxerra Garzia

Kutxa, 1991