IRLA HAN DA
Belauntzi arina da maitasuna
zatoz nerekin
itsasoan barrena
urrutira
joan behar dugu
urrutira
beste olatu batzuk
beste arroka batzu
kolpatzen dituzten ertzera.
Arantzarik gabeko larrosen gainean
eginen dugu lo
baldin bazatoz
urrutira
haizeen sorleku
urrutira
inoiz inongo penak
maitaleon bihotzik
tristatzen ez duen tokira.
Irla han da
urrutian
amets guztiak egia diren
inon-ezko parajean.
Maitale zapuztuen arima erratuak dira
itsaso honetako olatuak
ez datoz inongo
urrutitik
ez doaz inongo
urrutira
naufrago triste hauek
hilobi bila doaz
ertzik ez duen irlara.
Irla han da
urrutian
amets guztiak egia diren
ametsezko utopian.
Lo kantu liluragarriak kantatuko dituzte
lamiek guretzat
kresala zipristinduaz
urrutian
hain urre dukegun
urrutian
irla galdu bat baizik
ez duzu zoriona
belauntzi hautsien itsasoan.