Zotal egunak
Joxerra Garzia

Kutxa, 1991

 

 

KARL ERNST VAN BAER-ren
ESPERIMENTU AMAIGABEA

 

Mila zortzirehun eta hogeita hamazazpigarren urtean

Karl Ernst van Baer mediku eta zoologo alemaniarrak

hitzaldi bat eman zuen errealitatea

interpretatzeko moduez.

Ez zuen, geroago Einsteinek bezala,

ekuazio sonaturik formulatu

esperimentu imajinarioa izan zen berea

hiru gizkaki imajinatu zituen:

bizialdi laburragoko bat

eta luzeagoko beste bi.

Ohartu ez zelarik ere poesiaren

metodoak erabili zituen.

 

Demagun bataz beste hogeita bederatzi

egunez bizi den gizakia.

Bere egunen buruan harrotasunez

kontatuko die seme-alabei

zeruan den izarrik handiena hogeitabederatzi aldiz

sortaldetik agertzen eta beste hainbestetan

sartaldetik ezkutatzen ikusia dela, eta

arbasoei entzuna dakiela

garai batean lurrak

elurrez estalia izan behar izan zuela

eta hotza omen dela elurra, eta zuria.

 

Badakigu gaur egun hogeitabederatzi eguneko

gizaki horrek baino

mila aldiz luzeagoko bizitza duela gizakiak

bataz beste: larogei urte, hots,

hogeita bederatzi mila egun.

 

Baina demagun mila bider

luzeagoko bizitza duen gizakia:

larogei mila urte betetzear,

guri zortzi ordu adinaxe

zaio urte osoa

landareak hazten ikusten ditu

begi bistaz

eguna minutu argi bat zaio

minutu ilun bat gaua.

 

Eta demagun are areago

gu baino mila aldiz polikiago

bizi den gizaki hori baino

mila aldiz polikiago

bizi den beste bat.

Ez du

gauaren eta egunaren arteko aldaketarik hatzematen

eguzkiari begiratu eta

uztai distiratsu bat ikusten du

iluntasunean ilinti bat

azkarki bira erazten dugunean bezala

hamar bihotz taupadaz doakio negua

beste hainbestetan uda.

 

Zein da naturaren benazko interpretazioa?

Galdetu zuen Karl Erns van Baer jaunak

bere hitzaldiaren amaieran.

 

Ez zuen galdera horrendako erantzunik

haren hipotesian ez zen begiratzen

denbora azkartu eta geldotzeko tresnarik

asma zitekeenik

ez zezakeen imajina

—goizegi jaioa izaki nonbait—

hitzaldi hura eman eta

berrogeita hamazortzi urte geroago

Mila zortzirehun eta larogeita hamabosgarreneko

abenduaren hogeita zortzian hain egoki

Parisko Capucines bulebarreko Grand Cafe-an

Auguste eta Louis izeneko Lumiere anaiek

zinematografoa estreinatuko zutenik.

 

Zotal egunak
Joxerra Garzia

Kutxa, 1991