Gogoan dut Sanson, lehen kamikazea
nola esan nion alferrik zela
moztekotan errotik moztu behar
dela etsaiaren kasta
ez duela merezi haiekin batera hiltzerik
gozatzeko direla mendekuak
inor salbatzekotan geure burua
salbatzetik hasi behar dugula
gizarajoa, ez zidan
jaramonik egin
filisteoekin galdu zen
betiko sekula
baina filisteoak
berriro ugaldu ziren
eta zabaldu munduan barrena
eta
okerrago dena
baita kamikazeak ere.