Zotal egunak
Joxerra Garzia

Kutxa, 1991

 

 

AMETSAK AMETS?

 

Jolasak jolas, begietarik

zoriona darizula

ez dakit inoiz esan dizudan

ametsa dirudizula.

 

Ilunak ilun, zorionean

zelatan da ezereza

hitzegin zazu, sinets dezadan

dena ez dela ametsa.

 

Muxuak muxu, hasperen batez

esan didazu bakarrik

zorionaren itxarongelan

ez dela hitzen beharrik.

 

Dardarak dardar, izu pindar bat

eratxeki sufesta honi:

nire amets huts izan zintezke

edo zure ametsa ni.

 

Lausoak lauso, sinistu ezik

ba omen dena badenik...

nola sinistu ote nezake

ametsak amets direnik?

 

 

Zotal egunak
Joxerra Garzia

Kutxa, 1991