Zotal egunak
Joxerra Garzia
Kutxa, 1991
BERTSO BERRIAK XENPELARREN
«BETROIARENAK» DOINUAN PROPIO JARRIAK
Antzina tximu ginen
kontuak atera
ez da nolanahikoa
gure karrera.
Gaur ez gabiltz arbaso
xaxtarren antzera
zuhaitzetan bilutsik
gora eta behera
tximuen aldera
gutxigorabehera
jakintsu ba gera
hauxe da galdera:
meritua norena
izan ote da?
Nonnahi bada zikina
nonnahi zalaparta
zenbat dezibelio
zenbat zarata.
Itsas-lurrak bortxatu
ditugu indarka
Natura suntsitzeko
da giza enbata
bagoaz baldarka
geroko lagata
herentzian kaka.
Guinness liburuan guk
kirtenen marka.
Inora ez heltzea
ahal denik azkarren
horra aurrerapenak
zer on dakarren.
Inork ez du izan nahi
ezertan bigarren
horretxek uzten digu
hamaika aztarren
arima pozarren
saltzen dugun arren
fama lortzearren
esaidazu, arren,
ez al da zorionik
eza nabarmen?
Herri bat izateak
nahiz ez izutu gu
pasatzekoak gara
mila apuru.
Politiko gehienak
profeta ta gurú
telebistatik mintzo
somatzen ditugu
badugu aburu
hainbeste sailburu
zerua seguru
izango al dugu?
agintzen zaigu baina
gero tururu!
Odolez ongarritu
nahi dugu baratza
geronen kalterako
geure bengantza.
Horretan badaukagu
zapelaitzen antza
baina aurki emango
dugu azken hatsa
hauxe da triskantza
hil da esperantza
Euskadiko martxa
ez da, gero, txantxa...
herri bat izan zena
hementxe datza.
Zotal egunak
Joxerra Garzia
Kutxa, 1991