Miraria obratuko den esperantzan
begiratuko du poetak
leihatilatik baina
aspaldian ez da esperantza
funikularrez paseatzen eta
patuaren hari beltzak tiraturik
ez du gorantza doanekoan ere
begiratuko dioten
begirik ikusiko.
«Edertasuna zein den tristea,
poema baten amaierarako»,
idatziko du
bidai txartel zimurtuan
1988-III-28
JOAN-ETORRIKOA
95 pzta
eta hiria deitzen duten
erloju presatuen laberintoan
galduko da isilik
zarata zehaztezinen ataka
zeharkatuz.