Zotal egunak
Joxerra Garzia
Kutxa, 1991
HAIZEAREN DEKLINABIDEA
HAIZEA baitan kulunkan
noiz bare, noiz bizi
bizi gara aspaldian
mundutik bereizi.
HAIZEAK hegan narama
zugana, zugana,
uso zuritan zuria
laztana, laztana.
HAIZEAREKIN batera
sortuak mundura
elkarren beroak baizik
ez zaigu ardura.
HAIZEAN barrena goaz
hegaka, hegaka,
maitasunaren himnoak
hitzik ez dauka ta
HAIZEARI eskeiniak
sei soka, luma bi,
sokak kitarrarenak ta
lumak zu eta ni.
HAIZEARENTZAT kantu bat
horixe gara gu
isiltasuna musika
bilakatzen zaigu.
HAIZEARI zure lurrin
berbera dario
usai gozo zoragarri
dena zorabio.
HAIZEETAN bereizirik
bada zortzi klase
zureetatik edanez
ez naiteke ase.
HAIZEEK dutelarikan
batzarra Larrunen
bihotz barruan gordea
nahi zaitut urrunen.
HAIZETIK gatoz haizera
goazen heinean
zuk dakarkizun izena
daraman haizean.
HAIZERIK ez den lekura
ez zaitez abia
izan gaitezen haizean
elkarren habia.
HAIZEAZ harunzkaldea
hain ilun, hain hutsa,
ez zaitez inoiz hegalda
maitea, haruntza.
Zotal egunak
Joxerra Garzia
Kutxa, 1991