Kabalisten kabala kabalen arauera
hogeitabi dira oinarrizko letrak
zeinak marraztu eta konbinatuz
munduan diren gauzak oro
sortu zituen Jainkoak.
Orobat dira hogeitabi munduko alorrak
zeinetako bakoitzean
letra bakar batek agintzen duen
nola enperadore guztiahaltsuak bere erresuman.
Handia da uraren letraren erresuma
ikaragarria suaren letraren boterea
misterioz beteak loarena eta maitasunarena
baina letra ahaltsuetan miresgarriena
KAF da
bizitzaren gainean baitu aginte
beragandik sortuak dira
eguzkia munduan
asteazkena urtean
eta giza soinean ezker belarria.