AS TIME GOES BYE
eta behin berriro itxiko dira
night clubeko ateak
eta behin berriro hedatuko da
bakardadearen lurrin mingotsa
maiteminduaren begietan
eta behin berriro eseriko da
piano beltzaren albora
eta behin berriro aginduko dio
pianojole beltzari
behin eta berriroko pieza hura
behin berriro jotzeko, Sam,
as times goes bye
eta behin berriro hunkituko dira
ikusleen bihotzondoak ilunpean
eta azken ilarako neska gazteak
eskua hartuko dio mutilari
joan doan denbora geratzearren
eta elkarri musu emango diote
—geroaren nostalgia uxatzeko konjururik zaharrena—
eta maitasun historia berri bat
inauguratuko dute
eta behin berriro airatuko da maitasuna hegazkinez
eta behelainoak estaliko du aireportua
eta THE END
eta behin berriro sartuko dira maitale berriak
zinema pareko night club hartara