Gaur zortzi gaur izan zen
gaur izango da gaur zortzi
zortziko
nekatua da historia
infinitoa zortziko etzana
egun luzea izan zen bezpera
—egunik eta gaurik gabea—
izenik gabeko ezerezaren sehaskan
eta Jainkoak zazpigarren eguneko
osatu zuen bere eskuko lana
eta bere eginkari guztietarik
pausu hartu zuen zazpigarren egunean
eta biharamuna zen bezpera
eta amaia hasiera
zortzi zotal egunen
behin eta betiereko errepika
amaigabeko zortzikoan.