Ezagutu nituen portu arrotzak
Hanburg, Amsterdam, Barcelona,
eta diruaren hizkuntza soilik
ulertzen omen duten
klase guztietako putak.
Itsas kolpe traidore batek
galdu ninduela dio
elezaharrak
baina ilargiak daki
besteak bezalako burdel
hartako
besteak ez bezalako
haren
begiratuaren nostalgian
naufragatu nuela
eta nostalgiaren itxasbeheran
mezu hau jaurtitzen dut
itsasgorak atzera berriz
itzultzen didan
etiketarik gabeko
ron botilaren barruan.