E PUR SI MUOVE
Arrazoi zuen Galileo Galileik mila eta seirehungarren urtean
zioelarik lurra eguzkiaren jiran bira eta bira
dabilela etengabeko ibilian
—egiarik handienak ahopeka esan ohi dira—
Azaleko itxuraren azpian sakoneko egia benetakoa aurkitu zuelako
zuen arrazoi Galileo Galileik, hala diote inkisidore
berriek, Galileoren egia zaharra dogmatzat harturik
inkisidoreek ez baitute Kafka gogoko, ez baitakite
Kafkaz geroztik itxuraren azpikoa azala
bezain azaleko dela.
Ezetz esanen luke Galileo Galileik agian
H.G. Wellsen laguntzaz gure mendera ekarriko bagenu
lurra ez dela eguzkiaren jiran bira eta bira
etengabeko arian ari esanen luke agian.
Ez luke bere ezezkoa ahopeka zertan esanik izanen
Demokraziak ez baitu Ageriko Inkisiziorik
ez du Jainkoaren izenean epaitu eta kondenatzen
Arrazoi Bakarrarenean baizik eta halere
ahopeka esanen luke Galileo Galileik
bere ezezkoa badazpada ere.
Eta tronpaturik dagoela frogatuko lukete argi eta garbi
Arrazoiaren inkisidore berriek prentsa, irrati eta telebistaz,
Galileo Galilei gizarte guztiaren aurrean
barregarri agerterazi beste zigorrik gabe libre utziz
baldintzapeko askatasunean.
Baina guk ez dugu Galileo Galilei
bistarat zigun egia berriarengatik maite
ez eta
egia berria bistaratu zigulako ere.
Lehengo egia zaharrari ezezkoa eman ziolako
maite dugu Galileo Galilei
erakutsi zigulako
behin behineko direla egia guztiak
eta aldian aldiko inkisidoreen aurrean
ezetz esaten ahopetik.