Duela hogeitalau mende tximeleta zela
amets egin zuen TXANG TZUk esnatzean
ez zekien
tximeleta zela amets egin zuen gizona
ote zen
edo gizon zela amets egiten ari zen tximeleta.
Hogeitalau mende geroago tximeleta dela
amets egin zuen gizonak esnatzean
ez daki
tximeleta zela amets egin duen gizona
ote den
edo gizon dela amets egiten ari den tximeleta.
Paperezko ametsen atalaiatik
tximeleta direla amets egin duten bi gizonei
erreparatu die Jorge Luis Borgesek
eta badaki
gizon bat bera direla gizon biak
edo
tximeleta biak tximeleta bat bera.
Atalaiako kaiera zabaldu eta
honako ohar hau idatzi du behatzaile itsuak
zorabioen orrialdean:
Gertakari bakar baten errepikapena aski da
historia nahastu eta deuseztatzeko,
historiarik ez dela frogatzeko.