Zotal egunak
Joxerra Garzia
Kutxa, 1991
GABRIEL ARESTIRI ATREBENTZIAZ
Ukan uste duguna
eta dukeguna
nahiaren oihartzuna.
Duguna eta garena
gure ahalmena
hutsaren hurrena.
Antsia eta afana
gure jorana
ezinaren emana.
Iragana, oraina,
zertan engaina
geroaren ordaina.
Sasoia duen oro
burutik zoro
hildakoan haboro.
Zerua gerorako
ez dut lagako
ez dagolako.
Ibaia itsasora
eta denbora
Herioren altzora.
Non da libertatea?
gure suertea
patuaren katea.
Kate honen gogorra
gure zigorra
beharko izorra.
Mirari batez edo
katerik ez balego
zenbat endredo!
Katea hortxe dago
eta akabo
denok gara esklabo.
Katea da errudun
ez alferrik ihardun
apurtu dezagun.
Bada komeri frango
ez dut esango
biba Berango.
Zotal egunak
Joxerra Garzia
Kutxa, 1991