Zotal egunak
Joxerra Garzia

Kutxa, 1991

 

 

Akino, Corazón, Bihotza:

 

Madrilgo egunkari ezagun batean irakurria dut gazteleraz

Jose Rizal, Filipinetako heroe nazionalak gazteleraz

idatzi zuela hilaurretiko bere azken agurra. Gazteleraz,

tagaloz, alemanez eta inglesez bazekien arren,

kolonizatzaile espainiarrek gazteleraz afusilatu

zuteneko bezperan, maite omen bait zuen gaztelera

Jose Rizalek, kolonizatzaileei gorroto izanagatik ere.

Hala irakurria dut behintzat gazteleraz

Madrilgo egunkari gazteleraz independiente batean

—independentzia maite duena gazteleraz—

letra beltzez zetorren albistea gazteleraz

—beltza baita zapaltzaileen umorea gazteleraz—

eta beltzetik beltzera, Lauaxeta azaldu zait burura

gazteleraz afusilatu zuteneko bezperan

larrosen usaina koldarrentzat uzteko erregutuz

arrazoitsuen arrazoia ez sinesteko gazteleraz.

 

Zotal egunak
Joxerra Garzia

Kutxa, 1991