www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Marijaren illa
Jose Antonio Uriarte
1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Marijaren illa, edo Maijatzeco illa, Juan Antonio Uriarte. Delmas, 1850

 

aurrekoa hurrengoa

OGEIGARREN EGUNA

Jaungoikuagana biurtutia atzeratuten dabenen gañian.

 

        Esan egidazu pekatarija badaukazu or zeure barruan onduteko guraririk? Gura dozu egijaz, ta benetan Jaungoikuagana biurtu? Ezin ukatu ziñaike. Baña noz izango da ori? Gaur? Ain laster ez. Orain zeregin asko daukadaz, eskuartian darabilt lan ta eginkizun bat; mundukuen zeresan, ta esamesen bildur naz, ezin goitu dot ekandu donga au, griña gaizto onek beragana narua, eragozpen asko daukadaz, gero biurtuko naz. Noz? Ain, edo beste eragozpen goitu orduan, neure griña gaiztuak bakian itxiten deustenian, zaartu naitianian, edo datorren urtian maijatzeko looraak egiten badira. Ah! Zenbat denpora ete dan auxe berau diñozula, eta orain artian ez dozu ezer egin!

        Zuk luzatuten dozu, eta itxi geroko. Eta badakizu Jaungoikuak itxaron gurako badeutsu? Eta badezpada onetan euki gurako dozu zeure arimako salbaziñoia? —Jaungoikuak orain artian bere itxaron deust. Bada orrexegaitik berorregaitik bildur izan biar dozu, ez deutsula onezkero geijago itxarongo; aspertu, ta gogaiturik, ainbeste esker txar, ainbeste eskintsari alper, eta bere errukijari egiten deutsazun burliagaz. —Baña ain da ona ze...!— Denporiak askuan izan da ona zugaz: nok daki eldu eta dan bere aserre, ta gogortasuna zuri erakusteko denporia? Onezaz gañera, zugaz ona dalako, jarraituko deutsazu pekatu egitiari ta berari iraun, ta naibagiak emotiari? Au izango litzate eskergabetasunik andijena ta prestubezkerijarik ikaragarrijena.

        Infernuan dagozan kristinaurik geijen geijenak itxi ebeen geroko, zuk legez, Jaungoikuagana biurtutia, eta jatzi ziran leku zorigaiztoko atara eureen gurari onekaz. Ez dago iñor ain erorik zein da esango daben. Ez dot ondu gura: baña gitxi dira diñuenak bijotzetik: oraintxe berpertatik ondu gura dot. Itxiten dabee egun batetik besterako; aste batetik besterako, elduten jake erijotzia, ta orduan bere luzatuten dabee, zerren ez dabee uste illgo dirala gatx atatik, egun atan, ordu atan. Begira bada, egingo ete dan, bizitza guztijan egin ez dan, azkenengo une areetan, zeintzuetan Jaungoikuak burla egiten deutseen berari burla egin deutseenai. Begira ondo, bada asko juantzun gauzia da. Oraintxe onduten ez bazara, bildur izateko da, ez zariala iñoz onduko.

 

 

EJENPLUA

 

        Baldin adiuntzaz, eta denporaz onduten diranak bere, estu eta larri ibilliko badira erijotzako orduan; zer izango da arako itxiten dabenakaz ordu ikaragarri atarako Jaungoikuagana biurtutia? Bizi zan Jakobo eritxon gizon bat guztiz itxija, ta ardura bagia arimako gauzetan. (Auriem.t. 2. p. 217.) Eta dongeen dana, beragaz zituzan, diruaren gurari larregijari jarraitu oi deutseen beste ekandu txar, ta oekatu mueta guztijak bere. Gauza on bat eukan, eta au zan Marijagaz nosbait gomitetia, errezetan eutsala egunoro errosarijuan, ta egin beste erregu batzuk. Bein baten sartu zan errezetara bere erreguleku, edo oratorijora, eta entzun eban berba bat zirautsana: Jakobo, zuk egunoro artuten deutseezuzan ezkero kontuak ain ziatz zeure mendejuai, emon egiguzuz orain zeuriak niri, ta nire semiari. Ez eutseen jaramon andirik egin berba oneei, ekandu dongetan sarturik dagozanak geijenaz oi dabeen legez. Bigarrenez deitu eutsan Ama errukiorrak. Orduan konturatu zan, eta ezaguturik oker joiala, aztertu eban bere konzienzija; ta ikusirik zor andijak eutsazala Jaungoikuari, ain modutan ondu zan eze, len pekatu guztiz andijak ezereztzat eukazanak, begiratuten eban ardura andijagaz gauzarik txikijenetan, ezetan bere utsik egin ez egijan bildurrez, beti goguan ebala arako Jaungoikuaren zemaija: Ego justitias judicabo. Nik juzgauko ditut gauza onak eurak. Onelan bizi zan azkenengo ordura artian, eta ija ija kintuak emon biar zituzanian, ikusi zituzan zelan agertu ziran Jaungoikuaren aurrian Demonio asko, eta zelan ziarduen bere arimiaren eski alegin andijagaz, bere bizitza guztijan egin zituzan pekatu asko, ta andijak gaitik. Geixo errukarrija estu eta larri aurkituten zan, ikusirik ain arrisku andijan bere salbaziñoia. Onetan agertu jako errukijaren Ama Marija, eta agindu eutsan San Miguel Aingeruari, imiñi egizala pixuaren alde batetik Jakobok bere izen, ta ondran egin zituzan gauza on guztijak, eta bestetik bere bizitza guztiko pekatuak: baña oneek arindu, ta parkaturik egozan legez, damu egijazko, ta prestaera onagaz konfesauta eukazalako, beeratu zan pixua egitada onak egozan alderuntz: orduan au ikusirik, iges ebeen Demonioak, eta Marijak eruan eban beragaz zerura Jakoboren arimia.

 

 

BIJARKO LORIA

 

        Bazagoz pekatu mortalian, zuaz beriala konfesetara, eta baderitxatzu Jaungoikuaren grazijan zagozala, begiratu egizu ze gauzak geijen eragozten deutsun zeruko bidian aurreraru, ta Jaungoikuari zarian guztijori osoro emotia, eta beriala artu egizuz neurrijak goituteko.

        Sarri esateko erregu laburra.

        Jesus, Jose, ta Marija, zuei emoten deutsudaz neure bijotz, ta arimia.

 

aurrekoa hurrengoa