www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Marijaren illa
Jose Antonio Uriarte
1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Marijaren illa, edo Maijatzeco illa, Juan Antonio Uriarte. Delmas, 1850

 

aurrekoa hurrengoa

ZORTZIGARREN EGUNA

Erijotziaren gañeko gomutia.

 

        Illgo gara: itxiko ditugu betiko gurasuak, sendiak, adiskidiak, olgantzaak, munduan daukagun guztija, baita bizitzia bere. Nire bizilekua izango da arrez bereriko obi edo sepultura illun ta atsitu bat: nire etxia izango da betikua: baña: zelakua? zorijonekua, ala zorigaiztokua? Ez dakit. Au da egija bat fediaren biarrik iñok ez daukana sinistuteko; bada dakuzgu geure begijakaz egunoro ziurtaurik. Ilten dira zarrak eta gaztiak, aberatsak, eta nekazarijak, pobre ezeuki, agintari ta mendekuak, onak eta gaiztuak. Ill zan Marija, ill zan Jesukristo, neu bere illgo naz.

        Baña Nun? Zelan? Etxian? Eleixan naguala? Oian natzala? Bidian nabillela? Ez dakit. Geixo luze bat igarota? Bat batian? Zabun bategaz erreten batera, edo zubi batetik beera jausita? Oñaztarri bategaz? Ez dakit. Eta nois izango da? Emendik ogeta amar urte barru? Aurten? Ill onetan? Gaurko arratsian? Ez dakit, ezertxu bere ez dakit, Jaungoikuak bakarrik daki, zeñek esan daben, erijotzia etorriko dala gau-lapurra legez gitxijen uste danian.

        Eta, ni bizi naz iñoz illgo ez banintz legez, eta erijotziagaz gomutau bere bagarik? Oraintxe illgo banintz (neure bijotzak eta barruak diraustenez), norako eta nintzateke? Urr urrian infernurako. Au dazaut, eta gomuta onek ikara eragiten deust. Zelan bada ez ditut berala neurrijak artuten, arrisku ikaragarri onetatik alde egiteko? Luzatuten dot ill batetik bestera; egun batetik bestera; barriz beti nua urreratuaz erijotzara, eta beti ondaturik pekatuan. Ay nire zorigaiztokua! Pekatuan illten banaz, nori ezarriko deutsat errua?

 

 

EJENPLUA

 

        Ze erijotza dontsu ta zorijonekua izan eban amar urteko mutiltxu batek, txiki txikitatik euki eutsalako Marijari deboziño andi bat! (Auriem t. 2 p. 135) Bere zorijonian aurkitu eban irakasla edo Maesu bat, bere ikaslaai sarri esaten eutseezana Jaungoikuaren ta Marijaren gauzaak. Bein baten entzunik Maisubari, zein gauza biar ta premiñazkua zan erijotza on bat egiteko Marijaren deboto egijazkua izatia, era bagi eban sarritan esatia Marijari berba oneek: Jaungoikuak gorde zaizala Erregiña, eta errukijaren Ama. Oetik jagieran, etzieran, eskolara bidian, olgetan ziarduanian, leku ta denpora guztijetan esaten eban bijotzetik erregu labur au. Ondo laster izan eban sarija Marijagandik. Artu eban gatx andi batek: Marija beragaz gura edo eban gaztetatik, gero otzitu ez ekijon bera ganako zaletasun ta deboziñoia. Azkenengo arnasetan eguala agertu jakon Aingeruren Erregiña, eta arpegirik gozatsuenagaz esan eutsan: Ene semia, ez nozu ezagututen? Ni naz zuk ainbeste bidar deitu deutsazuna: ni naz errukijaren Ama. Berba onetara idigi zituzan mutiltxuak bere begijak, jaso zituzan besuak zeruruntz, eta egaan jaun zan bertara Aingeru baten gisan. Zenbat ikasi eban denpora gitxijan! Onera ta mesede geijago erakarri eutsan Marijaren debiziñoia zein biarra dan erakustiak, munduko jakiturija guztijak baño. Entzun beste gertaera labur bat, baña ondo itzaltsu ta negargarrija. Diño San Gregorijok, Ama batek eukala besartina bost urteko ume bat, baña ain gaiztua ze ziardun berari birauak egiten. Agertu ziran Demonio baltz, itxusi, ta ikaragarri batzuk, kendu eutseen erpe zorrotzen artian, eruan ebeen gorputz ta arima infernura. Begira gurasuak ta umiak, zein mesedegarrija dan gazte gaztetatik Marijari deboziño egijazko bat eukitia, ta zein kaltegarrijak ume denporako gaiztakerijaak.

 

 

BIJARKO LORIA

 

        Mun egijozu iru bidar luurrari, bakotxian esaten dozula: Zergaitik arrotuten az lurreko eta sutako autsa?

        Sarri esateko erregu laburra.

        Tu nos ab hoste proteje, et mortis hora suspice.

        Zaindu gaizuz arerijuagandik, ta artu gaizuz erijotzako orduan.

 

aurrekoa hurrengoa