www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XXXV
KISTAR-SIÑESKUNTZEA BIZTU TA OITURA ONAK SARTU BEAR DIRA BARRIRO GIZARTEAN

 

 

Ugazaba ta langileen arteko asarreok baretu ta auzi au ebazteko, gizartearen oitura ta ekanduen obakuntzea, nai ta naiezkoa ete-da?

 

        Gizartean zuzenbidea zearo sartu bear da, maltzurkerietan ibilli barik. Domuari ta lanari, bakotxari dagokiona emonaz eta langille txiroen berarizko ardurea eukiaz, gizarteko arazoak orain arte ibilli diran baño zuzenago ipiñi bear dira; baña gizartera bakea ekarteko, ori be ezta naikoa; allkargazko maitasun zindoa be osoro bearra da. Aldi bateko kistar oitura onak gizartetik iges egin dabe-ta, gauza onik egitekotan, barriro gizartear ekarri ta oñean ipiñi bear dira.

        XIII Leon Aita Santuak antxiñatxu idatzi eban: «Aurrerago esan dogunez, gizartea gexorik daukan gaitz au, uskurtz edo erlejiñoak baño beste ezek sustraitik ezin atara dagike-ta, kistar ekandu onak gizartean barriro sartzeko guztiak alak eta lerrak egin begiez. Ekandu onok barriztau ezik, gizonik zur eta argienen algeiñak eta oneik asmau leikiezan biderik egokienak be, indarge ta utsalak izango dira nai dan elburu ori jardesteko». Eta XI Pi Aita Santuak be beste orrenbeste diño: «Lurreko ogasunen egarriz dabiltzan gizaseme asko, zoritxarrez kistar ekanduetatik zearo aldendu dira-ta, gizartera bakea ekartekotan, aurretiez gizabatzan kistar-gogoa ta kistar oiturak berrezarri bear dira; osterantzean egiñal guztiak alperrekoak liratem eta auzi au, ori barik, atondu nai dauana, bere etxea, aitz gañean barik, ondar loka ta ibilloki gañean eregi dagianaren antzeko izango da».

        Ezta gizona lurreko ogasun igazkor oneintzat egiña, ogasunak gizonarentzat eta gizartearentzat baño. Egia orixe da; baña kistar siñesmena biotz zokondora baztertu edo zearo galdu daben ugazaba ta langille askok, gaur egunean lurreko ogasunok baño beste Jaungoikorik eztauke. Gogo ta biotza ogasun orreitara itzul eta makur eukitea, goiko zoriona irabazteko eragozpen andia zala irakatsi euskun Jesu Kristo gure Jaunak; baña jaunaren irakaspen orrei jaramon gitxi egiten dautse gizasemeak. Geienak urre-gose txarrak darabiltz eta Orati olerkari singeak aitatu eban «auream mediocritatem» gitxik maite dabe. Eukiago ta geiago bear dabela-ta, aberatsenak be ezindira diruz ase. Dirua zetako edo atako dala-ta, aberats okituok laster asten dira ekdu ta andizuren billa, batak konde ta besteak markes gitxienez izan beara dauala-ta. Gero or dabiltz jauntxuok, enparauak baño zerbait geiago diralakoan, arropuzkeria edonondik darioela.

        Aberatsen arrokeriok euren begiz dakusezan langilleak be, ugazabak baizen gizon badirala ta; ain arro ta oparo dabiltzan aberatsok, euroen bizikera guriz darakusena baño beste zerurik eztagoala ta, ugazaben antzera jantzi, oneik baizen ondo bizi ta oneinak lako dedu ta andizurenak nai leukiez. Ezin eskuratu dabez, eta nai dabezan andikeri ta zorionok ugazabak eragozten dautsezala ta, langilleak gorroto bizia dautse euren lepotik aberastu dirala uste daben ugazaba arroputz orrei. Abere gaiztoa da gorrotoa; onexek galerazten dau gizarteko bakea. Gorrotoz dabiltzan langilleok, bildots otzanak diranik eztiñogu; baña andikeri ta arrokeri larrgiz langille gaxoen biotzetan gorroto ori sortu ta biztu daroen aberatsak be errugabeak diranik ezin siñetsi geinke.

        Gure Jaunak esan eban: «Jaungoikoa'ren erreñua ta bere zuzena lenen billatu egizue ta enparauak geigarri emongo yatzuez»; baña Jauna'ren esakun ori ugazaba ta langilleak zorakeritzat dauke. Gogo ta biotzak gora jasoten eztakie: Jaunak agindutako zerua aingeruentzat itxirik, lurra zeru egin nai dabe. Ori dala-ta, gizarteko malla guztietan, goiko ta bekoetan, ekandu txarrak nausitu dira. Gizonaren benetako bearrizanak baño, oitura txarrok ase-eziñak dira; edanago ta egarri andiagoa darakuse. Gixonen bixioak aseteko lagin ogasun lurren egon be eztago ta, ekandu txarrok iñausi eta orrein ordez ekandu onak, kistar oitura zindoak, gizartean berrezarri ezik, bakerik iñoz be ezta izango, iñartzi, gorroto, gudu ta burrkea baño. Bakerik izatekotan, gizarteko mallak alkarganantz urragotu egin bear dira, goikoak pizka bat jatsiaz eta bekoak beste pizka bat igonaz. Orretarako arrokeri gitxiago ta erruki geiago bear dabe aberatsak, eta iñartzi gitxiago ta egoarri geiago langilleak be.

        Gaiztakeri guztien iturburu diran griña dongak iñausi ta kistar oitura-onak gizartean nagusituko ba'lira, mallen urreratze ori laster lortuko litzake. Aldi baten be baziran ugazaba ta langilleak; baña orduko nagusiak eurne langille, otsein eta morroiak, sendiaren luzapena izan bai'liran, etxekotzat artu ta euki eroiezan, ezbear eta gexoaldietan erruki ta maitasuna erakutsiaz eta bear eben sorospena emonaz.

        Gaur, ostera, ugazaba ta langilleak —sarri beintzat— alkar ezagutu be eztabe egiten: ugazaba askok langilleen ardura apurrik be eztauk ta langilleak be olako ugazabak maite baño sarriago gorroto dabez.

        Au dala-ta, gizartea gexorik dakan gaitz au osatzeko, zuzenbide utsa, zeatzena ba'litz be, ezta naiko: orrezaz gañera, gizasemien biotzetan alkarganako maitasarre edo karidadea biztu ta ixiotu bear da. Karidadea aitatu ezkero, eskekoai zerbait emotea baño besterik eztalakoan, sasi jakitun batzuk maltzurkeriz irri ta barre egin daroe; baña karidadea orreik uste daben baño gauza bikain eta ederragoa da. Ura iturritik lez Jaungoiko maitasunetik datorren alkargazko maitasun zindoa, karidadea orixe da-ta, gaurko gizarte onek osakai orren bearrizan andi-andia daukala ezin ukatu. Origaitik ziñoan XII Leon Doipuruak: «Gizarteko malletan, naigoren nai beren dagozan gizaseme oroen biotzetan alkarganazko maitasarrea, onoimen guztien andra erregiña dan karidadea biztu bear da, gizartearen osasuna batez be orrexek ekarri dagike ta». Eta XI Pi Aita Santuak be argiro diño: «Baña azaldu doguzan artezkunde ta obariok gizartean sendoti ta tinkatzeko, zuzenbideari lotzaiki bikaña dan maitasarrea ezarri, erantsi ta gañeratu bear zaio. Zuzenbide zeatza be orretarako naiko dala-ta, maitasun-legea ezetsi ta arbuiatzen dabenok, oker dagoz eta oker dabiltz.

        Ziñez, zuzenbideak beragaz dakartzan eta bidegabez bete eztiram eginbearren ordain eta ordekotzat, karidadea bein ezta etsi ta euki bear; baña gizon bakotxak, bereak dituan eskubide guztiak lortuko ba'leuz be, oraindik karidadea'rentzat egiñenik asko geldituko litzate. Zuzenbide utsak be gizarteko lazka ta burruka onen erro ta sustraia aienatu dagikez; baña zeatzen bete arren be ezin daikez biotzak batu ta gogoak alkartu.

        Gogoen lokarri ta lotzaiki alkargazko maitasarrea da. Gizartera bakea ta lankidegoa ekartea, xede ta elburutzat dauken araudi guztiak, ondoen asmaurikoak dirudienak be, bazkideak batzen eta alkartzen dituan lotzaiki orretatik batez be artu daroez euren indar eta sendotasuna: lotzaiki orrek uts emon ezkero, araudirik oso ta bikañenak be ondoren onik eztakarre. Onelan ba, gaurko gizartearen gaxoa zearo osatu al izateko, zuzenbide ta karidadea osoro bearrak dira; zuzenbidea lenen eta beste oroen oñarri; karidadea, barriz, aren nai ta naiezko geigarro. Gauza biok gizartean sarrerazo ezik, onen gatxak eztauko osabiderik.

        Orain arte lez aurrerantzean be gizonak Jaungoikoa guzurtau nairik, lurraz zerua egin nairik ba-dabiltz; gure Jauna ren irakaspenak gizartean nagusitu ezpa-dadiz, txapel oker eta errizañak geitu arrn, gizasemeak basapiztien antzera, eten bako burrukan ibilliko dira. Agintari ta menpekoak, zuzentzalle ta zuzenduak kistar bizikerara jo ezpa-dagie, ori barik gizartear bakea ekarteko asmuz lanean dabiltzanak itzarrik amesetan diardue. Edo gizarteko oiturak istartu edo burrukan jarraitu; best biderik eztago.

 

aurrekoa hurrengoa