www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XV
GIZARTEKERI GAZEA

 

 

Gizartekeri gazarik, ba ete-dago?

 

        Marx'en eta onen jarraitzallien gizartekeri edo sozialismoa, garratz eta gaziegia dala-ta, pizka bat baño geiago gozatu nai izan dabe batzuk. Oneitarikoak dira Macdonald englandarra ta De los Rios españarra. «Trade Unions» deritxon England'ako langille-batzak gizartekeri-irakaskintza berezirik eztabe eurakandu: ola, lantegi ta meatokietako beargiñen alde egitea, langille-batza aen asmua batez be orixe da, orretarako aldi bakotxak eta onen zertzeladak eskatzen dabenez jokatuaz; baña gizartekeria oiñarritzat artu barik.

 

 

Marx'en gizartekeriak, England'an jarraitzalle asko ete-daukaz?

 

        Marx'en irakaskintzak ara be eroan dabez; baña ezin izan dira bertakotu: doixterritik eroandako landara orrek an ezin izan dau indarrik artu. Orraitik be gizartekeria naikotxu zabaldu da an be; baña gizartekeri onek Marx'enaz zerikusi andirik eztauko: askozaz be gazeagoa da: Marx'enaren ondoan ur-epela dala esan geike. England'an gizartekeri-zale alderdiaren buru Ramsay Macdonald bakaltseña da. Jaun onek, «Gizartekeria» deritxon liburu bat idatzi eban eta gai onetzaz dituan aburu ta eretxiak antxe agertu ta azaltzen ditu.

 

 

Eretxirik nagusi ta gallenenak, zeintzuk ete-dira?

 

        Macdonald gauza askotan eztago Marx'egaz: onen gaikeri edo materialismoari txarto deritxo. Gizartearen zirkin eta igikun guztiak ogasun-egarriak eragindakoak izan dirala ta beste aldakuntza guztiak be orrexeri zor yakozala: gizartearen edesti edo istorian aldi batak bestea, aurreragokoak urrengoa adurrez, alanbearrez, nai ta nai ez ekarri dauala: eretxi oneik noizbait eta nonbait gizartekeriari indarra emoteko izan ba-dira be, Macdonald'ek egiak direanik eztau uste. Gizartekeria kistar uskurtzaz edo erlejiñoaz alkartu leikela uste dau, ostera, Macdonald'ek; baña orretzaz Aita Santuak besterik diñosku. Gizonaren elbururik gorenena Jaungoikoa dala diñosku geure siñiskuntzak: gizartekeriak, ostera, gizonaren elburu ori edo zearo ukatzen dau edo aintzat be eztau artzen: ori dala-ta, gizartekeria, benetako gizartekeria ba da, katoliku siñezkuntzeaz ezelan be ezin alkartu leike, diño Aita Santuak.

 

 

Gizon bakotxari bere gauzetan daukan jauntzea nai beste batzuen jabe izateko eskubidea, kendu bear ete-yako?

 

        Marx'ek baietz diño; Macdonald'ek ezetz. Lugintza ta ola-ekintzako domuak gizon nai lagundi bakotxaren eskuetan dagozala, zuzen eta gizartearen onean ezin erabilli leikezala-ta, olako domuak gizartearenak izan bear dabela uste dau Macdonald'ek; baña orretarako bakotxaren jabetzea kendu bearrik ez ei-dago; zerbaiten jabe izatea, gizaseme guztien ames, asmu ta guraria dan ezkero, bakotxaren jabetzeari eutsi ta iraunazo egin bear ei-yako. Lanaren jabetzeari eutsi ta iraunazo egin bear ei-yako. Lanaren irabaziaz lez domu etekiñaz (errenteaz) bizitea be baldintza bigaz laketu leikeo gizonari, Masdonald'en eretxiz. Baldintza biok onexek dira: ez arranditsu ez lander ta bai itxura baten biziteko lagin emon bekio, ta emoten yakan domu-etekin ori gizarteari egindako mesedeen ordaña izan bedi. Jarauntzi edo erentzia be zearo kendu bearrik ez ei-dago, neurrira ekartea naiko ei-data. Nai jabetzeak nai jarauntziak gizartearentzat kaltegarri dan zerbait eta mesedegarri dan beste zerbait ei-dauke: kaltegarri dan ori kendu bear ei-da ta mesedegarri danari bakean itxi. Bardintasun osoa ames utsa baño ez ei-da ta, atzamarrak alkarrekin dauken antzeko bardintasunaz naikotu bear, nai ta ez, gizartekeri-zaleak be.

 

 

Eta gizonaren aukeramen edo azkatasunetzaz, zetan ete-gara?

 

        Marx'en gizartekeriak gizonari bere aukeramen edo azkatasuna ebagi ta moztu egiten dautso: gizon bakotxa gizartearentzat egiña ei-da ta, gizartearen onean aukeramena moztu bearrean ei-dago gizona, estaduak izentau dagion lana egiñaz eta emon dagion alogera ixil-ixillik artuaz. Macdonald'ek gizonaren aukeramena gitxitze orri txarto deritxo. Gizonok geure emaitzik ederrena aukeramena dogun ezkero, orren aurka ezertxu be ez ei-da egin bear; bestera, aukeramen ori sendoagotu egin bear ei-da, erriketa-azkatasunari ogasun-jabetzeak dakarrena erantsiaz. Ugazaba ta langilleen arteko burrukarik be ez ei-da bear. Burruka or sozialista atzeratuen leloa dala diño Macdonal'ek. Gizadiaren zuzentzalle izan nai dabenen elburua, estadu baketsu ta zoriontsua dan ezkero, zuzentzalleok asmuz eta jakitez orraxe jo bear ei-dabe, baña mallen arteko burrukeak ori galerazo egiten dau-ta, alde batera itxi bear ei-da. Gizartekeriak natxiñada-zale be eztau izan bear, Macdonald'en eretxia: matxiñada barik, lege egokiak emonaz, gizarteari oberantz eragin bear ei-yako. Lurreko ogasunak gizonen artean zuzenago banandu, domu edo kapital andiegiak galerazo, jabetza txikiei iraun dagien eta azi daitezan erreztasunak emon, eta alogerekoak be zerbaiten jabe izateko bidean ipiñi bear ei-dira.

 

 

Baña oneik gauzok Macdonald'ek baño lenago, ez ete-ebazan XIII Leon Aita Santuak esan eta irakatsi?

 

        Bai, «Rerum novarum» deritxon Idazkian Aita Santuak orreik gauzok argi ta garbi diñoz, Orduan Macdonald'en irakaspenak Aita Santuarenakaz batera ete-dagoz? Aitatu doguzan oneik bai; baña beste asko ez. Macdonald'en bein beñeko asmua gizarteko auzi andi oni beronen garraztasuna kendu edo beintzat gitxitzea dala dirudi; baña azken elburua, gizartekeria, Marx'ena baño motel eta gazagoa, baña gizartekeria.

        Domukeri edo kapitalismoak jaukitako utsak, egindako okerrak, ekarritarko kalteak, orreik bai argi ta garbi azaltzen dauskuz Macdonald'ek: domukeria erasten diarduanean, langille antzetsu ta treebea agertzen yaku; baña gero gizartekeria jaso ta eregi nai dauanean, bere trebetasun ori galdu egiten dau: gauzak luzeegi, illun et zeaztasun barik azaltzen ditu, ta, batez be, diñoana onegiten eztaki. Gizartekeriaren irakasle guztien gexoa da ori; iñok egindako etxea erasten ba dakie; baña etxe barria iragiteko taiu ta ganora gitxi. Dana dala, ainbeste egi garratz ta gauza zuzen esan ta gero, Macdonald, uste ezkenduanean, gizartekriaren alde agertzen yaku: ogasun ekarkor guztien jabe gizartea; edozelako ogasuna ekarteko gai ta bide diran oroen jabe, estadua: Macdonald, ibilli ta ibilli, azkenean orraxe doa.

        Egiz, Macdonald'ek, bein eta birritan diñoskunez, ugazaba eredu izango dan estadua, estadu ezin obea nai leuke; baña olako estadua gatxa baño gatxagua da. Orain arte estaduak urdail andia, biotz txatxarra ta esku latza euki dabez: ori gauzeak berez dakarrena da-ta, aurrerantzean be olantxe izango da, Macdonald'ek uste ezarren.

        Ramsay Macdonald'en antzera Fernando de los Rios'ek be Marx'en gizartekeria gozatu nai leuke, aberats eta erdi-aberatsak ikaratu eztaitezan edo. Izan be, Marx'en jarraitzalleak ao-miñean darabillen gizartekeria, ez bakarrik zerbaiten jabe diranentzat, baita ezeren jabe izateko uste ta itxaropena daukenentzat be gazi ta garratzegia da. El sentido humanista del socialismo deritxan liburuan azaltzen dauskuz de los Rios jaunak gai orretzaz dituan eretxi nagusienak. Doixterrian ikastaro berezia egin ebala esateko dauko. An asko ala gitxi ikasi eban eztakigu; baña bere gogai eta eretxiak doixtarrak baizen illun eta illunago adierazten ikasi ebala jakiteko, liburu ori irakurtea naiko da; bein baño sarriago zer esan nai dauan susmateko alak eta lerrak egin bear dira-ta.

        Gure uskurtz edo erlejiñoaren aurka eztiran gauzak, guzurrak, sarritxu diñoz, erlejiñoa bear dan lez iñoz ikasi eztaualako-edo. Lenengo iru mende edo eunkietako kistarrak begikoago yakoz jaun oni, gerokoak baño. Nai ta ez siñestu bearreko ezkutuki edo misterioak irakasten Nizea'ko Batzar Nagusian, 325'garren urtean, asi ei-zan Eleizea: ori egiñaz kistarrak zearo bidekatu ei-ziran; aurreragoko bide zuzena itxi ta bide okerrean sartu. Ori esanaz, zer adierazo nai ete-dausku? Aurreragoko kistarrak siñeskuntzako egi ta ezkutukiak siñestu biarrik ez eukela-edo adierazo nai dausku jaun orrek; baña, gogoak emoten dautsala-ta beste barik, ori diñoanak, uskurtz-gauzetan txakurrak eunetan baño geiago eztakaiala, orixe adierazten dau. Fernando de los Rios sozialistea dala esan bearrik eztago: ori liburuaren izenak berak be argiro diño, baña gizartekeria adikor, onbera ta guztientzat maitagarria nai leuke, alogerekoak ezeze ugazaba ta aberatsak be gizartekeriaren sare barruan sartzeko asmoz.

 

 

        Uskurtzari-buruz de los Rios'ek gauza zuzenik eztiñoala esan dogu: enaparuetan zuzen ala oker ete-dabil?

 

        Macdonald'en antzera jaun onek be Marx'en garrazkeriak txarresten ditu: soin-gaiaren emaitzak baño gogoarenak eder eta bikañagoak dirala-ta, Marx'en gaikeri (materialismo) zarpalak de los Rios'i iguin emoten dautso: bakotxaren jabetzea be zearo kendu bearrik eztagoala diño. Jabetza orretzaz zer adierazo nai dauskun, ezta beti argiro ikusten, nasteak darabiltz-ta. Beste aldetik jaun au gizartekeri-zaleen batzarretan be izaten da: bakotxaren jabetzea kendu egin bear dala; edozelako ogasunak ekarteko gai ta bide diran gauza guztien jabe gizartea ala estadua egin bear dala; batzarkideak olako gauzak diñoezanean eta batzarrak erabagi ori artu arren be, de los Rios'ek ixillik egoten daki, erabagi orren aurka ezertxu be esan barik; au dala-ta jaun onen eretxi benetakoa zein dan zearo kendu bearrik eztagoala aitaturiko liburu orretan bein baño sarriagotan diño: Macdonald'en baldintzen antzekoaekin domu-etekiñez biziteko ta jarauntziz zerbaiten jabe egiteko eskubideak be autortzen ditu. Mallen arteko burrukeari be ezteritxo ondo, burruka ori gizadiaren ona egiteko baño gizabatzari kaltea ekarteko obea ei-da ta.

        Erkalmen edo erri-jaurgo andi ta bikaña, De los Rios'ek nai leuken gizartekeriaren elburua orixe ei-da, orrelan gizonai al diran eskubide guztiak emon al izateko: gizabatz on, oso, zuzen eta lantzaleak birregitera, orraxe jo bear ei-dau gizartekeriak, era batera guztien eta bakotxaren bizibidea obetuaz. Jaun onek gizartekeria betaurreko dauala, amesetan ikusi dauan gizabatz bitxi ori oraindik ez ei-da jaio, erria gizarte-bidean osoro sartu eztalako; bide orretan sartu ta ortik ibilli dadin, irakaskintzea gizartekotu bear ei-da, ikasteko gai diran eta gogoa dauken guztiei orretarako bideak erraztu ta zabalduaz. Orain arte irakaskintzea aberats tentel askorentzat izan ei-da, aberatsak izan diralako beste barik: txiroak, ostera, eskuarterik euki eztabelako, ezin izan ei-dabe ikasi. Oker dagozan gauzok gizartekeriak zearo aldatu ta azpikoz-gora ipiñiko ei-ditu: irakaskintzea guztientzat izango ei-da, txiroenak be eskumendean eukiko ei-dabe; buru argia ta ikasteko gogoa baño besterik ez ei-yako iñori be eskatuko; bakotxak jasa zetarako daukan eta atarakoxe ikasiko ei-dau: onean zeregin bakotxerako gizon jakitun eta bikañak agertuko ei-dira ta gizon garbalok gizartea osoro barriztauko ei-dabe, iruntzietara dagoana, erara ipiñiaz. Gizarte barriori ikustekoa izango ei-da, akatz gitxi izango ei-ditu. gaza oneitatik erdiak gitxienaz ames utsak dira; baña ames txarrak direanik iñok ezin esan dagike.

 

 

Eta gizartearen okerrak zuzendu ta gatxak osatzeko, zein bide artu bear ete-da Frenando de los Rios'en eretxiz?

 

        Orretarako jaun onek bere liburuaren azken-aldean Gildak aitatzen ditu: izen ori daroen langille-batzak guztiz begiko yakoz, ezin geiagoan goratzen ditu, ta zabalduko ba'lira, gizartearen izakerea zearo aldatuko leukiela uste dau. Eta gilda orreik, zer ete-dira? Gildak euren kontura lanean diarduen langille-batzak baño besterik eztira: diru-etxeai nai domuduani dirua eskatu, euneko onenbeste edo ainbestean mallegatu, lanak euren kontura artu ta egin: itz gitxitan esateko, lan artzalle ta langille batera izan eta iei dagokiezan irabaziak eskuratu; gilden asmu ta elburuak, orrexek dira. Onako langille-batzik aurrerago ez ete-da ezagutu? Aldi bateko gremioak orrenbeste egiten baekien: geroago be olako la gille-batzak izan dira ta gaur be badagoz, zeregin txikietarako beintzat. Egikizun andiagoetarako be gilden antzeko lengille-batzak antolatuko ba'lira, ainbat obe, ugazaba ta langillen arteko auziak gitxituko leukiez-ta. Eleizeak orixe nai dau-ta, lengille-batzak bere magalpean artzeko prest dago. Eleizea eztago orren aurka, alde baño; augaitik de los Rios'ek gildak baño besterik nai ezpa-dau, Eleizeatzaz txarto esateko ziorik eztauko. Eleizearen aurka diñozan guzurrak, beste zerbaitek erazo dautsaz.

 

aurrekoa hurrengoa