www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XXXI
GIZARTE-AUZIA TA AGINTARIAK

 

 

Auzi onetan agintariak egitekorik ba ete-dauke?

 

        Gai onetzaz iru eretxi nagusi ta berezi izan dira. Ugazaba ta langilleen arteko auzi onetan erri-agintariak eztabela sartu bear irakatsi dabe, ondasunetzazko bakoizkeriak ondo baño obeto ibilli diran liberalak. Onei eritxiz, arazo onetan agintarien zeregiña ta ertzain edo polizieko gizonena, alkarren antzekoak dira. Kalean-zear gora ta bera dabiltzanai begira zutik, tente ta geldi egon oi dira ertzañak eta dabiltzanen artean-lazka ta aserrerik ba'letor, aserratu diranok banandu ta bakotxa bere bidetik bialduaz, euren egitekoa bete dabe. Ugazaba ta langilleen arteko auzi onetan be olantxe: lazka ta asarrerik eztatorren bitartean, agintariak egitekorik ez ei-dauke: lazka ta burrukea ba'letor be, burrukariak bananduaz eta bakotxa bere aldetik bialduaz, agintariak euren egiñena bete ei-dabe, ta beste ezetan ez ei-dabe sartu bear. Ondasunetzazko bakoizkeriaren alde egon diran liberalen leloa, aspaldiko urtetan orixe izan da, eta Eleizeak besterik irakatsi daualako, zer esanik asko erabilli dabe.

        Beste batzuk ostera —erderaz socialistas de cátedra deritxoenak batez be— arazo onetan aginariei eski larregi emon nai izan dautse. Jaun oneik, sozialista izena daroen arren, bakotxaren jabetzea ezautu ta autortu dabe, ta ori zearo kentzeko asmurik iñoz eztabe erakutsi; baña ogasuna ekarteko gai ta bide diran gauzak —guztiak ez arren be, geientsuak beintzat— agintarien eskuetan ipiñi-ta, oneik zuzendu ta erabilli bear leukiezala irakatsi dabe. Doixterri edo Alemanian batez be izan dira onelako irakasleak eta Wagner izan da guztien buru.

 

 

Eta arazo onetzat Eleizak, zer irakatsi dau?

 

        Gizarteko oker eta bidegabeak zuzentzeko bear dan bestean, agintariak arazo onetan sartu bear dabela irakatsi eban XIII Leon Aita Santuak; baña okerrok zuzentzeko bear dan bestean eta ez geiago, larregikeria onetan be kaltegarri dala-ta. Lenengo ta bein gizaseme ta sendi edo famili bakotxaren eskubideak ezagutu ta sendetsi bear dabez jaurle edo agintariak, eskubide orreik moztu ta gizon eta sendien bizitza berezia iruntsi barik. Gero jaurkera zuzenez eta lege egokien bidez gizartearen ogasun eta irabazpideak ugaritzeko, alak eta lerrak egin bear dabez, agintari orretarakoxe dira-ta.

        Bakotxaren jabetzea aldeztu ta sendetsiaz, gizartean albait ugazaba ta jaberik, geien izan daiten be, neuri ta bideak artu bear dabez. Gizarte osoaren ona egitea, agintarien berarizko egiñena orixe dalako, menpeko guztien ardurea euki bear dabe; baña edozein estaduan txiro ta langilleak ugazaba ta aberatsak baño ugariagoak diralako, ta estaduaren aberaskiak batez be langilleen lanetik datozalako, ugariagoak diran langille onein ardura berezia euki bear dabe. Arazo onetan noz eta zenbateraño sartu bear daben, gizartean nagusi izan bear dauan zuzenak eta aren bearrizanak erakutsiko dautse agintariei. Gizartearen onerako zerbait egiteko erea, sarri izango dabe.

        Lan batzuk beste batzuk baño neketsuagoak dira-ta, lan bakotxean zenbat ordu egin leikezan, langilleen osasunaren kalte barik: laneko ezbearrak urrintzeko, meatoki ta oletan zelako neurriak artu bear diran; lana urritzen danean lanbakoei zelan lagunduko yaken eta orrein antzeko gauzetan, bear bestean eskua ezarri dagikie agintariak. Emakume ta gaztetxuen lana arautu ta langilleen beste eskubide batzuk be zaindu bear dabez: Jaungoikoagazko eginbearrek, bete al izateko, bakotxak bere lanbidean aurreratzeko, etxe merketxuagoak eukiteko, idekoak alkarrekin batzeko daukezan eskubideak, iñoren kalte barik, gerizatu dagikiez agintariak.

        Iñoz baño sarriago, eta lana urritxi dabilenean batez be, langilleak banezean artuta, ugazaba batzuk buztarri gogorregia ezarri nai izaten dautse; ori be galerazo dagikie agintariak, aldrako egiune edo kontratuei bidea idegi ta emonaz. Zeregin edo ogibide bakotxean alogerik txikiena zenbaterañokoa izango dan, eta langilleak euren alogerok noz eta zelan eskuratuko dabezan be arautu dagikie, alogerok galtzeko arriskuak al bestean urrinduaz. Alogeren geigarri lez, gexoaldi, ezbear eta zartzarorako sorospideak sortuazo ta orrei lagunduaz be, gauza ona egingo leukie agintariak.

 

 

Onako arazoetan estaduak alkar artzea, ondo ete-litzake?

 

        Ondo baño obeto litzake alkar-artze ori ta gauza bearra be ba dala dirudi; langilleen aloger eta sorospideok beste erri batzuetan baño gorago jasoaz, agintariak bertoko garatz, negozio ta irabazpideai porrot-eragin eztagioen; porrot-eragite ori ugazaben eta langileen kaltean izango litzake-ta. Olakorik jazo eztaiten alkar artu ta batera ibiltea zurtasun andia izango litzateke.

 

 

Besterik bear ete-da?

 

        Gauza oneik ondo ikasi ta zuzen erabilli al izateko, agintariak dauken baño asti geiago ta gogo obea bear dabez. Aspaldion errietako agintari nagusiak eurenak eztiran arazoetan sartzen dira larregi, diño XI Pi Aita Santuak. Arazorik txikienak be, eurak erabagi, agindu ta erabilli nai dabez: ori dala-ta, egunero esku bete zeregiñagaz dabiltz, gauza andiagoetarako asti barik. Gizartera aldakuntza azitxuak etorri dira-ta, antxiña gizabatz txikiak ondo ta erraz egiten ebezan gaua askotarako, gaur —sarri beintzat— gizabatz andiagoak bear dirala ba dakigu; baña ori ta guzti be, gizarteko auzi au ebatzi ta atondu al izateko, betiko egia dan auxe oñarritzat artu bedi, diño Aita Santuak. Gizon bakotxak bere antze ta indarrez egin dagikeana, orri kendu ta gizabatzari emon eta ezartea, bidegabea dan lez, olantxe gizabatz txikiagoak bere al eta indar utsez ondo egin dagikeana, gizabatz andiagoak eurakandutea be, bidegabea da, ta gizartearentzat kaltegarri.

        Agintari nagusiak gizabtz txikiagoak laundu bai, lagundu egin bear dabez; baña iruntsi ta irato, iñoz be ez. Ori dala-ta, agintari nagusiak, arazo guztiak euren eskuetara eroan barik, garrantzi gitxiagoko arazoen ardurea gizabatz txikiagoai itxi bear leuskioe. Utsunerik nabaritu ezkero, ori beteazo; baña osterantzean gizabatz txikiagoak ondo egin legikiezan gauzak, onein ardurara itxi. Orralan egingo ba'litz, agintari nagusiok euren eginkizun berezietarako eragozpen gitxiago ta asti, azkatasun eta indar geiago eukiko leukiez: gizarteko gauzak obeto ta zuzenago lebilkez ta estadua aberats eta zoriontsuagoa litzate. Aspaldiko jokerea bestera izan da: gizarteko arazo guztiak euren eskuetara eroan dabez agintari nagusiok eta gizabatz txikiagoai euren eskubideak kenduaz, onein bizitzea zearo irato dabe. Oker au zuzendu egin bear litzakela diño Aita Santuak; baña agintariak gizarteko ari guztiak euren eskuetan euki nai dabez-ta, oker ori bein-bein zuzenduko dan antz andirik eztago.

 

aurrekoa hurrengoa