www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XXV
GIZARTEKERIA TA ERRUSI'KO BASERRITARRAK

 

        Gizartekeri edo sozialismoa nagusi dala, etxagunik bat egiñik be ez litzateke izango. Baserritar guztiak estaduaren maizter izan bearko leukie. Ori ondoen dala, gizartekeriak ori baño txarragorik be ekarri leike ta. Estaduaren maizter edo errentadore izan bearko leukien baserritarrak, agintari-ordekoen begi zorrotza gañean dabela, ez litzatekez ondo ibilliko, baña maiztertzea be galerazo bear dan gauzea dala-ta, baserritarrai estaduaren solo ta lurretan, lantegitetako langilleen antzera, lan egin bearra ba'letorkie, orduan askoz be txarrago ibilliko litzatekez.

        Gizartekeriak berenez orraxe garoaz eta eretxirik zorrotzenetariko gizartekeri-zaleak orixe nai dabe. Errusi'n gizartekeria ala baltsakeria (komunismoa) nagusi zein dan ziur eztakigu. An nagusi, baltsakeria dala diñoe; baña, egia ete-da? Errusi'n euren eskuko, euren buraren jabe diran gizabatzak ete dagoz? Ango gizabatz ta errialde guztiak Moskou'ko agintari nagusien menpean dagozala obeto dirudi. Beste jaurgo guztiei batasuna arrerazoko dautsen agintaritza nagusi ipintea, ori ezta baltsakeriaren asmua, gizartekeriarena baño. Errusi'ko lurralde zabal guztia Moskou'ko agintarien menpean dagoala deritxat, onei gogoak emoten dautsenean, alde baten zein bestean yibitots izugarria ateraten dabe-ta. An naste-borraste andia dabillela badakigu-ta, gizartekeri ta baltsakeria be nastean dabiltzala esango neuke.

        Gure baserrietatik ola ta lantegietara doazen gazte batzuk Viva Rusia! deadarka bein baño sarriago ibilten dira. Zer diñoen ba ete-dakie? Nik ezetz uste. Errusi'ko baserritarrak zelan bizi diran jakitea, gazte orrei ta beste batzuri be ondo etorriko yakela uste dogu. Andi-andiak baño eztoguz aitatuko, ara joateko ta alan biziteko gogoa kentzeko, andi-andiok be naiko ta lar dira-ta.

        Boltxebikiak nagusi egin ziranetik ona, Errusi'n iru jaurkera edo gobernu-klase euki dabez eta beste orrenbeste bizikera ango baserritarrak be. Lenengo aldian gudari gorrien agintzapeko baltsakeria 1921'garren urteraño; gero Nep eritxon ondasunen jaurkera barria 1925'garren urterarte; arrezkero gudarien menpean barriro be baltsakeri edo komunismoa dauke. Errusi lur zabal andien jabe da-ta, estaduak guztiak beretu zituan; baña baltsan erabilteko eran erdiak baño asko geiago ezin ipiñi izan ditu, orretarako alak egin arren.

 

 

Errusi'ko baserrietarren bizikerea, zelakoa izan ete-zan Lenin'en agintzapean?

 

        Lenengo aldian lurrak era bitakoak ziran: batzuk estaduarenak eta onei sovhoz eritxoen; beste batzuk baltsan edo nastean erabillezan Lenin'en aginduz, orretarako alkartu ziran baserritarrak eta onei kolhoz eritxoen. Orrezaz gañera baziran baserritar batzuk solo ta bazterrak eurenak izan bai'liran, eurak landu ta erabillezanak be. Estaduak lurralde guztia baltsan ezin ipiñi ebalako, baserritar orrei bakean itxi eutsen. Ziñez, ori agintarien gogoko gauzea etzan izan; baña besterik eziñean, ez ikusi egiten eben.

        Estaduak urdalla andia, ori aseteko asko bear, eta lurrak ekarren zitu guztia berea zala esan eban, eta baserritarrai urte barruan biziteko ta barriro ereiteko beste itxita, enparai guztia kendu eutsen. Baña baserritarrak be zoroak ez izan ta urrengo urteetan bakotxak beretzat bear eban beste baño ez eben erein. Gosete izugarrai etorri zan eta bazan Errusi-aldean agin+karrask+otsa ta negarra baño etzana. Laguntasuna be bialdu yaken, orretan Aita Santua aurrenengo zala; baña ori ta guzti be milloe asko il ziran gosez.

        1921'garren urtean Lenin'ek bere asmuak porrot-egin ebala autortu bear izan eban. Gauzak nai ta ez aldatu egin bear zirala-ta, Nep izenaz dazagun ondasunen jaukera barria nausitu zan Errusi'n. Jaurkera barri onek baserritarrau lurren jabetzarik ezeutsen emoten, estadua baño beste jaberik ez egoala-ta; baña landu ta erabilli nai ezebezan lurren gozomena bai, ori emoten eutsen eta lurrak ekarrena, eurena bai'litzan saltzeko eskubidea be bai. Merkatuak be ipiñi ziran batean-bestean eta baserritarrai agintariak deadar egin autsen, esanaz: Aberats izateko aldia etorri yatzue-ta, aberastu zaitezte.

 

 

Eta zelakoa ete-da Stalin nagusi egin zan ezkero?

 

        Baña baserritarren zorion txiki orrek ez eban luzaro iraun. Stalin'ek barriro baltsakerira jo eban eta ango baserritarrak gudari gorrien begi zorrozpean, barriro be alper eta arlote askorentzat lan egin bearrean dagoz. Stalin dalako orrek lengo sovhoz eta kolhoz'ak berbiztu ebazan eta baserritar guztiei, nai ta ez, baltsa orreitan sartu eragiteko, tximizta gorriak erabilli ditu.

        Baziran Errusi'n be bazter onaren jabe ziran baserritar aberatsak: onei ango izakuntzan kulak deritxoe. Guztiak ago bete azurraz itxi ditu Stalin dalako morroi orrek. Kolhoz baltsan sartzeko agindu eutsen guztiei ta geienak nai ta ez sartu bear izan dira. Orretarako gogo txarra eukenai, bazterra kendu, sasi ta otaz beteriko mendi-aldapa idorra erakutsi ta esan eutsen: zuk zeure kontura lan egin nai dozu, ezta? Ba, darabilzun bazter au geurea da-ta, zeure kontura lan egin nai ba-dozu, antxe mendi-aldapan daukazu orretarako toki egokia ezin obea. Zoaz ara. Kulak edo baserritar etxagunok, ikaraz eta txarragoaren bildurrez, kolhoz baltsan sartu bear izan dira, bizi-al izateko orixe baño beste biderik eztabe euki-ta. Errukarraik benetan orrelan bizi diran baserritarrak.

 

 

Eta Errusi'ko lugiñak (nekazariak) orain zelan ete-dabiltz?

 

        Orain Errusi'n iru eratako kolhoz edo baserritar-batzak ei-dagoz. Lenengo mallako btzan dagozan baserritarrak, lurra mugarriz bananduta ei-dauke: bakotxak bere sallean lan egiten ei-dau ta orretarako bear dauzan abere ta tramankuluak be laketzen ei-dautsoez, artzen dauanetik onenbeste edo ainbeste estaduari emotekotan: ori zetan esan bez. Bigarren mallako kolhoz'ai artel deritxoe. Onelako batzan dagozan baserritarrak, lurra mugaz banandura barik, guztiak aldran ei-darabille: lankai ta abereak be guztienak ei-dira ta bakotxak guztientzat lan egin bear ei-dau: orraitik be bakotxari beien bat eta olloen batxuk edo, bereak bai'liran, eukitea laketzen ei-dautsoe. Kolhoz'ik bikañena irugarren mallakoa da. Onelako batzan bakotxak bere gauzarik ezertxu be ez ei-dauko; guztia baltsan ei-dago ta guztia guztiena ei-da. Ango agintarien begiko onexek azkenengo kolhoz'ok ei-dira ta baserritar guztiak onako baltsan sartzeko alak egiten ei-dabez.

        Ango baserritarrak —geienak beintzat— agintarien asmaketa ori begi txarrez dakuse: gudari gorrien menpean estaduarentzat guztiak aldran lan-egin bear orrek, neke gorriak dakartsez; olakorik ez leukie nai; baña bizi al izateko beste biderik eztauke-ta, gaxo andiak, gura nai gurez euren buruak buztarri astun orrn azpian ipiñi bear izan dabez. Errusi'n boltxebikiak etorri aurretik be, baserritar asko etziran ondo bizi; ori egia da; baña orain gizon be eztirala nekez eta lorrez bizi dira, gizonaren eskubide barik, zamarien antzera lan-egin bear dabe-ta. Ori orrelan izanik, Viva Rusia! deadarrez ibilteko gogoa bear da!

 

aurrekoa hurrengoa