www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XXVIII
GIZARTEKERIA TA ALOGEREKOAK

 

        Beargiñen lana alogeraz ordaintzea, okerkeri andia ta langille gaxoak joputza errukarrian eukiteko bidea dala diñoe sozialisten buruak. Ori dala-ta, oraingo ugazabok eta oneik langilleai damotsezan alogerok bein betiko kendu bear ei-dira, estadua baño beste ugazabarik iñongo iñon laketu baga. Ugazaba bakarra izango dan estadu onek, ordainbide-txartelak emongo ei-dautsez langilleai, ta biziteko nai jolasteko bear dabena, txartel orreinbidez erodi ta eskuratu al izango ei-dabe langilleak. Baña ordainbide-txartelok, zer dira? Ondo begiratu ezkero, estaduak langilleai emongo leuskioen alogera baño besterik ez. Au onelan izanik, alogeraren izena aldatuaz eta estadua ugazaba bakar egiñaz, zer aurreratuko ete-litzate? Ugazaba bakar onen menpean alogerekoak geitu ta ugaritzea baño besterik, ezer bez.

        Gizartea gexo andi ai-dago. Txarto dagoalako sendakai edo erremedio indartsua bear ei-dau. Bear dauan sendakai ori gizartekeriak ei-dakartso. Sozialisten buruak diñoe beintzat.

 

 

Egia ete-da? Gizartekeriak alogerean dabiltzan langilleen bizibidea, obetuko ete-leuke?

 

        Sozialistak baietz diñoe; baña diñoen ori on egiten, egia dala erakusten, eztakie. Ori on egitea gauza gatxa da izan be. Giartekeria nausituko ba'litz, edozelako ondasuna ekarteko gai ta bide diran gauza guztien jabe gizabatza ala estadua izango litzateke. Gauza orrein ugazaba izenez gizabatza ala estadua; izanez eta benetan gizabatzaren nai estaduaren buru ta agintariak, benetako ugazabak oneik izango litzakez, eta langilleak orrein otsein eta morroi. Lanak eta lanaren irabaziak banatzea, gizarteko agintarien ta onein ordekoen ardurea izango litzake. Agintari ta ordekoen aizkideak ondo ibilliko litzakez: enparauak gaur egunean baño be txartoago, estadua sabel andi ta biotz txikiko ugazaba da-ta.

        Gizartekeriak alogerekoen bizibidea asko obetuko leukela diñoen sozialistak. XIII Leon Aita Santuak bizibide ori txarragotu egingo leukela adierazo euskun, eta Aita Santuak zer ziñoan ondo ekian. Edozein langillek bere lanaren ordaña, bere alogera artzeko ezeze aloger orregaz naian dauna, bere ta berien mesederako ondoen deritxona egiteko be eskubide osoa dauko. Irabazietatik zerbait aurreratu ba-dagi ta arduraz bizita aurreratu dauan diruaz etxe naiz bazter bat erosi ba-dagi, eroditako etxe naiz bazter ori langillearen alogera baño besterik ezta; beste era baten bai, baña ñangilleak bere alogeretik aurreratu dauana da-ta, langilleak orrelan erositako etxe naiz bazterra, bere izerdiz irabazitako alogera baizen berea dau. Ondasunetzazko jaunza edo jabetzea orixe baño besterik ezta.

        Baña, sozialisten eretxiz, edozelako ondasuna ekarteko gai ta bide diran gauzen jaun eta jabe gizartea baño beste iñor ezin izan daiteke: gizon bakotxak orretarako eskubiderik ez ei-dauko: origaitik eskubide origizon bakotxari kendu ta gizarteari emon bear yakola diñoe; baña onelan alogerekoen bizibdea, obetu bearrean, txarragotu egiten dabel, nok ukatu? Lenengo ta bein langilleari bere izerdiaz irabazi dauan alogera ondoen deritxonez erabilteko aukeramen edo libertadea moztu egiten dautse sozialistak; gero, bere ondasuna, bere aziendatxua geitzeko itxaropen eta almena be errotik ebagi. Ori ta guzti be, gizartekeriak alogerekoen bizibidea asko obetuko leukela esango dauskue. Lotsa gitxi bear da ori esateko.

 

 

Ogasun ekarkorren edozein jabetza lapurretea dala diñoen sozialistok, burutik ondo ete-dagoz?

 

        Bakotxaren jauntza ta jabetzea lapurreta garbia zala esan eban Proudhon'ek. Lapurretaz eskaturiko guzur-jabetzarik eztagoanik eztiñogu; baña iruzurrez eta lapurretaz zerbati beretu daun edonor jabeari biurtu bearrean dagoala, Jaungoikoaren legeko zazpigarren aginduak diñosku. Proudhon'en esana sozialistak be sarritan erabilli dabe. Edozelako ondasuna ekarteko gai ta bide diran gauzen jabetzea gizon bakotxak beretu da-dagi, ori lapurreta garbia da sozialisten eretxiz. Ori diñoe beintzat; baña diñoen ori guzur birilla da.

        Guzurra dala ikusteko, egin daigun kontu langille bik zeregin eta irabazte bardiña daukezala: urtean bost milla bana lauerleko irabazten dabezala. Batak nasaitxu bizi nai dau: ondo jan, ondo edan, ondo jantzi, ara ta ona ibilli, au ta besta ikusi, jolastu ta atsegin artu. Orrelan bere irabazia urteri eralgi ta sautu daroa. Berea dau ta bereagaz ondoen deritxona egiteko eskubidea dauko —esan leike norbaitek—. Ori be ezta beti egia; baña eztaukanik be eztiñogu.

        Beste langillea arduratsu ta begiratuagoa da: bear-bearrekoa baño eztau eralgi nai; urritxu bizita, urtean bi milla lauerleko aurreratzen ditu. Etxagun izan nai leukela-ta, urten batzuen buruan aurreratu dauanaz etxaldea erosten dau ta etxagun egiten da.

        Langille biok zeregin eta aloger bardiña euki dabez; baña biak, bardin lan-egin ete-dabe? Ez orixe! Gizon askorentxat irabaztea baño irabazitik aurreratzea gatxago izaten da. Dirua aurreratzeko be burua naktu bear da-ta, bigarren langille onek birritan lan-egin dau: irabazten bein eta aurreratzen beste bein. Aurreratu dauan dirua irabazi eban alogera baizen berea dau. Erosi dauan etxaldea, aurreratu dauan diruaren ordaña baño besterik ezta-ta, aurreratu dauan dirua baizen berea daukala ezin ukatu. Dirua aurreratzeko ardurarik artu eztauan beste langillea ba'letorkio ta esango ba'leutso: «Aiskidea, lapurretan egin dozu: erosi dozun etxalde ori ezta zeurea, gizartearena baño, eta gizartearena dalako, zurea bestean neurea be ba-da». Au ondo ete-legoke? gauza zuzena ete-litzake? Bidegabekeri andia izango litzatekela edonok dakus, sozialistak izan ezik.

        Gizartekeria nausituko ba'litz, langille onek bere izerdi ta alegiñaz erosi dauan etxalde ori berea eleuke izango: lurrak landu, lurrak lekarkezan zitu, arnari edo frutuak saldu ta ortik biziteko eskubiderik eztaukala esango leuskioe benetako sozialstak, lurra ta nen zituak gizartearenak baño beste iñorenak ezin izan leitekezala-ta. Sozialistarik otzan edo mantsoenen eretxiz bem langille onek erosi dauan etxalde ori berea dauanik ezingo leuk esan: geienez be estaduaren maizter bai'litzan, etxaldea erabilten ordaña dauan etxaldearen errentea estaduari ordaindu bearko leudkio. Ori ta guzti be, sozialismoa gizartean zuzentasuna ipintera ta alogerekoen bizibidea obatzera datorrela esango dauskue. Siñestu dagioena ezta tentel makala!

 

aurrekoa hurrengoa