www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XXVI
BOLTXEBIKIAK ETA DUMPING'A

 

        Errusi'n baserritarrak txarto dabiltzanik askok eztabe siñestu gura. An garia ugari egon dala beste estaduei egin dautsen Dumping orregaz argiro erakutsi dabe-ta, ango baserritarrak txarto ta gosez ibiltea, zelan izan daiteke? Ori beneetan siñeskatxa da. «Lurrak bere emaitzak ugari dakartzanean, bizibidea merkeagoa izan oi da: Errusi'n lurrak bere zitu ta emaitzok ugari ekarri dauzalako, errusitarrak atzerrietan be gari, garagar, olo ta olako gauzak, beste iñok baño merkeago saldu al izan dabez, eta Ameriketa'ko erri batzuetan euren gariak saldu eziñik, erre egin dabezala be entzun dogu. Errusi'ko baserritarrak garia zenbat nai, atzerrietan erdi debalde saltzeko lagin artu ba-dabe, baserritarrak aek txarto ibiltea aiti be ezin leiken gauzea da-ta, olakorik eztogu siñestu nai». Askok ori esan daroe; baña ango agintarien asmuak ezagutu ezkero, gauza bi oneik, atzerrian garia merke saltzea ta baserritarrak txarti ibiltea errez alkartu gegikezan gauzak dira.

 

 

Errusi'ko agintariak ango gari, olo ta enparauak atzerrira, zegaitik bialdu ete-dabez? Eta ain merke, zegaitik saldu?

 

        Orixe jakin ezkero, matazea askatuta dago. Atzerritarren ederra irabaztearren ala iñori mesede egitearren izan ete da? Errusi'ko agintariak euren onaren billa dabiltz: dauken jaurkera edo agintzeari eutsi nai dautse. Atzerrietan Errusi'koaren antzik be eztauken jaurkerak nagusi diran bitartean, eurena ezin sendotu daitekela ba-dakie: ibilli ta ibilli, azkenean ankaz gora joango ez ete-dan bildur dira-ta, origaitik jaurkera orrek sakabanatu nai leukiez. Errusi'koaren antzeko matxiñadak sortu daitezan, atzerrietako agintariei albait eragozpen eta zoztorrik geien ipintea lakorik eztagoala-ta, asmu orregaz euren gariak atzerrietara biladu ta albait merkeen salgai ipiñi dabez.

        Ori egiñaz lortu nai izan dabezan gauzak, onexek dira: atzerrietako gairak bear bestean saltzea eragotzi, lugiñak praketan estu ipiñi, lur-langilleai matxiñadara bultz-egiteko, Errusi'ko langilleak ondo dabiltzala erakutsi, beste iñongoak baño obeto bizi dirala siñestu eragin.

 

 

Baña atzerrietara bialdu daben gari ori. Errusi'ko agintariak nondik eta zelan lortu ete-dabe?

 

        Atzerrian merke saldu dabela badakigu; baña merke saltze ori, zegaitik izan ete-da? Errusi'n bertan merkeago eskuratu dabelako, orixegaitik izan dala ezin ukatu; baña ango agintari bitxiak garia ain merke, zelan eskuratu ete-dabe? Ortxedago untzea. Diñoenez, baserritar gixaxoai eten barik lan egiñazo dautse, gudari gorrien agintzapian: gero langille errukarri arei biziteko lagin itxi ta enparaua kendu. Ori gure artean lapurreta garbia da; baña Errusi'n ez: an gauza guztiak estaduarenak dira-ta, ori ezta lapurretea, norberea eskuratzeabaño. Errusi'ko agintariak azeri bizkorrak dira-ta, ango garirik geienak duan eskuratu dabez, eta duan eskuratu dabezalako, edo obeto esateko, ango baserritarrai ostu dautsezalako, orixegaitik atzerrietan oso merke saldu al izan dabez; baña ori egiñaz, Errusi'ko baserritarrak zer irabazi dabe? Mesede baño kalte geiago ekarri dautsela zetan esan bez: augaitik atzerrietan garia merke saltzea ta Errusi'ko baserritarrak txarto ibiltea errez alkartu gegikezan gauzak dira.

        Eta ori orrelantxe izan dala jakiteko, burua ausi bearrik eztago. Lugintza edo nekazaritzan, errusitarrak Ipar-Amerikarrak baño aurreratuago ete-dagoz? Eztago olako masti-atxurrik! Lur lantzean be Ipar-Amerika Errusi baño askoz aurreratuago dagoala edonok daki. Errusi'ko morroiak garia Ipar-Amerika'ra be bialdu dabe ta —arrigarriago dana!— ara eroan ta gero, bertoko garia baño merkeago salgai ipiñi dabe. Mirari aundi ori, zelan egin ete-da? Errusi'ko agintariak ango baserritarrai euroen lana bear bestean ordaindu ba'leutse, mirari ori ezelan be ezingo eben egin. Mirari ori egin al izateko, Errusi'ko agintariak bide bat baño eztabe euki: lurrak dakarren guztia, estaduarena dala, ori ontzat emon ezkero, biderik errezena:baserritarrai bape ordaindu barik edo oso gitxi ordainduta, lan egiñazo; onein lanaz lurrak dakarrena, lapurreta barik, duan artu ta merke saldu. Estaduak iñorena duan beretu ezkero, merke saldu arren be irabazia dauko. Guztia estaduarena dala-ta, iñorena artu ta saltzen daben agintariok eztabiltz txarto; baña, lanaren irabazi barik gelditzen diran baserritarrak? Atzerrietan garia ain merke saltze ori, Errusi'n baserritarrak iñok uste baño txarrago dabiltzanaren ezaugarri argia da.

 

aurrekoa hurrengoa