www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

IX
GIZARTEKERI EDO SOZIALISMOA, ZENBAT ERATAKOA DA?

 

        Gizartekeri-zale guztiak aburu edo eretxi bardiñekoak ez dirala esan bear dogu. Izan be, aldi bateko gizartekeria alderdi bitan, batez be, zatitu da: alderdi batari baltsakeri edo komunismoa deritxo; bestea lengo izenaz gelditu da. Alderdi bi oneik alkarri gorroto bizia dautse ta aspaldian be bata-bestearen aurka dabiltz. Baltsakeria bere burubide, eretxi ta asmuetan gizartekeria baño zorrotz eta errotikoagoa da; orraitik be elburuan baño orra eltzeko bideetan alkargandik urrunago dabiltz.

 

 

Baltsakeriaren asmuak, zeintzuk dira?

 

        Baltsakeri edo komunismoak bere eretxi, asmu ta gurariak lotsa ta bildur barik azaltzen ditu: gizarteko mallak eratsi ta bardindu arte, langilleak ugazabai etenbako gudua egin bear dautsela ta bakotxaren jauntza edo jabetzea errotik, eta zearo kendu bear dala, kolpekerietan ibilli barik, argi ta garbi irakasten dau.

        Erlejiñoa langilleak lotan eukiteko opioa baño besterik ez dala-ta, Jaungoiko, ezkontza ta sendi edo familiaren izenik entzun be eztau nai. Onen alde dabiltzanak, gizon azarri, gereka ta urduriak dira. Guztia guztiena ta ezer bez iñorena; gizon azarri onein gudu-zantzoa orixe da. Elburu ori, gerora begira egon barik, indarrez eta matxiñadaz albait lasterren lortu nai leukie. Orretarako bide guztiak on, egoki ta zuzenak ei-dira: orraitik be jo ta kea ateratez, biderik laburrena: augaitik geldi-geldika, geienen eretxiz eta autarkien bidez orra eltzeko asmua darakusen sozialistak, gizon txepetx eta euli epel batzuk baño ez ei-dira.

        Baltsakeri ta gizartekeriaren artean beste alde andi bat be badago; baltsakeri-zaleak oraingoan antzeko estadurik ez dabe nai; euren buruen jabe ta eskuko izango diran giza-batzak ipiñi nai dabez, eta gero, ondo ba'litz, bata besteagaz alkartu, baña guztien buru izango dan jaurgo ta agintaritza barik.

        Bere muga-barruan diran ondasun guztien jabe langille-batza egingo da: egin bear diran lanak eta ortik datozan irabaziak banandu ezkero, ondo biziteko lagin guztientzat egongo ei da.

 

 

Eta gizartekeriarenak, zeintzuk?

 

        Gizartekeri-zaleak, ostera, estadua bearrezkoa dala diñoe: erri-jaurgo edo errepublikea bai, baña agintaritza nagusi ta guzti. Edozelako ondasuna ekarteko gai ta bide diran gauza guztietzaz estadua jabetuko ei-da: guztien eta bakotxaren lana ta onen irabazia be estaduak berak bananduko ei-dauz gizartean, eta norbait atsegin-pozez ezpa'lego, gauza ona zer dan ez dakialako izango ei-da. Errusi'n besterik egin dabela badakigu. Izan be, ango erri ta erki guztiai buztarri gogorra ezarrri dautse Moskou'ko agintariak. Guztien eta bakotxaren lana ta onen irabazia be estaduak berak bananduko ei-dauz gizartean, eta norbait atsegin-pozez ezpa'lego, gauza ona zer dan ez dakialako izango ei-da.

        Gizartekeria, bere bideko asmu ta egintzetan, baltsakeria baño gaza ta biguntxuagoa dala esan dogu. Eta eiz, bere elburura biurrikeriz eta indarrez barik, geienen eretxiz eta autarki edo botoen bidez eldu nai leuke: langille ta ugazaben arteko burrukea pizka bat gazatu daroa ta gauza batzuen jabetzea, ondasuna ekarteko gai eztirianena batez be, gizon bakotxari laketu leikeola uste dau.

        Onetan gizartekeri-zale diranen artean batasunik ezta agiri. Jabetza guztia bakotxati zearo kendu bearrik eztagoala diñoe batzuk: gizarteari on eta mesede andiak egin dautsazanak, nasi biziteko lagin emongo dautsan ondasunaren jabe izateko eskubidea badaukala autortzen dabenak be badira: beste batzuk jabetzea bera baño ondasun andien jabetzeak dakarren almen eta indar larregia, gizartetik baztertu nai dabela dirudi; baña geienak, langille ta ugazaben arteko burrukea pizka bat gazatu arren, burruka ori izteko asmurik eztauke ta gauzarik geienen jabetzea be errotik kendu nai leukie. Gizarteko mallak bardindu egin bear ei-dira ta edozelako ondasuna ekarteko gai ta bide diran gauza guztien jabe estaduak baño beste iñok ez ei-dau izan bear.

        Baltsakeria ta gizartekeria, euren elburuan baño arako bidean alkargandik urrunago dabiltzala esan dogu, ta ori egia dala edonok dakus. Lenengoak, edozein ondasun ekarteko gai diran gauza guztien jabe, giza-batzak egin nai leukez: bigarrenak, estadua. Baña naiz batera naiz bestera izan, gizon bakotxak jauntzarik eleuke eukiko; ondasunen jabe izateko eskubiderik bez. Garrantzirik andiena daukan arazo onetan, bial batera dagoz, ta bata bestea baño gaziago ala gazeago izatea baño beste alderik eztauke.

 

aurrekoa hurrengoa