www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

II
BEÑOLAKO KRETA ETA ESPARTA

 

Baltsakeria orain arte egundo gizartean ezagutu eztan asmakizun barriren bat ete-da?

 

        Baltsakeria edo komunismoa orratzetik arako jantzia, labatik arako opilla dala uste dabe babalasto batzuk; baña eguzkiaren azpian gauza osoro barririk, aurrerago iñoz ezagutu ez danik, ba ete-dago gero? Olako zerbait ba'lego be, baltsakeria ez da olakoa, antxiñako Kreta-ugarteko biztanleak baltsan bizi ei-ziran. Txarto ala ondo, ori eztakigu; baña gaur eguneko baltsazale ameslariok uste daben baizen bizikera zoragarria izan ba'litz, luzaroago iraungo ebala deritxat.

        Antxiñako Esaparta'n be baltsakria izan zan ainbat urtean nagusi. Likurgo'ren oñarri-legeak ogeta emeretzi milla ataletan zatitu ebazan ango lurrak, biztanle azke guztiak ondasunetan bardintzeko asmuz. Lur-sail guztien jabe estadua zan: sail bakotxa erabilianak, orren gozamena baño beste eskubiderik ez eukan. Illotak eritxoen jopuak, barriz, lurrak lantzen ekin arren, ez euken gozamenik be. Gixaxo andi aek, ezeren jabe ez izateko, euren buruen jabe be etziran, eta gizon azkeen baltsan sartzeko eskubiderik be ez euken. Orain be gizartean baltsakeria nausituko ba'litz, jopu edo erdi-jopu askok izan bearko leukie.

        Espartarren bardintasuna osoagoa izan eiten, jai-egunez gañera illean birritan gitxienez, guztiak batera ta janari bardiñak jan eroezan; zuku baltza ta beste zerbait. Mizkeririk iñoz be ez. Gizaseme ta emakume guztiei aziera ta eziera bardiña emoten eutsen erri aretako zuzentzalleak: gorputza indartu ta sendoagotzeko berbiziko kirol eta ekiñaldiak, gogoa lantzeko ain bearra dan azi-ikaskuntza barik.

        Bere erria gudari bikaña egitea izan zan Likurgo'ren asmua. Erkin eta makal jaioten ziran umeak, estaduari kalte ekarteko baño etziriala-ta, il egiten ebezan erruki gitxigaz. Bakotxaren eskubideak estaduak iruntsi ebazan Esparta'n. Irurogei urteraño gudari izaten ziran espartarrak, eta gudarien jaurbide gogorpean bizi ziran gizon eta emakume guztiak. Gudari antzo bizi zan Esparta zer eta zelakoa zan Pelenta'nek diño labur eta ederto: zuku baltza janaz aize garbitan gudaletxeko bizikerea egiten eban erria, orixe zan aldi bateko Esparta. Gizadiaren aurrerapenerako guztiz gitxi egin eban beñolako Espartak; oraingo baltsakeriak geiago egingo leukenik ez uste.

 

aurrekoa hurrengoa